Mila orrialdeko abentura

Ibai Mendinuetak hainbat euskalkitan idatzi du 'Xenda bi ez duk lizentzi' nobela, eta bere kabuz argitaratu

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Irakurtzen hasi aurretik ere irakurlea aho zabalik uzten duen liburua da Ibai Mendinuetak (Donostia, 1977) bere kabuz argitaratu berri duen nobela, 1.050 orrialde baititu, ondo maketatuak eta dotore diseinatu eta ilustratuak. Xenda bi ez duk lizentzi du izenburua, eta Sasoiak hondar bustiyetan I azpi-izenburua. «XVI. mendean kokatua dago, eta garai hartan gerratik ihes egitea lortu zuten arrantzale batzuek, Potrobizargorri ezizenekokapitaina buru zutela, itsasoko lapurretei nola heldu zieten kontatzen du, batetik», azaldu du egileak. «Bestetik, pixkanaka, beste pertsonaia batzuk ere agertuz doaz, musikarekiko [Ilbeltza taldeko kidea da Mendinueta] nahiz itsasoarekiko lotura sendoa dutenak eta ahal bezala bizi direnak».

Tamainaz gain, nobelaren beste berezitasun aipagarri bat idazkera da, «zenbait euskalkitara gerturatuta» idatzi baitu egileak. «Kontakizunean hizkuntza bizirik balego bezala, batzuetan euskalki baterantz gerturatzen da, besteetan beste baterantz, itsasertzeko olatuen eran. Gipuzkoa eta haren mugak ukitzen dituzten hizkeretako batzuk erabili ditut, batzuetan elkarren artean nahasirik, besteetan definituxeago akaso, uneren batean Bizkaiko itsasertzeko hizkeratik gertu, noizean behin Nafarroako Sakanan belarria jarrita, Lapurdin ere muturra sarturik, Goierrin zango bat, Altza inguruetan bestea…».

Diseinua berak eginda, liburuaren ehun ale inprima ziezazkioten enkargatu zuen Mendinuetak, eta horrela iritsi da liburua plazara. Liburuaren tamainaren ondorioz, gastua ez da makala izan: 1.500 euro jarri behar izan ditu idazleak. Bere kabuz argitaratzea erabaki aurretik, argitaletxe batera eraman zuen nobela, baina ez zioten argitaratu nahi izan. «Esan zidaten lehenengo gauza izan zen gaur egun euskalkian idatzitako libururik ez dela argitaratzen».

«Berezko hizkera»

Batua «beharrezkoa» da, «baina baita euskalkiak ere», Mendinuetaren ustez. «Gustura sentitu nahi nuen idazten ari nintzenarekin. Buruan neukan istorioak hala behar zuen, euskalkiz idatzia, bestela arima galduko zukeen liburuak. Nobelako pertsonaiek, baita kontalariak ere, berezko dute hizkera hau; ezingo zuketen batuan egin arraro sentitu gabe, eta neroni ere ez nintzateke neroni bestela, idazle lanetan edo artelan bat egiten saiatzen ari den pertsonaren ikuspegitik. Nolanahi ere, euskara batura asko gerturatu naizela uste dut, orokorrean».

«Literaturari dagokionez, arteari loturik ikusten badugu, norberak iruditzen zaion eran idazteko eskubidea izan behar luke», Mendinuetaren ustez. «Euskalkian, batuan nahiz beste batu batean izan, batu hau asmatua baita azken batean. Euskalkian idatzita egoteak ez luke arazo izan behar argitaletxeen aldetik».

Kontaketan, pertsonaien abenturak dira ardatz nagusia, eta abenturazko nobelatzat har daiteke. «Baina eguneroko bizitzako kontakizunez osatutako istorio bat ere bada. Horretaz aparte, idazkerak ere pisu handia du, nire iritziz». Liburuarekin «batzuetan irribarrea, besteetan tristura» transmititu nahi dio irakurleari, «eta, orokorrean, irakurriz gozatzea». Horretaz gain, «buruhausteren bat ere» sortu nahiko lioke, «noizean behin».

Nahiz eta azpi-izenburuaren amaieran I zenbakia jarri, nobela honek ez duela jarraipenik dio egileak. «Liburuak, hasiera duen bezala, amaiera ere badu. Ez du jarraipenik behar. Baina beste istorio batzuk etorriko dira hurrengo liburu batzuetan, bukatzeko aukerarik baldin badaukat behintzat, liburu honetako pertsonaiekin loturarik dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.