Artea

Modernitate kontserbadorea

Euskal artea Europako joera modernoen parean erakutsi nahi zuen 1919ko Nazioarteko Pintura eta Eskultura erakusketak, eta erakusketa bat eta ikerketa monografiko bat prestatu ditu Bilboko Arte Ederren museoak orain lorpen hura oroitzeko

'ABC' erakusketako "A" aretoan bildu ditu Bilboko Arte Ederren museoak, 1919ko erakusketan erositako 22 artelanak. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
Inigo Astiz
2019ko urriaren 16a
18:00
Entzun

Nabarmena da kontrastea Bilbon 1919ko Nazioarteko Erakusketan bildutako margolan gehienek iradokitzen duten baretasunaren eta erakusketa hura prestatzeko antolatzaileek hartu zuten abiadaren artean. Bi hilabete baino ez zituen izan garai hartako Bizkaiko Probintzia Diputazioak dena antolatzeko, eta, halere, lortu zuten Euskal Herriko, Espainiako, Kataluniako, Frantziako eta Europako arte modernoaren ordezkari ziren 139 artistaren 400 pieza biltzea. Oraindik ere pisuzkoa da lan frenetiko hari esker Bilbon ikusi ahal izan ziren artisten izen zerrenda: Paul Gauguin, Claude Monet, Camille Pissarro, Francisco Durrio, Mary Cassatt, Aurelio Arteta, Vincent Van Gogh, Paul Cezanne, Pablo Picasso, Pablo Gargallo, Francisco Iturrino, Juan Etxebarria, Dario Regoyos... Euskal artea Europako joeren ispiluan homologatzea zen erakusketaren helburuetako bat, eta arte modernoaren mapan ezarri zuen horrek Bilbo; hain justu ere, Madrilen eta Bartzelonaren ostean. Mugarri haren mendeurrena hartu nahi izan du orain gogoan Bilboko Arte Ederren museoak. Horregatik erakutsi ditu elkarrekin Aldundiak erakusketa hartan erositako 22 artelanak, eta horregatik eskaini dio ia 200 orriko ikerketa monografikoa gaiari. Gogoratzeko. Ospatzeko.

“Euskal artearen modernotasuna neurtzeko termometro bat izan zen erakusketa hura”, egin du laburpena Miguel Zugaza museoko zuzendariak. Egun Bilboko Justizia Jauregia dagoen orubean zeuden Berastegiko eskoletan jarri zituzten ikusgai artelanak, beheko solairu osoa hartzen zuten 15 aretotan. Euskal artistentzako ziren gela batzuk, eta nazioarteko sortzaileentzako besteak, baina elkarren ondoan erakutsi nahi izan zituzten denak, halere. Eta, zuzendariaren hitzetan, hiriak bizi zuen momentu historikoaren erretratu artistiko moduko bat ere osatzen du bildumak. Zugaza: “Erakusten du 1919ko euskal gizartea zeinen kosmopolita zen”.

“Urrezko aroa” izan zen hura Bilboko artearentzat, Ismael Manterola eta Mikel Onandia Euskal Herriko Unibertsitateko arte historialariek baieztatu dutenez. Haiek gidatu dute 1919ko erakusketari buruzko ikerketa lan monografikoa, eta erakusketa zehatz aztertzeaz gainera, erakusketa hura posible egin zuen testuinguruan jarri nahi izan dute arreta. Izan ere, “testuinguru artistiko zabalago baten gailurra izan zen erakusketa”, Onandiaren hitzetan. Margolan haien nondik norakoez aparte, margolan haiek ikusi zituen gizartea ere aztertu dute horregatik. Bost artikulu akademiko bildu dituzte horretarako museoarekin argitaratutako ikerketan, eta faksimil modura gehitu dute erakusketaren katalogoa izan zena ere, bertan izandako artista eta artelan guztien zerrendarekin. Euskaraz eta gazteleraz eman dute ikerketa argitara, eta paperean zein formatu digitalean eskura dezake irakurleak. Azaroaren 14an egun beteko jardunaldia ere antoaltu dute museoan.

Kritika gogorrak eta txaloak

Funtsezkoa da sasoi historikoa, bi mugarriren artean heldu baitzen erakusketa: bost urte zeramatzan ordurako Bilboko Arte Ederren museoak zabalik, eta hiru urte geroago sortuko zen Bilboko Arte Modernoko museoa. Eta, hain zuzen ere, igarri daitezke tradizioaren eta modernitatearen arteko tentsio horren arrastoak erakusketarako aukeratutako lanen bilduman. Horregatik jarri dio bigarren abizena Onandiak erakusketan ikusi ahal izan zen arteari. Haren hitzetan, “arte moderno kontserbadorea” erakutsi baitzuen bildumak. Argia zen inpresionismoaren eta post-inpresionismoaren eragina, adibidez, eta, aldiz, bazterrean utzi zituzten abangoardiako korronte artistiko apurtzaileenak. Eta Picasso izan daiteke horren adibiderik argiena.

