Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka. Xulio Amigo. Culturgal elkarteko arduraduna

«Motibazioz puztuta goaz Durangoko Azokatik»

Durango
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Herri gonbidatua Galizia izanik, galiziar kulturak txoko berezia du aurtengo Azokan. Mahaia dauka sarrera nagusitik gertu, eta egitarauko zenbait ekitalditako protagonista da.

Durangoko Azokan egoteak zer esanahi du zuentzat?

Beizóns, Durango! Eskerrik asko gonbidatzeagatik. Culturgal gure azoka zuenaren aldean hasi berria da, lau urte baino ez ditu. Durangokoa guretzat eredua da, amets zahar partekatu bat. Gerediagakoekin ikuspuntuak konparatu ditugu, iritziak trukatu. Topaketa emankorra izan da. Hunkigarria izan da guretzat, adibidez, lehengo egunean ipuin kontalari galiziar eta euskaldunen arteko emanaldian egotea. Azokaren azken egunean ere, aurkezpen bereziak daude, Digna Rabia Francoren garaiko emakume galiziarren istorioari buruzko dokumentala, adibidez.

Culturgalen standean zer aurkitu dezakegu?

Galiziako gaur egungo kulturaren lagin zabal bat ekarri dugu. Batez ere, Azokan parte hartuko duten galiziar sortzaileen ingurukoak. Jendearen interesa sumatu dugu. Askok klasikoak eskatu dizkigute, batez ere Alfonso Daniel Rodriguez Castelaorenak, baina jendeak bazituelakoan, argitalpen berriak ekarri ditugu.

Zer ideia berri daramazue etxera bueltan?

Azokako telebista. Azokan gertatutakoaren berri etengabe pantailan ematea asko gustatu zaigu. Eraikinak berak ere harritu egin gaitu. Zuena oso funtzionala da, oso demokratikoa, bakoitzak bere erakus-mahaia duelako. Gureak, berriz, diseinuari garrantzi handia ematen dio. Horretaz gain, inbidia, Azokak hainbeste urteren ondoren erakartzen duen jendetza ikusita. Baina, batez ere, motibazioz puztuta goaz Durangoko Azokatik.

Culturgal azokaren eraikina oso bestelakoa dela esan duzu.

Etxe itxura du, sei gelaz osatutakoa. O cuarto dos nenos-en haurrentzako ekitaldiak daude egun osoan. O salon-en, kazetari batek sortzaileekin elkarrizketak eginez, egileen alde artistikoa zein gizatiarra agerian geratzen da. No patio antzezlekuan, dantza eta musika kontzertuak egiten dira. O garaxe, teknologia berriei eta ikus-entzunezkoei eskainitako txokoada. A cociña-n, mahai baten inguruan, jateaz gain, kultura dastatzen dute tertulian profesionalek. O faiado, sorkuntza alternatiboen txokoada.

Nola joan da IV. Culturgal?

Ezin gara kexatu. Hasieran Galiziako Xuntak eta Pontevedrako Udalak bere gain hartu zuten azokaren aurrekontu osoa; orain, %80. Dena den, gaur egun liburugintzan, musikagintzan, arte eszenikoetan, ikus-entzunezkoetan eta teknologia berrietan diharduten elkarteen babesa dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.