Euskara

Miren Agur Meabek bere ibilbide poetikoa balioetsi du euskaltzain osoa izateko harrera ekitaldian

Euskara eta literaturaren ateak zabaldu zizkioten pertsonak omendu zituen zapatuan, Lekeitioko baselizan eginiko irakurraldian.

Miren Agur Meabe Lekeitioko baselizan, euskaltzain oso kargua hartzeko irakurtaldian. LEKEITIOKO UDALA
Mikel Reina Barros, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza
2023ko apirilaren 24a
15:58
Entzun 00:00:0000:00:00

2022ko otsailaren 25ean Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendaturik, Miren Agur Meabe ofizialki da euskaltzain osoa zapatuan, apirilaren 22an, harrera ekitaldia egin eta sarrera hitzaldia irakurri ostean. Lehendabizi, Lekeitioko udaletxeko batzar aretoak Euskaltzaindiaren osoko bilkura hartu zuen, eta, gero, bertako ordezkariek eta bestelako agintariek herriko basilikarako bidea hartu zuten; besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak, Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak.

Hain zuzen ere, Meabek lore eskaintza egin zion Resurrecion Maria Azkue lehen euskaltzainburuari: basilikan bertan dago hilobiratuta. Azkueren ostean, Eusebio Erkiaga izendatu zuten euskaltzain oso; beraz, Meabe euskaltzain oso izendatutako hirugarren lekeitiarra da. Protokoloak agintzen dituen bestelako hitzen ostean, Itsaso bete mezu sarrera hitzaldia irakurri zuen idazleak. Bertan, bere ibilbide poetikoan itsasoak izan dituen agerpideez mintzatu zen, poema zatiak oinarritzat hartuta. Euskara eta literaturaren ateak zabaldu zizkiotenak omendu zituen irakurraldian: herriko basilikan eginiko lehen irakurketak, Labayru, Xabier Kintana, Eusebio Erkiaga eta beste izan zituen hizpide.

Meabek hamahiru puntutan laburbildu zuen berbaldia: Bizi-aroen portua; Arranegi versus Goikokalea; Hondartza, prisma bat; Orografiari buruzko apunteak; Itsas zoologiaren lagin batzuk; Oinarrizko gastronomia;Kresala, pasioaren perfumea; Itsasoa, doluaren gordailu; Genealogia femeninoaren ozeano horiek; Ur-mitoen gazitasunaz; Tresnak: belak, arrauna, amuak eta mapak; Itsas belarrien bilduma; Sormenaren ur irauliak; Harea, arbel eta lehengai.

Jarraitu albistea irakurtzen Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.