23 urteren ondoren Mikel Antzak beste liburu bat argitaratu du, eta gaur aurkeztu dute, Donostian: Ospitalekoak (Susa). Josu Landa editorearen ustez, Antzak, 80ko hamarkadan erakutsi zituen dohaiei eusteaz gain, estilo aldetik "eboluzioa" izan eta "idazkera helduagoa eta estilo umotua erakutsi du". Idazlea Fresnesko kartzelan (Frantzia) dago, etakidea izateagatik -2004ko urrian atxilotu zuten-.
Ospitalekoak du lehen nobela, eta liburuko protagonistak egilearekin antzekotasun batzuk ditu: biek 'Mikel' dute izena, Donostian jaio ziren 1961eko ekainean, Frantziako kartzela batean daude preso; eleberrikoa erietxean dago, elbarritua, gurpil-aulkian. Neska-lagunari idazten dio egoera horretara nola iritsi den. "Ospitalekoak errealismo gordineko nobela dela pentsa badaiteke ere, ez da inondik ere hala", dio Josu Landak.
Antzak Susa argitaletxearen eta izen bereko aldizkariaren sorreran hartu zuen parte. Josu Landa, Iñaki Uria, Xabier Montoia, Mikel Hernandez Abaitua, Eneko Olasagasti, Pablo Sastre, Maripi Solbes, Joxerra Utretx eta beste hainbatekin batera sortu zuen Susa.
80ko hamarkadan bi ipuin liburu kaleratu zituen: Lehen bilduma 82-84 (Susa, 1985) eta Odolaren usaina (Susa, 1987). Baita antzerki lan bat ere, Iñaki Uriaren laguntzarekin: Beteluko balnearioko mirakulua (Susa, 1985). Itzultzaile lanak ere egin zituen: Jean Geneten Zaindaritza zorrotza (Susa, 1991) eta Lau orduz Xatilan (Susa, 1991) itzuli zituen, eta Peter Handke, Daniil Kharms eta Paul Eluarden hainbat lan euskaratu Susa aldizkarirako.
literatura
Mikel Antzaren "idazkera helduagoa"
Gaur aurkeztu du Susak haren aurreneko nobela: 'Ospitalekoak'. 23 urte zeramatzan Antzak ezer argitaratu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu