Literatura. 'VERA CANDIDAZ DAKIDANA'

Minen gestioa

Iratxe Esnaola.
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Egilea: Veronique Ovalde.

Itzultzailea:Alberto Barandiaran.

Argitaletxea: Alberdania

Karibean, kolonia frantsesa izandako Vatapuna uharte asmatuan, kokatu gaitu Veronique Ovalde idazleak (Frantzia, 1972) bere laugarren eleberri sari ugari jasotako honekin. Frantzian ahots gazte interesgarrienen artean daukate, eta egiaz eleberri zirraragarria idatzi du familia bereko lau emakume eta lau belaunaldiren karietara. Protagonistak Rose Bustamante, Violette, Vera Candida, Monica Rose. Lau emakume, lau garai, lau erresistentzia. Erritmo tropikalean aurrera egiten duen istorio landuan gai asko jorratzen baditu ere, iraganeko zauriak eta berauek gestionatzeko ahaleginek azpi trama guztiak lotzen dituzte. Jasandako minen gestioan bortxaketa da likatsuena eta askaezinena. Baina gizonen nagusitasunak eta bidegabekeriek zuzendutako munduan, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka ahotsa altxatzen dutenen aldarria dago, baita justizia norbere eskuez betearazi edo ez zalantza egiten dutenena. Gizonekiko jarrera markatzen du honek eleberriko emakumeengan, nahiz gizon eredu ezberdinak aurkeztea ez den ahaztu, zeinak indarkeria sexista salatzeaz gain samur, lagun, portu diren.

Rose Bustamante pertsonaia interesgarrienetakoa da eta emakumeen autonomia irudikatzen du. Herriko puta izana, beste emakumeengandik ezberdintzen du haren independentziak. Sexu langile batek herri txiki batean jasan behar dituen aholku eta laguntza paternalisten gainetik, zurrumurru eta aurreiritzien gainetik, Rosa Bustamante erabakiak hartzen dakien emakume bat da gizonek gobernatutako jendartean. Vera Candidak Rose amonaren gomendioak eta eskarmentuak —eskolan ikasten ez direnak— entzun, hausnartu eta koadernoetan biltzen ditu, eleberri osoan zehar gogora ekarriko dituenak. Gorputzaren, sexuaren, plazeraren, desioaren gainekoak. Desioa baita eleberriaren beste barne zurrumurru bat, olatuen gisa etortzeari uzten ez diona, kontradikzioz betea, uste denaren, sinesten denaren eta nahi denaren anabasa batean.

Vera Candidaren figuran, aldiz, ihesa, nihilismoa eta transformazioa islatzen dira. Bidaia baten itzulerarekin hasten da eleberria eta itzulera horretara bueltatu, eleberri osoa betetzen duen flashback-aren ondoren. Hamabost urterekin uhartea utzi eta kontinentera doa nerabea, 24 urte geroago itzultzeko, sei hilabete barru hilko dela dakienean. Herriaren eta hiriaren arteko bizimodu eta baloreen kontrastea agerian geratzen da, bai eta abortu ez-legalaren ondorio penagarriak ere (ihes egin behar ezkutuan, beharturik). Amatasun instintua edozeren gainetik santifikatzen duen emakumerik ez da. Bai, aldiz, jaioarenganako maitasun neurtezina dutenena. Miliziakoek jasan izan zituzten torturak eta gaur egunean estatuaren indar polizialen estrategia torturatzailea eta zelataria jasan behar dutenak ere ez dira falta. Eta horren guztiaren erdian, Vera Candidak bere buruaren hiltzaile izateko desirak agertuko ditu etengabe, harik eta maitasunaren bitartezko mutazioari esker heriotza gogoa desagertuko zaion arte, nolabait, iraganean jasan abusuei buelta eman ahal izateko sendagai bezala agertuz maitasuna.

Irakurketa pausatua eskatzen du eleberriak, kapitulu motzak izanagatik ere, ez baitu puntuazio arruntik erabiltzen. Koma darabil puntura ohituak gauden une askotan, elkarrizketetan marratxorik ez du txertatzen eta esaldi luzeak dakartza honek guztiak ondoriotzat. Ororen gainetik, kontzentrazio literario sakona biltzen du, eta horrek irakurtzeko denbora luzatzen badu ere, gozatzeko aukera ere areagotzen du. Eta, nola ez, traumen gestioari buruz gogoeta egiteko parada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.