Musika

Miruaren 'Miruenea' lan berria BBK Liven entzungo da

Tolosako hirukoteak bere lehen lan luzea kaleratu zuen maiatzean, Oso Polita diskoetxearekin. Bira bete-betean daude, eta hurrengo geltokia BBK Liven izango dute, gaur, 17:45ean, San Miguel gunean.

Mirua taldeko Maitane Iruiñ eta Mattin Zeberio, Tolosan. JON URBE / FOKU
Mirua taldeko Maitane Iruiñ eta Mattin Zeberio, Tolosan. JON URBE / FOKU
Tolosa
2025eko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

BBK Live jaialdian joko du gaur Mirua taldeak. Halako jaialdi batean oholtzara igotzeak urduritasun berezia sortzen diela aitortu dute Maitane Iruiñ (Tolosa, Gipuzkoa, 1999) eta Mattin Zeberio (Tolosa, Gipuzkoa, 1999) taldekideek. Eta agian horregatik, urduritasun hori baretzeko, sorterrian bertan dagoen gozotegi ezagun batean jarri dute hitzordua. Opil bana janez mintzatu dira Miruenea diskoaz (Oso Polita), hau da, Malentxo Zeberiorekin (Tolosa, Gipuzkoa, 2001) osatzen duten taldearen lan berriaz. Lortutako emaitzarekin oso pozik daudela adierazi dute biek, eta martxan duten biraz gozatzen jarraitzeko asmoa dutela.

Azaldu dutenez, luzaro aritu behar izan dute lanean diskoa sortzeko, «bizpahiru urte», eta emozio guztietatik igaro dira prozesu horretan: «'Hau nora doa?', 'honek badu zentzurik?' eta halako galderak egiten genizkion geure buruari tarteka». Esan dute exijenteak direla, eta horren ondorio dela sorkuntza lanak hain luze jo izana: «Exijentzia oso handia izan da, anbiziotsuak izan gara eta», esan dute biek. Diskoa kaleratu ostean, emaitzarekin gustura dagoela adierazi du Zeberiok: «Oso argi daukat egin genezakeen onena egin dugula. Oraintxe bertan kanta guztiak aurrean jarriko bazenizkit, ez nuke jakingo zer hobetu. Ez dut esan nahi kantu guztiak perfektuak direnik, baina, nik behintzat, barruan nuen guztia eman nuelako sentipena daukat».

Proiektuaren ideia

Euskal musikaren panoraman hutsune bat sumatzen zutela adierazi dute Miruako kideek. Iruiñek esan du sortu nahi zuten soinua ez zegoela oraindik Euskal Herrian, eta Mirua taldearen hastapenetatik izan dutela zer egin nahi zuten. Zeberiok, bide beretik, gehitu du entzun nahi zituzten soinu eta konbinazio asko ez zeudela popera ekarrita, ez zeudela gaurkotuta: «Euskal eszena musikalean ikusten genuen hutsune horretatik atera genuen gure nahia. Guk entzun ezin genuen hori sortu nahi genuen».

Hori nahi, eta hori egin: arin-arinaren erritmoa, musika elektronikoa, rocka eta gehiago nahastu dituzte disko bakarrean. 

«Euskal eszena musikalean ikusten genuen hutsune horretatik atera genuen gure nahia; guk entzun ezin genuen hori sortu nahi genuen»

Mattin ZeberioMusikaria

Diskoan egin duten soinu konbinazio horrek bazituen arriskuak ere, ordea, Zeberiok aitortu duenez: «Beldurra nuen jendeak pop kutsuko zerbaiten moduan hartu ordez, frikikeria moduan ulertuko ote zuen. Alde horretatik, guretzat izugarrizko arrakasta izan da, gauza batzuek espero baino hobeto funtzionatu dute eta. Pozgarria da guk sortutako soinu konbinazio hori jendeak beretzako moduko musika moduan ikustea. Hori lortu dugula ikusita, asebeteta geratu naiz».

Kolaborazioz betetako lana

Diskoko Mugaz gaindi kantan dioten moduan, «hizkuntza berri bat» sortzeko beharra zuten, eta belaunaldi ezberdinak elkarlanean jarrita eraiki dute Miruenea. Txikitatik erreferentetzat eduki dituztenak eta gaur egungo euskal musika eszenan lekua dutenak aurkitu daitezke maiatzean kaleratutako diskoan. Iruiñek esan du erronkatzat zeukatela beren bizitzan presente egon diren artistek ere presentzia izatea diskoan, horrek «emozionatzen» ditu eta.

Kolaborazioak egiteko bideari dagokionez, pentsa daitekeenaren aurkakoa izan dela esan du Iruiñek: «Ez genuen esan Maddi Oihenartekin, Maixarekin, Kiliki-rekin … kanta batzuk grabatuko genituenik, ez, justu aurkakoa izan zen bidea. Kantu bat garatzeko ideia bat bururatzen zitzaigun, askotariko melodiekin eta hitzekin jolasten ginen, eta ondoren, bat-batean, galdetzen genuen: 'Eta hau, Euskal Herriko nork egingo luke guk baino hobeto?' Nork joko du porrusalda bat guk baino hobeto? Bada, Leturiak berak; orduan, kantuak Leturia behar du. Eta horrela izan da. Esango nuke kolaborazioen inguruan hartu genuen erabaki bakoitza kantuen mesedetan hartu genuela». Buruan rock kanta bat zutela ere aipatu du Iruiñek, eta, Zazpiak bat abestirako bidelagun egokiena Leturia zela ondorioztatu zuten bezala, pentsatu zuten  TOC taldekoak zirela Lau begi eder abesti rockerorako bidelagunik egokienak.

«Esango nuke kolaborazioen inguruan hartu genuen erabaki bakoitza kantuen mesedetan hartu genuela»

MAITANE IRUIÑMusikaria

Zeberiok gehitu du kolaborazio batzuk ez zituztela aurreikusiak, eta Gauerdiko kanthorea hartu du hizpide horren adibide gisa. Azaldu duenez, Ipar Euskal Herriko kantariek duten sentiberatasuna transmititu nahi zuten, eta hori egiteko taldekiderik egokiena Zeberio bera zela erabakita, kantuaren introko ahotsa hark egin zuen denbora luzez. Emaitzak, baina, ez zituen guztiz asebetetzen Miruako partaideak, eta, ondorioz, Maddi Oihenartengana jo zuten. Oihenartek egindakoarekin ezin gusturago gelditu ziren azkenean, esan dutenez. 

Kolaboratzaile guztiekin izandako anekdotak ere gogoan izan ditu Iruiñek, eta Bixente Martinezekin bizi izandakoa aipatu du. Oskorriko kide izandakoak diskoko bi kantutan parte hartu du (Loreak mendian eta Zazpiak bat), mandolina eta gitarra joz. Iruiñ: «Ilusioz begiratzen zigun, eta elkarrekiko miresmen eta errespetu begiradak sumatzen ziren».

Etorkizunari buruz hitz egitean, Zeberiok aipatu du disko honekin ase dutela «hizkuntza berri bat sortzeko beharra», eta bestelako zerbait egitea gustatuko litzaiekela. Iruiñek, ordea, uste du disko honen etapa oraindik ez dela amaitu: «Gehiago mamitu daitekeen irudipena dut». Gaur BBK Liven ez ezik, besteak beste uztailaren 26an ere izango dute diskoa mamitzeko aukera, Lakuntzan (Nafarroa); izan ere, Hatortxu Rocken azken aldian izango dira egun horretan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.