kultura

Mikel Markez-Pako Aristik eta Ainara Gorostitzuk irabazi dute Tene saria

Benito Lertxundiri buruzko proiektu bat dute lehen biek, eta etorkinen ingurukoa Gorostizuk. Hemendik urtebetera aterako dituzte liburuak.

2011ko otsailaren 10a
16:55
Entzun
Benito, plazer bat izan duk Mikel Markezek eta Pako Aristik elkarrekin aurkezturiko proiektuari eta EtorkiZUnak Ainara Gorostitzurena dira Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene sariaren irabazleak, sariaren arduradunek Donostian gaur jakinarazi dutenez.

2010eko deialdian aurkezturiko "lanen kalitatea" aintzat hartuta, Tene saria bitan banatzea erabaki du bekako epaimahaiak (Lorea Agirre, Alberto Barandiaran eta Elixabete Garmendiak osaturikoak). Udalak, berriz, epaimahaiaren eskaria aintzat hartuz, bikoiztu egin du sariaren diru kopurua: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat.

Benito Lertxundi kantariarekin urteetan egindako bazkari eta bazkalosteko hizketaldietan oinarrituta prestatu dute proiektua Markezek eta Aristik. Haren testigantza eta gogoetak modu literario batean jaso nahi dituzte.

Gorostitzuk, berriz, EtorkiZUnak egitasmoarekin immigrazioaren errealitatea etorkinen euren ikuspegitik kontatu nahi du.

Egileek urtebete izango dute proiektuak liburu formatuan gauzatzeko, eta 2012an kaleratuko ditu Elkar argitaletxeak.

Aristi (Urrestilla, Azpeitia, 1963) idazle, kazetari eta gidoigilea da, liburu eta erreportaje askoren egilea. Markez (Errenteria, 1971) kantari gisa da batez ere ezaguna, baina bestelako lanak ere egin ditu, betiere musikaren zabalkundean, hala nola Trikitixa elkartean, Herri Irratian eta prentsan.

Gorostitzu (Ataun, 1981) Euskal Filologiako lizentziaduna da, eta euskal prentsa idatzian ibilia: Euskaldunon Egunkaria-n aurrena, eta BERRIAn gaur egun. ZuZeu albistari digitaleko kolaboratzailea da. Liburu bat ere badu, Nerea Eliasekin batera egina: Eta gerra etorri zen. 36ko gerraren eragina Ataungo eguneroko bizimoduan (2008).

"Gure historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak eta ikerketak bultzatzeko" sortu zuten Debako Udalak eta Elkarrek Tene saria, Debako alaba Tene Mujika idazlearen omenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.