XXI. mendean etorri zaigu Erramun Baxok Eskoriatzara. Informazioaren gizartean. Mugak urtzen ari diren munduan. Etengabe esanahi bila dabilen gizartean. Hizkuntza gutxituak gutxitzen eta globalizazioa puzten ari den garaian. Kulturen ohiko transmisio-bideak ahultzen ari diren XXI. mendean. Eta kontatu digu nola orain dela bost mende europarrak iritsi aurretik, Ipar Amerikaren iparraldeko muturrean 300.000 biztanle bizi ziren. Nola orain dela 10.000 urte ere han zeuden, beren kulturekin, beren hizkuntzekin. Eta nola bi menderen buruan frantsesak eta ingelesak beren lurrengatik borrokan ikustera igaro ziren. Nola ikusi zuten, bertatik, baina kanpotik, Kanadaren sorrera. Eta, Kanadaren barruan, Quebecena. Badirelako iraultza batzuk azkar, azkarregi gauzatzen direnak.
Garai hartan kolonizatzaile frantses zirenen oinordekoak Quebecen geratu ziren (aurretik beste izen asko izan bazituen ere). Beren hizkuntzari eusteko borrokan ari dira geroztik, Kanadan gehiengo diren ingelesen aurrean. Kolonizatzaile izatetik bertako izateko pausoak emanda. Iraupena ez da erraza ekonomikoki eta kulturalki atzeratuta egonez gero. Eta hala burutu zuten Iraultza Lasaia 60ko hamarkadan. Garapen horrek indartutako herri nortasun sentimenduak bi erreferendum ekarri ditu geroztik. Kanadako elebitasun politiken aurrean elebakartasun ofiziala aldarrikatzen du Quebecek. Frantsesa da, egun, bertako hizkuntza nazional eta komuna.
Eta, zer gertatu da 10.000 urte bertan daramatzaten jatorrizko herriekin? Han jarraitzen dute, hirietatik kanpoko guneetan. Gazteek alde egin nahi omen dute bertatik, hirietan ikastera. Hirietan lan egitera. Modernizazio beharrean omen daude. Baina, zer da modernizazioa? Herrialde modernoen ereduak kopiatzea? Noraino modernizazioa eta noraino tradiziozko balioak?
XXI. mendeari aurre egiteko bi modu dira Kanada eta Quebec. Euskal Herria izan daitekeenarentzat bi eredu. Mugak urtzen ari diren garaiotan kultura-aniztasuna aldarrikatzen du Kanadak, azkenean ingelesa nagusitzen bada ere. Kultur artekotasuna Quebecek. Askatasun indibidualak, Kanadak. Eskubide kolektiboak, Quebecek. Eta XXI. mendeko Euskal Herriak, zer nahi du? Posible al da benetako kultura-aniztasuna? Hizkuntza minorizatuok iraun dezakegu egoera horretan? Herri nortasun sentimenduak egitura dezake kultura anitzeko nazio bat? Eta noraino ireki behar du kultura batek? Non hasten da integrazioa eta non asimilazioa?
Modernitatea eta integrazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu