Mikel Laboaren (1935-2008) errepertorio zabaletik harturiko 19 kantuk osatzen dute Bidehuts musika kolektiboak plazaratu duen Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak izeneko disko bikoitza. 19 kantu, 19 talde desberdinen eskutik, nork bere esparrura eramanez, nork bere nortasuna erantsiz, baina jatorrizkoaren esentzia errespetatuz. Izan zitezkeen beste horrenbeste ere, baina talde bakoitzak egindako haututik abiaturiko diskoa osatu dute.
Honakoa da kantu eta taldeen zerrenda:
Lehen diskoan:Gaztetasuna eta zahartzaroa (Willis Drumond), Ñao es tu, facultade de sentir (Hotel + Miren Iza), Liluraren kontra (Berri Txarrak), Xoxo beltza (Xabier Montoia), Haize hegoa (Zura), Baga Biga Higa (Amodio), Aintzinako bihotz (Anari), Negu hurbila (Dilistak) eta Txoria txori (Akauzazte Danok).
Bigarren diskoan:Ama hil zaigu (Ama Say), Gure bazterrak (Ruper Ordorika), Gure hitzak (Lisabö), Kirru (Gabon Caligula), Langile baten galderak liburu baten aurrean (Inoren Ero Ni), Lizardi (Atom Rhumba), Bedeinkatua (Gora Japon), Lili bat (Audience), KomunikazioIinkomunikazioa (Borrokan) eta Zaude lasai (Mursego+Eten).
Donostiako Doka Kafe Antzokian aurkeztu dute gaur Laboari egindako omenaldi diskoa, diskoan parte hartu duten hainbat musikari eta Marisol Bastida Laboaren alarguna bertan zirela. “Beste omenaldi bat gehiago da, gure ikuspuntutik egina”, azaldu du Asier Zulueta Bidehusteko kideak. Bidehuts osatzen dutenek beraien ikuspuntua erabili dute, hain zuen ere, diskoan parte hartu duten talde eta bakarlarien zerrenda osatzeko. Horretxek sortu die burukomin handiena: “Izan zitezkeen beste talde eta bakarlari batzuk ere, jakina. Ahal bezainbat zabaldu dugu hautaketa baina muga bat ere bagenuen”, zehaztu du Karlos Osinaga Bidehuts eta Lisabö taldeko kideak.
Kantu gehienak Tolosako Bonberenean grabatu zituzten, Osinaga bera soinu teknikari zela. Ramon Martinez Zabalegi arduratu da diseinu eta arte lanaz. Disko bikoitza CD edota binilo formatuan eskuratu ahal izango da.
[YouTube]http://www.youtube.com/watch?v=SQ992hNwbqs[/YouTube]
musika
Mikel Laboaren 19 kanturen bertsioz osaturiko diskoa kaleratu du Bidehutsek
Talde bakoitzak bere esparrura eraman du kantu bakoitza jatorrizkoaren esentzia errespetatuz ‘Txinaurriak’ lan berrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu