Zinema estreinaldiak

Min egiten duten ispiluak

Todd Haynes zinemagile estatubatuarrak zera kontatu du 'May December' filmean, 1990eko hamarkadan egunkariak bete zituen bikote baten bizitza ikertzera doan aktore baten istorioa; errealitatean inspiratutako eta polemikaz beterikoa.

(ID_13615618) (/EZEZAGUNA) may
Natalie Portman eta Julianne Moore aktoreak, 'May December' filmaren irudi batean.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko otsailaren 21a
05:05
Entzun

Elizabeth Berry fama handiko aktorea da, eta Savannahra joatea erabaki du bere proiektu berria jorratzeko, antzeztu behar duen pertsonaiaren inguruko ikerketa egitera. Izan ere, film berria 1990eko hamarkadako gertakizun polemiko batean oinarrituta dago: Gracie Atherton-Yooren eta Joe Yooren arteko harremanean. Gracie, hain zuzen, bi alaba eta senarra zituen 36 urteko emakumea zen, eta Joe, berriz, animalia denda batean harekin lan egiten zuen 13 urteko mutikoa. Elkarrekin sexu harremanak zituztela argitara atera zenean, Gracie atxilotu eta kartzelan sartu zuten. Kondena betetzen ari zela jaio zen bikotearen lehen haurra, eta irtetean, ezkondu, eta beste bi haur izan zituzten, egun nerabeak biak ere. Elizabethek Gracieren azalean jarri behar du, eta emakumearen bizitzari buruz ikastera joan da bikotearen etxera.

Samy Burchen gidoiarekin, Todd Haynesen film berria polemikaz inguratuta egon da. AEBetan estreinatu zenean, Vili Fualaauk (filma inspiratu zuen gertakizuneko mutikoa, egun 40 urteko gizona) komunikabideei adierazi zien Haynesen filmak ez zuela errealitatean gertatu zenarekin zerikusirik, eta errespetu falta bat iruditzen zitzaiola harekin hitz egin ez izana, gertakizunaren nondik norakoak kontatu zitzan. Natalie Portmanek eta Julianne Moorek (filmaren protagonistek) Haynesen eta filmaren produkzioaren defentsa egin zuten, adieraziz istorioa 1990eko hamarkadako gertakizunetan inspiratuta dagoela, baina hasieratik argi zutela istorio original bat zela. Deklarazio horiek, era berean, asaldura eragin zuten, eta Hollywoodek pertsona errealen bizitza inolako ardurarik gabe ustiatzeko erraztasuna duela azaleratu zen. Era berean, filmari sexu erasotzaile baten erretratu anbiguo bat egin izana aurpegiratu zaio, baita zigor judiziala tramatik kanpo utzi izana ere.

Istorioa kontatzeko zein tonu erabili etengabe auzitan jartzen ari dela dirudien honetan, ispiluak erabili ditu zuzendari estatubatuarrak manipulazioa, abusua, komunikabideen ardurarik eta antzeko gaiak lantzeko. Kartzelak diren ispiluak dira, min egiten dutenak, hotzak, gordinak; eta zinemaren eta bizitza beraren isla eskaini nahi dutenak.

Kritikaren esanetan, Haynesek pelikula deseroso bat egin du. Melodrama eran kontatua, eta umorea erabiliz, ikuslea alde batetik bestera eramango du, pantailan ikusitakoa eta azalean sentitutakoa auzitan jarraraziz. May December-ek(adin tarte handia duten bikoteak izendatzeko erabiltzen den esapidea) mugarik ez duten pertsonaiak erretratatzen ditu, abusua praktika ohikoa bilakatu dutenak, eta, aldi berean, gertatzen ari den horrekiko deskonexio harrigarri bat dutenak.

'May December'

Zuzendaria: Todd Haynes. Gidoilaria: Samy Burch. Istorioa: Alex Mechanik. Aktoreak: Natalie Portman, Julianne Moore, Charles Melton. Argazkia: Christopher Blauvelt. Musika: Marcelo Zarvos. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 113 min. Herrialdea: AEB. Estreinaldia: Otsailaren 23an estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

 

Beste estreinaldi batzuk:

'Negu hurbilak' filma / Jone Laspiur
Jone Laspiur aktorea, Negu hurbilak filmeko irudi batean.

'Negu hurbilak'

Euskal Herriak duen gatazka luzea amaitzen ari dela dirudi 2011n. Neska gazte batek ihes egiten du, helburu argi batekin: muga zeharkatzea. Badaki horrek bere jaioterritik urrun eramango duela, bertan ez baitago seguru. Bere ihesaren erdian, Zubietara iritsiko da, antzinako mitoek eta gatazka modernoek bat egiten duten mugako herri batera. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutaturik, itxuraz mugiezina den egunerokotasuna ikusten hasiko da. Denbora igaro ahala, denbora zehaztugabe eta lausoa, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren denbora horretan, gaztearen ihesa gero eta astunagoa eta korapilatsuagoa bihurtzen hasiko da.

Zuzendaritza: Negu Kolektiboa (Ekain Albite, Nicolau Mallofre, Adria Roca, Mikel Ibarguren). Gidoilariak: Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofre, Xalba Ramirez, Adria Roca. Aktoreak: Jone Laspiur. Argazkia: Javi Seva. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Euskal Herria.

 

'One Life'

Praga, 1938. Hiria nazien eskuetan erortzeko zorian dagoen bitartean, Londresko bankari batek ahalegin guztiak egingo ditu kontzentrazio esparruetan heriotza seguru bati aurre egin behar dioten ehunka haur salbatzeko. Bere bizitza arriskuan jarriz, Nicholas Wintonek konboiak antolatuko ditu Ingalaterrara, non 669 haur juduek aterpea aurkituko duten.

Zuzendaria: James Hawes. Gidoilariak: Lucinda Coxon, Nick Drake. Biografia: Nicholas Winton. Aktoreak: Anthony Hopkins, Johnny Flynn, Helena Bonham Carter. Argazkia: Zac Nicholson. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 110 min. Herrialdea: Erresuma Batua.

 

'La estrella azul'

1990eko hamarkada. Mauricio, espainiar rock musikari ospetsua, Latinoamerikara joango da bere bokazioarekin topo egiteko nahiarekin, adikzioaren mamua atzean utzita. Han, Don Carlos ezagutuko du, bere garairik onenean ez dagoen musikari zaharra. Bere herrialdeko folkloreko abestirik ospetsuenetako batzuen egilea izan arren, nekez lortzen du bere fakturak ordaintzea. Carlosek eskuzabaltasunez hartuko du bisitari arrotza, eta haren maisu bilakatuko da.

Zuzendaria: Javier Macipe. Gidoilaria: Javier Macipe. Aktoreak: Pepe Lorente, Cuti Carabajal, Bruna Cusi. Argazkia: Alvaro Medina. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 129 min. Herrialdea: Espainia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.