KRITIKA. Antzerkia

Miseriengatiko lehia

Atalaya konpainiaren 'Divinas palabras' antzezlana. JOSE LUIS NAVARRO
Atalaya konpainiaren 'Divinas palabras' antzezlana. JOSE LUIS NAVARRO
Agus Perez.
2025eko uztailaren 2a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

‘Divinas palabras’

Konpainia: Atalaya. Jatorrizko testua: R. M. Valle-Inclan. Egokitzapena, eszenografia eta zuzendaritza: Ricardo Iniesta. Aholkularitza eta zuzendari laguntzailea: Juana Casado. Musika: Luis Navarro. Koreografiak: Lucia You, Juana Casado. Argiak: Alejandro Conesa. Jantziak: Carmen de Giles, Marta Flores. Antzezleak: Raul Vera, Silvia Garzon, Laura Krivakova, Maria Sanz, Raul Lledo, Ana Baraza, Emmanuel Garcia, Pedro Callealta. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Ekainak 28.

Udako arratsalde eguzkitsu batean ez da erraza ikusleak antzerkira erakartzea, baina Viktoria Eugenia antzokiko besaulki patioa ondo bete du Sevillako (Espainia) Atalaya taldeak. Valle-Inclanen Divinas palabras ekarri dute oraingo honetan, oraingo ikuspegitik berreraikiz 1998an taularatu zuten bertsioa.

Seguruenik, Divinas palabras dugu galiziar poeta eta dramaturgoaren obrarik ezagunena Luces de Bohemia-rekin batera, eta Ricardo Iniesta taldearen eta muntaiaren zuzendariaren hitzetan, «teatro barbaro» eta «siniestroaren» gailurra da. Beranduago egileak asmatu zuen esperpentoaren ezaugarriak dauzka eta esan daiteke espresionismoaren abangoardia ere badela.

Giza arimaren miseriak gordin erakusten ditu, eta alde horretatik behin baino gehiagotan etorri zait akordura Bertolt Brechten Mutter Courage und ihre Kinder obrako protagonista, gerraren parasito profesionala dena eta bere probetxurako edozer izugarrikeria etiko egiteko prest dagoena. Brechten obra ere hainbat koadrotan banatuta dago, argumentu kanonikoari men egin gabe, eta bitxia da ikustea gauza bera gertatzen dela 1919an estreinatu zen Divinas palabras-en.

Kasu honetan, ordea, ez da Ama Kuraiaren kasu pertsonal baina enblematikoa aztertzen, herri oso batena baizik, eta alde horretatik kontuan hartzekoa da Valle-Inclanek sortutako pertsonaien zerrenda xelebrea. Herrixka tragikomedia eman zion azpititulutzat egileak, eta sineskerien mundu magiko eta primitibo horretan eskaleak, itsuak, tabernariak, aprobetxategiak eta oro har azpimundua osatzen duten izaki baztertu eta esperantzarik gabeko guztiak biltzen dira. Eta, nola ez, Baldadiño izenekoa, malformazio askorekin jaiotako mutikoa, orga batean garraiatu eta ferietan diru truk erakusten dutena.

Beren ohiko ofizioarekin, Atalayakoek sendotasun osoz gauzatu dute groteskoaren irudikapen hori, taldearen hainbat belaunaldi taula gainera ekarrita eta haien arteko transmisio trinkoa agerian utziz, konpainiaren geroaren berme bezala. Deklamazioa —haiengan ohikoa den legez— epikoa izan da gehienbat, nik behintzat ez dakidala noraino den onuragarria kasu honetarako, eta antzezleen ekintza eszenikoa oso koreografikoa suertatu da, pasarte dantzatuak ugariak izateaz gain. Musikak ere jokatu du bere rola, argien diseinua aktiboa eta esanguratsua egin zaigu eta, betiko moduan, elementu eszenografiko bakarra aukeratu du Iniestak: kasu honetan kono zeharrargi handiekin irudikatu dira era metaforiko-poetikoan edalontziak, zuhaitzak, elizako dorreak, zorigaiztoko mutikoaren orga eta beste elementu asko, betiere gainontzeko osagaien eta antzezleen elkarlan betean.

Beste mugarri bat, beraz, taldearen 40 urteko ibilbidean. Bizitza luzea opa diot haien antzerki-estilo sendo, aurreratu eta sozialki konprometituari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.