XX. mendearen lehen herenean, gizarteko aldaketekin bat, kultur eta arte adierazpideetan ere izan zen berritasunik. Loraldi horren lekuko nagusietako bat izan zen Donostia, harik eta 1936ko gerrapiztu zen arte. Aro horrek hirian utzitako arrasto artistikoa jaso du San Telmo museoak, Modernitate bakan bat. 'Arte berria' Donostiaren inguruan 1925-1936 erakusketan. 2017ko otsailaren 5era arte egongo da ikusgai.
160 lan inguru biltzen ditu erakusketak: 26 dokumentu —eskutitzak, katalogo eta aldizkari zaharrak—, bi ikus-entzunezko—tartean, Eduardo Lagarde marrazkilari eta arkitektoari buruzko dokumental bat—, 57 argazki eta 74 obra plastiko —argazki muntaketak, kartelak, collageak, pintura, tinta txinatarra, eskulturak...—. Artisten senideek utziak dira obra horietako asko, eta gainerakoak museo eta erakundeen maileguak dira.
Peio Agirre komisarioa izan da lan horren arduradun nagusia. San Telmo museoak aurrez ere eskainia dio erakusketa bat kulturalki eta artistikoki hain emankorra izan zen garai horri; 1986an izan zen, eta haren jarraipena egiteko ardura izan du Agirrek. Museoak egin zion proposamena orain bi urte pasa, eta, «aurrekoak aspaldikoak zirela ikusirik», buru-belarri sartu zen proiektuan. Hark eman zituen azalpenak atzo goizean, museoan bertan. Aztertutako garaiaren garrantzia azpimarratu zuen, «abangoardia lokalak Espainiakoarekin eta Europakoarekin bat» egin baitzuen: «Hantxe mamitu zen kulturaren eta artearen bolada goren bat: batetik, euskal artearen sortze aldi historiko bat izan zen, eta, bestetik, garrantzi nabarmena izan zuen Espainiako abangoardiaren barruan ere».
Ez zen, ordea, kasualitatea izan hiri horretan eta garai jakin hartan hain indarrez sartu izana modernitatea. «Egoera moderno enblematiko baten hazia» ereina zegoen hirian, Agirreren arabera, eta «berritasunaren aldeko hamaika artista, poeta eta arkitektok» bat egin zuten bertan. Hiriaren ezaugarri nagusietako bat turismoa zen, goi klase sozialekoa, betiere. Alde batetik, hirian atzerriko erreferentzia artistikoak sartzea ekarri zuen horrek. Aurrekoarekin apurtzeko nahia bazen artisten artean; «artearen eta arkitekturaren historia irakurtzeko modu berri bat gailendu zen aztertutako garai hartan», adierazi zuen Agirrek. Bestetik, eta erakusketa banatzen den hamahiru gaietako batean —Estiloa eta danditasuna-n— argi deskribatzen denez, Donostiako goi klaseek bere egin zuten aisialdiari loturiko bizi estilo bat: «Turismo aristokratikoa eta hiriko burgesia elkartzen ziren, eta horren ondorioz sustatu ziren jokoa (kasinoa), aretoak, dance-hall-ak eta moda chic-a», horiek guztiak modernitatearekin loturikoak, eta ordura arteko ohiturekin talka egiten zutenak.
Hamahiru atal
San Telmo museoko paretetan eskegitako argazki, koadro eta abarren artean, sigi-sagan egingo du ibilbidea bisitariak. Hala daude banatuta lanak, ikuslea pareta batetik bestera eraman, eta proiektua zatitzen duten hamahiru gaiak banan bana aurkezteko asmoz. Gizartean jazotzen ari ziren era askotako aldaketek artelanetan izandako eragina azaltzen dute atalek. Industriaren eta kapitalismoaren garapenari egiten dio erreferentzia, esaterako, Makinaren aroak-. Jazzbandismoa-k, berriz, Jazz musikak XX. mendeko abangoardian izan zuen eraginean sakondu, eta 20. eta 30. hamarkadetan, musika-estilo horrek Donostian zuen indarra erakusten du hainbat adibideren bidez. Badira, ordea, kultur eta arte disziplinek garai hartan hartu zuten norabidea erakusten duten atalak ere. Objektibotasun berria/errealismoa da horietako bat. Batez ere, argazkigintzan eta arkitekturan eragin zuen mugimendu horiEuskal Herrira ere iritsi zen. Xehetasunen aldeko apustua egiten zuen argazkilaritzan, eta arkitekturan, berriz, funtzionalismoaren aldekoa zen.
Izen propio batzuen gainean ardazten da erakusketa, eta horien artean Jose Manuel Aizpurua arkitekto eta argazkilaria eta Nicolas Lekuona marrazkilari eta arkitektoa nabarmentzen dira. Bien argazkiek osatzen dute proiektuaren zati handi bat. Jorge Oteiza eskultorearen lana ere ageri da. Hura izan zen, erakusketarekin batera kaleratu den katalogoan aipatzen denez, «giro horren lekuko, eta lehen abangoardia horren eta ondorengo belaunaldiaren (euskal eskola, Gaur taldea...) arteko lotura» egin zuena. Joaquin Labaien, Eduardo Lagarde, Jesus Olasagasti eta beste hainbat artisten lanak ere badaude ikusgai. Baita, proiektuko emakume bakarra den Maria Vallejorena ere. Zentzu horretan, bere lanean «hutsune bat» egon badagoela onartu arren, historian ere hala dagoela azpimarratu zuen Agirrek. Bere asmoa emakumezko artistek egindako lanari lekua ematea zen, baina halakoen gabezia ikusita, Bilboko artistarena soilik jaso ahal izan duela argudiatu zuen. Dena den, argi utzi nahi izan zuen egindako ikerketak ez duela zertan «hegemonikoa» izan, eta aurrerago egingo direnei ateak zabalduko dizkiela espero du.
Erakusketarekin batera, paraleloki hainbat jarduera ere antolatu dituzte. Ohiko bisita gidatuez gain, ikuspegi pertsonalagoa eman asmoz, bisita bereziak eskainiko ditu hainbat adituk. Gainera, familientzako sormen-tailerrak ere antolatu dituzte, Artean jazz izenarekin.
Modernitatea, ez kasualitatez
Euskal Herriko eta bereziki Donostiako arte eta kultur mugimenduan mugarri izan zen aro bati (1925-1936) buruzko erakusketa ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu