'Home for Christmas'

Minimalismo izoztua

Gontzal Agote.
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Zuzendaria eta gidoigilea: Bent Hamer. Aktoreak: Trond Fausa Aurvag, Fridjof Saheim, Nina Andresen Borud, Reidar Soerensen. Iraupena: 90 minutu. Herrialdea: Norvegia, Suedia, Alemania.

G. Agote

Urteak pilatzen hasitakook akordatzen gara Gabonak ailegatzearekin batera behin eta berriz entzun behar izan genuen turroiaren iragarkiaren abestiaz. Telebista monopolioagoa zen oraindik, eta egun horiei lotutako mezu hutsalen soinu banda zen etxera itzultzen zen seme zoriontsuarena.

Kosta egiten da pentsatzea Bent Hamerrek Norvegiatik hori ezagutu izana, globalizazio aurreko lokalismoaren garaiak baitziren haiek. Baina YouTubek frikismoari irekitako leiho mugagabearen ostean dena da posible. Beharbada horrexegatik Home for Christmas-ek iragarki labur horren bertsio luzatua dirudi.

Hasieran, umore beltza eta kritika garratza nagusituko direlakoan, ongi hasiko da filma, harridura eta jakin-mina piztuta. Baina istorio txikiak bata bestearen ondoan pilatzen hastearekin batera, pelikula halako zapore gozoegia hartzen hasiko da. Gaiztakeriak bihurrikeriak bihurtuko dira, eta pertsonaien ideia oker guztiak etengabe eroriko den elurraren azpian geldituko dira lurperatuta. Ukaezina da Hamerrek eszenaratzeko duen abilezia, plano iradokitzaile eta kolore bizien bitartez. Nolanahi ere, estilo hutsa ez da aski gainbeheran joanen den filmari eusteko.

Istorioak gurutzatzeak zuzendariei aukera asko zabaltzen badizkio ere, arriskuak ere ohi baino handiagoak izaten dira. Begirada poliedrikoa izaten ahal duen xarmak osotasuna ulertzen laguntzeko balio beharko luke. Honetan muturreko minimalismo narratibo batera jo du, azken emaitza garabiderik gabeko hainbat bide hotz dira. Eta ongi jostea inporta zaion istorio bakarra, filmari amaiera tristea emanen diona Walt Disneyk berak filmatutakoa ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.