KRITIKA

Minez betetako hitzak

Estitxu Fernandez Maritxalar / 'Sortze berri bat indarkeria obstetrikorik gabea'
Estitxu Fernandez Maritxalarren 'Sortze berri bat indarkeria obstetrikorik gabea'.
2023ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

'Sortze berri bat indarkeria obstetrikorik gabea'

Egilea: Estitxu Fernandez Maritxalar. Argitaletxea: Txalaparta.

Sortze berri bat indarkeria obstetrikorik gabea du izena Txalapartak argitaratu duen eta Estitxu Fernandez Maritxalarren saiakera-testigantza den liburuak. Bertan, gero eta oihartzun handiagoa duen indarkeria obstetrikoa terminoaren aurkezpen bat egiten digu autoreak, eta kontzeptuaz eta ezaugarriez, gizarteko indarkeriez eta etorkizuneko erronkez hitz egiten, ikuspegi feminista batetik eta bibliografia (zientifiko) luze batez baliatuz. Bigarren partean, ostera, atal teorikoa atzean utzi, eta testigantza errealetan gotortzen da Fernandez, indarkeria obstetrikoa bizi izan duten emakumezko ahotsak dakartzan heinean. Guztiak ari dira lehen pertsonan, eta bakoitza bere eran, eta bere traumekin eta minekin, baina guztiek eskaintzen digute Fernandezek teorian aurkezten duen indarkeriaren soslai erreal eta askotarikoa. Azken atalean, esperantzari eta etorkizuneko egoerari argi izpi bat igortzen zaio, esperientzia eder eta osasuntsuak baitira azken horiek, emakumeok, indarkeria obstetrikorik gabe ere arreta gizatiar bat izan dezakegula, izaten dugula, eta izan behar dugula aldarrikatzeko helburuz. Izan ere, indarkeria obstetrikoaren eta indarkeriarik gabeko esperientzien artean dagoen alde nagusia, funtsean, bakarra da: arreta eta errespetua. Emaginek eta ginekologoek erabilitako mekanismo eta baliabideak berberak baitira bi kasuetan; aldea, ordea, emakumeari ematen zaion tratuan dago, emakumeak jasotako errespetuan, informazioan eta berak erabaki dezan ematen zaion eskumenean. Eta hori ez da izan behar aukera bat, emakumearen eskubide bat baizik.

Duela pare bat urte entzun nuen lehen aldiz kontzeptua, baina, orain arte, ez dut aukerarik izan indarkeria obstetrikoan sakontzeko, ezta modu patxadatsuago batean hausnartzeko ere. Alde horretatik, bereziki eskertu dut autoreak gaiari egin dion sarrera zientifikoa, nahiz eta esperientzietan agertu diren zenbait gai (niretzat funtsezko) ez dituen aipatu, esate baterako, biktimek legez zein aukera duten. Horrekin batera, uste dut liburuak eta mezuak indarra hartzen dutela tonu zientifikoa albo batean utzi, eta emakumeen euren ahotsak dakartzanean, indarkeria obstetrikoa erreala dela eta, gainera, uste baino ohikoagoa erakusten digutela kontuan izanda; hori guztia, ez ebidentzietan oinarrituta, ezpada sentimenduetan, bizipenetan. Guztiz hunkigarria eta gizatiarra egin zait. Dena den, horretan ere iruditu zait, askotariko ahotsak ekarri arren, familia eredu bakarra errepresentatu dutela guztiek: harreman heterosexual eta familia hegemonikoa. Beste eredu ez-hegemonikoek, ostera, ez dute lekurik izan liburuan; guraso bakarrekoek, bikote homosexualek, besteak beste.

Edozein indarkeria seinalatzeak gizarteari enbarazu egiten dio beti, baina edozein egiturazko aldaketak gizartea egoera deserosoan jarri behar du, errotik lotsagorritu. Eta liburu honek hori eragitea lortzen du. Indarkeria obstetrikoaren kontrako aldarriaren lehen pauso gisaa ulertuta, hortaz, Fernandezek oso lan duin eta, batez ere, beharrezkoa ondu duela iruditzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.