Abuztuaren 4tik irailaren 5era artean izango da aurten Donostiako Musika Hamabostaldia -70. edizioa; gaur aurkeztu dute-, eta abuztuaren 8an Mikel Laboa zena (Donostia, 1934-2008) omenduko dute, musikaren bidez zuzenduriko ikusentzunekoan. Victoria Eugenia antzokia izango da ekitaldia, 20:30etik aurrera, Laboaren munduak izenpean.
Josetxo Silguero izango da abeslariaren omeneko ekimeneko zuzendaria. Beste partaideak: Mari Cruz Irazabal (eszena zuzendaria), Javier Larreina (eskenografia), Iñaki Salvador (pianoa eta akordeoia), Bernardo Atxaga (errezitatzailea), Ruper Ordorika (ahotsa) eta Kirikokeka Taldea (txalaparta).
Joan den abenduaren 1ean hil zen Laboa, gaixotasun batez ondorioz. Euskal kantagintzak emandako abeslaririk onenetakoa izan da.
Jardunaldi horrekin batera erakusketa eta mahaingurua ere egingo dituzte abuztuaren 8an, Victoria Eugenian, 18:00etatik aurrera, "Laboaren bulkada artistikoak islatzeko".
Musika Hamabostaldian, horretaz gain, aurten ere opera, balleta, orkestra sinfonikoak, ganbera talde txikiak, organo erromantikoa, abesbatzak, musikagile garaikideak, haur ikuskizunak... egongo dira. Kursaala eta Victoria Eugenia izango dira egoitza nagusiak. "Musika Hamabostaldiak heldutasuna erdietsi du eta horrek etorkizunari ilusioz, anbizioz eta irmotasunez begiratzeko aukera ematen dio", diote arduradunek. "Hala, jaialdiak publiko berriak bilatzeari ekin dio, musika klasikoko jaialdi guztiek duten erronkarekin bat eginez". Aurten ere Gipuzkoako zenbait herritan egingo dituzte ekitaldiak.
musika