Duela 80 urte jaioa—1932ko urriaren 27an— eta duela ia 50 urte hila —1963ko otsailaren 11n—, Confessional Poetry edo poesia konfesionala deitutako joeraren ordezkari nagusietako bat da Sylvia Plath, poesia anglosaxoia aztertzen duten adituen taxonomietan; Robert Lowellek zabaldu zuen bidearen urratzaile gorenetekoa, Anne Sextonekin batera.
Bizi zelarik poema liburu bakarra argitaratu zuen, The Colosssus. Harrera ona izan zuen, baina inondik inora ere ez poema haien egilea mundu osoan erreferentzia ezaguna izatera iritsiko zenik pentsarazteko adinakoa.
Ariel poema liburuan lotu zitzaion indar handiz poesia konfesionalaren bideari, eromenetik gertu dagoen kontzientzia bat erakusten duten hausturak muturreraino eramaten dituen poesia landuz; mina indar bihurtzen duen poesia. Baina poema haiek argitaratu baino lehen hil zuen bere burua, etxeko sukaldean, labeko gasarekin itota, sukaldeko atea arropekin hermetikoki itxita utzi ostean, etxe berean lotan ziren seme-alabak babesteko.
Urte batzuk geroago, hil ondoren argitaratutako obra batekin Pullitzer saria irabazten duen lehen egilea izateko ohorearen jabe bihurtu zuten. The Collected Poems bildumarengatik esleitu zioten saria, 1982an. Ted Hughes poetak apailatu zuen bilduma hura, Sylvia Plathen alargunak.
Zinemarako bizitza bat
Christine Jeffs zinemagileak Sylvia estreinatu zuen 2003an, Sylvia Plath (Gwyneth Paltrow) eta Ted Hughes (Daniel Craig) poeten arteko amodio istorio dramatikoan oinarritutako filma. Ted senarrak beste emakume batekin —Assia Gutman Wevillekin— izandako harremanak bultzatzen du, filmean, Sylvia bere buruaz beste egitera. Horixe da bertsio zabalduena, baina asko dira istorio horri ñabardurak egiten dizkiotenak, edo ñabardurak baino gehiago: Ted Hughsen arrebak Ted eta Sylvia elkarrengandik bereizteko egindako ahaleginak gogoratuz, Sylviaren ustezko nahasmendu bipolarra aipatuz, suizidiorik ez zela izan dioten hipotesiak zabalduz…
Istorio horretaz gain, oso obra estimatua utzi du Sylvia Plathek. Prosazko lanen gainetik —The Bell Jar nobela (1963), amari idatzitako gutunak, egunkariak, haurrentzako ipuinak…—, poesia batez ere; indar bereziko poesia. Euskarara itzuli eta argitaratuta poema bakan batzuk daude oraingoz. Baina abian da haren poema liburu oso bat euskaraturik argitaratzeko asmo bat.
Literatura
Mina indar
Ted Hughesekin izan zuen amodio istorio dramatikoaren eta suizidioaren atzera-bueltarik gabeko tragediaren gainetik, indar handiko obra poetikoa uzteagatik da gogoratua Sylvia Plath, duela 80 urte jaio eta duela ia-ia 50 urte hil zen idazlea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu