Mo Yan idazle txinatar Nobel saridunaren Hori da umorea, maisu! narrazio bilduma euskaratua kaleratu du Elkar argitaletxeak, Aiora Jaka Irizar eta Maialen Marin Lacartak Jokin Zaitegi bekaren laguntzaz euskaratua. Jokin Zaitegi bekaren bidez, Nobel saria irabazitako idazlearen liburu bat euskaratzen da urtero, eta Elkarrek ematen du argitara.
Mo Yanek 1985 eta 2000 artean idatzitako zortzi ipuinek osatzen dute Hori da umorea, maisu! liburua. Askotarikoak dira ipuinek jorratzen dituzten gaiak: txinatarrek Japoniaren aurka egindako erresistentzia gerra, Iraultza Kulturaleko gazte ikasien egoera, 80ko hamarkadan abandonatutako haurrak…
Kutxa Fundazioak Jokin Zaitegi itzulpen bekari emandako babesa kentzea erabaki duenez, Arrasateko AED elkarteak Nobel-truk ekimena jarri du abian, bekari ekonomikoki eutsi ahal izateko. Euskaltzale eta kulturzaleei egiten die dei AEDk, diru-ekarpenak eginez beka bultza dezaten. “Ekimena bizirik mantentzeko beste diru iturri batzuk jorratzen ere badabil elkartea, baina bere etorkizuna deialdi honek jasotzen duen erantzunaren baitan dago hein handi batean”, adierazi dute.
Proposamena da 50 euroko diru ekarpenak eginez ekimenaren laguntzaile bihurtzea. Trukean, laguntzaile horrek bekari esker itzulitako azken obraren ale bat (kasu honetan Mo Yanen Hori da umorea, maisu!) jasoko du.
Hurrengo urteko deialdia kolokan dagoela adierazi du gaur, MoYanen liburuaren aurkezpenean, Itxaro Artola AEDko ordezkariak.