Moby, Amaral, Alpha Blondy eta Asian Dub Foundation, Miarritzeko Big jaialdian

Hirugarren aldia du, eta antolatzaileek Donostiako Get In promotorarekin osatu dute egitaraua

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Iaz, Live Nation enpresarekin osatu zuten Miarritzeko Big jaialdiko egitaraua; aurten, Donostiako kontzertu antolatzaile Get In promotorarekin dator eskuz esku. Uztailaren 20tik23ra iraganen da Miarritzeko jaialdia, hiru gunetan: Irati aretoan, l'Atabal aretoan eta Euskaldunen kostako hondartzan jarriko duten herrixkan.

Iaz, bigarren ekitaldirako, Live Nationekin «adiskide min» gisa aurkeztu ziren, baina geroztik, «ez dugu elkar ulertu. Haiek zifrei begiratzen zieten, errealitate komertzialari, eta guk denbora gehiagorekin jokatu nahi dugu, istorio bat sortu nahi dugu», azaldu du Big jaialdiko zuzendari Sebastien Farranek. Hori bai, iazko zifrak ez ziren hain onak izan, hark ere onartu du. Aurten, berriz, arrakasta erdiesteko esperantzarekin daude, 10.000 sartze ordaindurik nahi dituzte. Horretarako, Get In enpresari esker, «Frantziatik bezainbat, Espainiatik ere» erakarri nahi du jendea Farranek. Funtsean, artista «espainiar» anitz ekarriak ditu, horien artean, Delorean eta We Are Standard. Aldi berean, Farranek behin eta berriz errepikatzen du lekuko kulturaren paisaian sartu nahi duela jaialdia. Hortaz, Euskal Herriaz galdetzean, Farranek barkamena eskatu du, beti «ahanzten» dituela Euskal Herri eta euskaldun kontu horiek, baina ondoko aldian kasu gehiago eginen duela.

Ondoko aldiaren zain, hona hemen emanaldi nagusiak. Hilaren 20ean, Irati aretoan, The Inspector Cluzo, Amaral, Catherine Ringer (semea izanen du gitarrista eta Rita Mitsouko taldearen kantu ezagun batzuk emanen dituzte), eta Moby ariko dira. Atabalen, Housse de Racket eta Outlines. Hilaren 21ean, Iratin, Brigitte, Stromae, Selah Sue, Two Door Cinema Club eta Metronomy ariko dira. Atabalen, Admiral T eta Daddy Mory. Hilaren 22an, Iratin, Delorean, The Bloody, Beetroots Death Crew 77, eta Atabalen, Stupeflip. Eta 23an, Iratin, Tarrus Riley, Alpha Blondy, Asian Dub Foundation eta La Fouine ariko dira. Atabalen, We Are Standard eta Grandmaster Flash.

Iratiko kontzertuak 20an eta 23an 35 eurotan dira gau bakoitza, eta besteetan, 32 eurotan. Eta Atabalen, tenore berdintsuetan iraganen dira emanaldiak, eta aldi oroz 20 euroren truke. Itsas bazterreko herrixkan egunean izanen dira animazioak, urririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.