Gangsterrak operara doaz(Jupiter Jon) - Joseba Irazoki
Jupiter Jonek 2015ean kaleraturiko Eta metaforak greba egin zeben diskoko perlari erritmo biziagoa txertatu dio hasieran Joseba Irazokik, eta pop psikodelikoaren eremura eraman du kantua, gitarra oinarri finko bati bere ohiko ñabardura eta efektuak gehituz. Ahots melodiko altua erabili du kantatzeko.
Udaberriko eguzki(Joseba Irazoki eta Lagunak) - Anari
Irazokiren kantua dela ez dakienak lasai ederrean uste dezake Anarik berak sortua dela. Irazokiren kanturik anaritarrena izan daitekeelako, «Udaberriko eguzki, laztan gaitzazu» lehen esaldiak Anariren unibertsoan sartzen zaituelako, eta bals moldeko tempo geldora ekarri duelako, ohikoa duen malenkonia ahairez.
Oroimenik gabeko filma(Lisabo) - Jupiter Jon
Distira egiten duen bertsio bat da. Lisaboren kantu bat egokitzeak berekin dakar zailtasuna. Jatorrizkoaren intentsitate basari, abiadurari, amorruari izkin egin, eta nolabaiteko samurtasuna, sentsualtasuna eta pop erritmiko iradokitzailea —gitarra zoragarriz jantzia— erantsi diote. Antzaldaketa belarri-bistakoa da.
Reggaeton(Gora Japon) - Sacco
Gitarra bortitz zikinekin hasi, bateriarekin soinu horma bat eraiki, eta Gora Japonek 2008an kaleraturiko Reggaeton jostari eta dantzagarria post-rock egiturako pieza oihukari bihurtu dute. Baina ere berean da gorputz astintzailea.
Sombrero Man(Nire) - Gora Japon
Diskoko ariketa aske eta esperimentalena ondu du Gora Japon bikoteak. Ivan Zabalegiren (Nire) Hamabost diskoko kantuak deseraiki, gitarra, perkusio, harmonika zarata eta soinu hainbatekin oinarria osatu, eta disko osoko letra guztiak errezitatu dituzte segidan hiru minututan Jon Mantzisidor eta Myriam Petralandak, sarri ahots bitan.
Eskuen Lur Azpia(Sacco) - Mursego
Sintetizadorea, ahots biderkatuak (Jupiter Joneko Aida Torresen laguntzaz), perkusio erritmikoak... eta txelo tentsio eder batekin amaitu. Mursegoren unibertsoa oparoa da bertsioetan ere, eta hemen argi erakusten du bere moldagarritasuna, kantuari dimentsio desberdinak erantsiz.
Ametsen eraiste neurtua(Anari) - Audience
Bertsioak, moldaketak eta gisakoak egiteko erraztasuna duen taldea da Audience ere. Jatorrizkoari fidelenetakoa zaion bertsioa da. Anari eta Audienceren soinu munduek bai baitute gurutzatzen den punturen bat... Deigarri eta erakargarri egiten da Ager Insunzaren abesteko modu aratz gozoa. Bigarren zatian dator indarra, instrumentalki eta Gaizka Insunzaren ahots ekarpenaz.
Hildako gizona(Inoren Ero Ni) - Lisabo
Arraroa dirudien arren, diskoko bertsiorik laburrenetakoa da Lisaborena. Hurbilekoak izan daitezke zenbaitetan Inoren Ero Ni eta Lisaboren munduak, baina baita arras desberdinak ere. Fregoli (2011) diskoko Hildako gizona bere egin du erabat Lisabok, eta kantuaren oinarri erritmikosendoari gitarren geruzak eta kantu-oihu molde hunkigarria txertatu dizkiote, beraien Ur gainean kantuaren ehundura gogora ekar dezakeena.
Criminal Tango Festa(Audience) - Inoren Ero Ni
Arriskuaren eremuan barneratu den beste moldaketa bat da Inoren Ero Nik Audienceren A Shake In Calm Water laneko Criminal Tango eta Criminal Celebrationpiezekin egin duena. Gitarra, bateria eta baxu marrazkiz osaturiko tentsiozko ardatzean Okene Abregok ahots xuxurlariz errezitatzen du. Ausarta; eurenera eramana.
Iragana(Xauxarraren begietan)(Mursego) - Nire
Soiltasunean du indarra Nirek egiten duen Mursegoren Iragana kantuaren moldaketak. Melodia nagusiari fidel zaio, eta AEBetako hegoaldeko countryaren oihartzunak datoz steel gitarraren eta ahots gogogabetu itxurako erakargarri batekin.
'MIRAILAK': 10 KANTUAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu