Milaka lanordu minutu gutxian

Felix Ibarrondoren pianorako obra osoa disko batean argitaratu dute, Alfonso Gomez pianistak interpretatuta

Ainhoa Sarasola.
Errenteria
2011ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
«Zenbat musika urte egon daitezke disko honetan?», galdetu dio Jon Bagues Eresbileko zuzendariak Felix Ibarrondo konpositoreari. «Bizitza oso bat», erantzun dio. «Kanpotik inork ezin du irudikatu musika minutu bat sortzeak zer-nolako lana eskatzen duen, horren atzean zenbat milaka ordu dauden. Bi hilabete egon zaitezke horretan, egun osoz, eta bi minutu sortu. Eta ni azkarra naizela diote», azaldu dio, irribarrez. «Lan motela, gogorra eta sakona da; bizi egin behar da ulertzeko». Solasaldi hori izan zuten bi lagunek atzo, Errenterian (Gipuzkoa), L'oeuvre pour piano diskoaren aurkezpenean. Konpositore oñatiarrak pianorako sortutako lan guztiak bildu dituzte diskoan.

Azken berrogei urteetan konpositoreak sortutako zazpi obrak osatzen dute lana. Silencios ondulados da aspaldikoena (1975), eta Alado grito trilogia osatzen duten piezak berrienak. Sinkro zigiluak argitaratu du, eta Alfonso Garcia de la Torre aritu da zuzendaritza artistikoan. Musikaste euskal musikaren astearen harira aurkeztu du diskoa Jon Bagues Eresbileko zuzendariak. Piezak interpretatzeko ardura, Alfonso Gomez piano jotzailearena izan da.

Elkarlana, funtsezkoa

«Pianista gasteiztar ezezagun» bati konfiantza emateagatik eskerrak eman dizkio Gomezek Ibarrondori. Duela bizpahiru urte deitu zion Gomezek musikariari, haren obrak jo eta grabatzeko gogoa zuela esateko. Bien arteko elkarlana ekarri du gogora piano jotzaileak. «Bi urtez aritu gara elkarlanean, eta entsegu eta saio guztietan izan da Felix. Oso pertsona atsegina da, baina badaki zer nahi duen, eta zerbait gustuko ez badu, esan egiten dizu. Gogoan dut hasieran esan zidala ez bazegoen perfektu ez zela grabatuko». Haren zorroztasuna atseginez gogoratzen du Gomezek, eta esperientziatik asko ikasi duela dio.

Pianistaren deia jaso eta harekin geratu zenekoa kontatu du Ibarrondok, irribarrez. «Mutil serio bat agertu zen, eta esandako orduan, gainera; sintoma ona zen hori! Barca loca jotzen hasi zen, eta pentsatu nuen, 'ez dago gaizki, ondo dago, zoragarri dago... miragarria da!'». Gomezekin elkarlana ederra izan dela dio. «Niretzat funtsezkoa da konpositorearen eta interpretearen arteko harremana, pertsona batek egindako musika baita, eta kontaktua oso garrantzitsua da obra interpretatzeko». Sortutako lanak ez ezik, islatu nahi zuen hori jasota geratzea poz handia da harentzat. «Egin dudanaren eta egin nahi nuenaren lekuko bizia da».

Elkarlanak Ibarrondoren lana hobeto ezagutzea ekarri dio pianistari. «Organikoagoa, biziagoa den zerbaiten gisan ikusten dut orain». Behin konpositoreak lortu nahi duen «puntua» harrapatuta, interpretatzeko askatasun handia utzi diola azaldu du. Garrantzitsutzat du hori Ibarrondok, «obra ez dagoelako paperean betikotua; interpreteak paperean dagoen guztia egiten badu, menderatzera iristen bada, gero nahi duen guztia egin dezake. Obra izaki bizidun baten modukoa da jotzen duzun bakoitzean».

Pianorako sortu izan du pieza gehien konpositoreak; «pianoa ia nire zati bat bezala bizi dut». Konposizio lana, berriz, ezin dela hitzez azaldu dio. «Teknika asko daude soinuei batasuna emateko, baina hori nire barruko batasunetik egitea da zaila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.