Margolariak 1905ean margotutako emakume erretratu bat hautatu zuten antolatzaileek, oraindik ere inpresionismoaren oihartzunekin, eta, aldiz, kanpoan utzi zituztelako artistaren ildo kubistako lanak. 12 urte ziren jada Avignongo andereñoak margotu zituela, baina horren arrastorik ez zen heldu Bilboko erakusketara. Eta, halere, kritika gogorrak izan ziren prentsan, Manterolak gogoratu duenez. Txaloak ere bai, noski, baina baita kritikak ere.

Erdi-sorpresaz

“Hiri moderno bat nahi bazuten, arte modernoa behar zuten”. Bizkaiko industriak eta merkataritzak sortutako etekinei loturik dago Bilbon arteari buruzko interesa, Onandiak dioenez, eta lagungarri suertatu zen I Mundu Gerran Espainiak neutral jokatu izana ere. Goraldi ekonomiko haren magalean loratu zen giro artistikoa, eta Euskal Artisten Elkarteak, bildumagile partikularrek zein Arte Ederren Museoak garai hartan egindako lana ere nabarmendu du ikerlariak.

Igar daiteke antolatzaileen presa bilduman sartu ziren eta iritsi ez ziren lanetan ere. Manterolak eta Onandiak zehaztu dutenez, bi hilabeteko denbora tarte horretan, ezin izan zituzten ekarri nahi zituzten lan guztiak ekarri, eta bildumagile partikular bat baino gehiagoren atea jo behar izan zuten horregatik fabore eske. Francisco Durrio artistaren bilduma pribatukoak ziren, esaterako, erakusketan aipamen eta laudorio gehien jaso zituzten Gauguinen margolanak. Hasiera batean, ez zituen saltzeko eraman, baina, iritziz aldatu, eta halaxe heldu zen Latsariak Arlesen margolana museoaren bildumara.

Ikerlariek diotenez, erdi-sorpresaz harrapatu zituen erakusketak euskal artistak ere. Bi hilabeteko tartearekin, nekez sortu ahal izan zuten halako erakusketa garrantzitsuan zintzilikatzeko moduko lan berririk, eta bildumagileengana jo behar izan zuten haiek ere.

Erosketetarako puntuazio sistema

Aurrez ere ikertua zuen gaia Kosme Maria de Barañano eta Javier Gonzalez de Durana ikerlariek, eta, diotenez, Europan bogan ziren azken korronteak ikusteko zirrikitu moduko bat izan zen erakusketa. Francisco Durrio eta Paul Gauguin artisten lanak nabarmendu zituzten haiek ere 1987ko Kobie aldizkarian argitaratutako lanean. Erakusketan izandako artelanak erosteko egindako lehiaketa modukoaren berri ere eman zuten artikulu hartan Barañanok eta Gonzalez de Duranak. Bizkaiko Foru Aldundiak hautatutako aditu talde batek hautatu zituen Arte Ederren museoak erosiko zituen artelanak, eta banan-banan puntuatu zituzten beren lanik gustukoenak. 20 puntu jasotzen zituen lehen hautatuak, 19 bigarrenak, 18 hirugarrenak, eta hala bakoitzak egoki ikusten zuenera arte. Nazioarteko lanak, batetik, eta euskal artistek lanak, bestetik.

Batzorde hartako kideek altuegi ikusi zituzten prezioak, ordea, eta egileekin prezioa negoziatu, eta hala osatu zuten une honetan Bilboko Arte Ederren Museoan ikus daitekeen 22 artelaneko bilduma. ABC erakusketaren A aretoan jarri dituzte guztiak. Aurrenenekoz elkarrekin. Nahasian, besteak beste, Juan Etxebarriar, Paul Serusier, Domingo Carles, Mary Cassatt, Francisco Iturrino eta Paul Gauguin.

Porrot egindako biurtekoa

Berez, biurtekoa izateko sortu zen erakusketa, baina 1919an egindako lehen erakusketa baino ezin izan zuten antolatu, azkenean. 1920ko hamarkadako krisiak gogor jo zuen hiria, eta nabarmen egin zuen behera artearen merkatuak ere. Baina, ikerlariek diotenez, nahikoa izan zen edizio bakar hura Euskal Herriko artearen historia arrasto nabarmena uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.