Mitxelena, erabilgarriago

Hizkuntzalariaren idazlan guztiak argitaratu dituzte EHUk eta Gipuzkoako Aldundiak, 7.000 orrialde dituzten 15 liburukitanJoseba Lakarra eta Iñigo Ruiz Arzalluz irakasleak arduratu dira testuen edizioaz

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Koldo Mitxelenaren omenezko ordubeteko ekitaldia izan zen haren obra osoa biltzen duten 15 liburukien aurkezpena, atzo eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusiko Jalgi aretoan. Joseba Lakarra eta Iñigo Ruiz Arzalluz Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek apailatu dute obraren argitalpena, eta EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eman dute argitara, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Hiru erakunde horietako ordezkariekin batera, euskaltzale ugari bildu zuen aurkezpenak, euskaltzain oso zein urgazleak bereziki.

Koldo Mitxelenak idatzi zuen guztia bildu dute Lakarrak eta Ruiz Arzalluzek 15 liburukien 7.000 orrialdeetan. Egileak bizirik zela argitaratutakoez gain, hil ondotik argitaratu zizkioten idazlanak ere badira; eta izenez sinatutakoez gain, izenaren laburdurez eta ezizenez sinatutakoak ere bai. Bilduma osoko hamabi liburuki argitaratuak daude jadanik, eta falta direnak hurrengo asteetan irtengo dira inprimategitik.

Atzoko aurkezpena egin zen gela berean 1998an Koldo Mitxelenaren Sobre la historia de la lengua vasca-ren berrargitalpena aurkeztu zela ekarri zuen gogora Lakarrak. «Bilduma hura zenbait urtez erabili ahal izan genuen, orduan eta orain falta den euskararen historiako esku-libururik hoberena bailitzan. Hiruzpalau urte beranduago, liburua agortua zen eta, haren berrargitalpena zenbait aldiz eskatu ondoren, 2002an lortu zen azkenik EHUren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena, ez bilduma hura soilik, baizik eta Koldo Mitxelenaren lan guztiak ekoitzi eta argitaratzeko».

«Koldo Mitxelena ez da soilik linguista edo filologo profesionalentzako bazka, euskaldunak izan edo ez izan», Lakarraren ustez. «Baita euskaltzaleentzat edo, are gehiago, bere gauzez ardura pixka bat duen euskaldun ororentzat ere. Hortik zetorren bai guretzat eta bai hau lagundu duten erakundeentzat honelako edizio bat —ez oso ohikoa gure artean— gure arteanegiteko asmoa».

Klasiko hitzaren definizio «maltzur samarra» egiten zuen Mitxelenak, Lakarrak gogora ekarri zuenez: «Mundu guztiak aipatu eta inor gutxik irakurtzen duen lan edo egilea». Mitxelena aspaldidanik zen klasikoa —«ohiko adieran», ez adiera «maltzurrean»—, Lakarraren ustez. «1967an euskal idazleei gehien miresten zituzten egile biziez galdetzean, han agertzen zen, noski. Alabaina, esango nuke Asaba zaharren baratza-z geroz [Egan aldizkarian 1960an argitaratutako artikulua], bere euskal lanek emana ziotela gidaritza eta ezagutza ia orokorra euskaltzaleen artean».

Lan «ezinbestekoak»

Ikerketen alorrean, «bereziki bere esparrutzat jotzen zuen hizkuntzaren historian eta hizkuntzalaritza historikoan», Mitxelenaren lanak «punta-puntakoak zein oinarrizkoak, ezinbestekoak» dira, «egoeraz jabetu nahi duenarentzat zein aurrera jo nahi duenarentzat». Horretaz ez du duda izpirik Lakarrak. «Praktikan, lehenagokoak gainditu eta interes arkeologiko edo historiografiko ia hutseko bilakatu zituen, hau da, klasiko, bere definizio maltzurraren arabera».

Aurkibideak funtsezko osagaia dira Mitxelenaren obra osoaren argitalpenaren barruan. «Aurkibideak, ez soilik aztertutako hitz ugarienak, baita aipatutakopertsona izenenak eta gai edo kontzeptuenak ere prestatu ditugu. Izan ere, bere garaian erakundeei egitasmoa azaltzean ezinbestekotzat aurkeztu genizkien». Horregatik, liburuki bakoitzaren amaieran aurkibideei leku zabala eman diete, eta 15. liburukian denak bilduko dituzte,Mitxelenaren bibliografia osoarekin eta bilduma osoko testu guztiak barnean eramango dituen CDarekin batera. Irakurle arruntarentzat, «Mitxelena irakurtzeko gida» izango dira aurkibideok; ikerlarientzat, «baliabide eraginkorra».

Zuzenketa asko egin dituzte Lakarrak eta Ruiz Arzalluzek Mitxelenaren testuak atontzean. «Dozenaka ez eze, milaka ere izan dira 7.000 orrialde hauetan zuzenduak, asko eta asko marka berezirik gabe, txikikeriak izanik edo huts larriak izanik zalantzarik ametitzen ez zutenak. Alabaina, zalantzarik txikiena sor zezaketen orotan, beren-beregi ohartu dugu irakurlea, eta baita arazoa garbitzeko datu guztiak labur baina argi eman ere».

Askotariko argitalpenetatik jaso dituzte Mitxelenaren testuak, eta jatorrizko bertsioek inondik ere ez zuten batasun tipografikoa emateko ere lan handia egin behar izan dute. «Horrezaz landa, erreferentzia bibliografikoak ia osin hondorik gabekoa genituen. Ezinbestean, egileen izen eta deiturak, lanen orrialdeak, aldizkarien eta bildumen deizio eta gainerako ezaugarriak zuzendu, zehaztu eta osatu beharra zegoen, horrelako asko eta asko baitziren faltan eta oker».

Funtsean, «forma edukiaren duin» izan dadin saiatu dira bi apailatzaileak. «Mitxelenaren idazkiak egokiago eta errazago irakur daitezen eta haien erabilera oparoago eta emankorrago izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.