Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Miyazakiren irudizko munduekin hasi dira Sail Ofizialeko emanaldiak

'The Boy and the Heron' animaziozko filmak inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia. Lehiatik kanpo eman dute zinemagile japoniarraren azken lana. Donostia saria hari eman dio jaialdiak

Kimitachi wa Do ikiruka / The Boy and the Heron filmaren irudi bat; lan horrek inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia, lehiaz kanpo. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Fantasia, irudimena, poesia. Bere ohiko tresnei eskutik helduta, indartsu inauguratu du Hayao Miyazaki zinemagile japoniarrak Donostiako 71. Zinemaldia. Kimitachi wa Do ikiruka / The Boy and the Heron haren animaziozko filmarekin hasi ziren atzo Sail Ofizialeko emanaldiak, Kursaaleko auditoriumean. Aretoa goraino bete zuen publikoak, eta txalo zaparrada batekin egin zion harrera animazioaren maisutzat jotzen den egilearen azken lanari. Jaialdiak, gainera, aitortza egin dio haren ibilbideari, aurtengo Donostia sarietako bat hari emanda. Miyazakik ez du jaialdira bidaiatu, eta birtualki jaso du saria.

Hamar urte ziren zinemagileak ez zuela lanik erakutsi; 2013an aurkeztu zuen Kaze tachinu / The Wind Rises, Veneziako Zinemaldian, eta erretiroa hartuko zuela iragarri zuen orduan. Baina osatu du beste lan bat, azkena izan litekeena askoren ustez. Horregatik ere, ikusmin handia piztu du The Boy and the Heron-ek.

Mahito izeneko mutiko bat da filmeko protagonista. Ama sute batean hil da, eta aita eta bera Tokiotik landa eremuan dagoen etxalde batera joango dira bizitzera. Beste pertsonaia batzuen artean, koartza bitxi batek egingo dio bisita mutikoari. Eta, haren atzetik doala, fantasiazko mundu batean bete-betean murgilduko da Mahito. Biziak eta hilak, animaliak eta gizakiak, errealitatea eta ametsak nahasten diren mundu batean. Hain zuzen, bizitzari, heriotzari eta irudimenari buruzko fabulatzat har daiteke Miyazakiren filma, kutsu autobiografikoa ere izan dezakeena.

Hainbat harribitxiren egilea

Tokion sortu zen Hayao Miyazaki, 1941. urtean. Zientzia Politikoetan eta Ekonomian graduatu ondoren, 1963an, animatzaile gisa hasi zen lanean, Toei etxean. Isao Takahataren gidaritzapean egin zuen lan han, Taiyo no oji: Horusu no daiboken / The Great Adventure of Horus, Prince of the Sun (1968) filmean. 1971n, A Production animazio estudiora aldatu zen Takahatarekin batera, eta Panda Kopanda (1972) filmean lan egin zuen. Beste hainbat estudiorentzat ere jardun zen. Bere lehen lan luzea 1979an estreinatu zuen: Rupan sansei: Kariosutoro no shiro / The Castle of Cagliostro. Eta 1984an Kaze no tani no Naushika / Nausicaä of the Valley of the Wind eman zuen.

1985ean, Ghibli animazio estudioa jarri zuen martxan Takahatarekin. Eta etxe horretan sortu zituen bere hurrengo hamar lanak. Tartean dira haren film onenen artean aipatu ohi diren eta animazioaren harribitxitzat jotzen diren izenburu batzuk, hala nola Tenku no shiro Rapyuta / Laputa: Castle in the Sky (1986); Tonari no Totoro / My Neighbor Totoro (1988), Kurenai no buta / Porco Rosso (1992); Mononoke hime / Princess Mononoke (1997) eta Sen to Chihiro no kamikakushi / Chihiroren bidaia (2001). Azken horrekin, Urrezko Hartza irabazi zuen Berlinen, baita animaziozko film onenaren Oscar saria ere. Beste zenbait lan ezagun eman ditu gerora. Eta obra hori guztia aitortu dio Zinemaldiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.