Abentura eta arrisku kirolak ardatz dituen film luzeak biltzen ditu Donostiako Zinemaldian Savage Cinema atalak. Aurten, bigarrenez, kirol horiek ezagutzeko aukera egongo da Zinemaldian. Izan ere, iaz estreinatu zuten atal hori.Eskia, skatea, eskalada, snowboarda eta motorren mundua azaldu, eta horietan ibiltzen direnen erronkak eta bizimodua azalduko dituzten sei film ikusi ahal izango dira.
The Greasy Hands Preachers Arthur De Kersauson eta Clement Beauvais zuzendariendokumental frantsesak (2014), munduko estreinua izango du Zinemaldian. Dokumental horretan eskulanaren berpiztea aztertzen da, zoriontsu bizitzeko bide bat aurkitu duten motorzale sutsu batzuen bitartez. El Solitario, Shinya Kimura, Blitz, Ex Machina eta Roland Sandek hartu dute parte bertan, konbentzionalismoetatik aparte bide bat aurkitu duten eta 60ko hamarkadatik debaluatuta zegoen artisautzaren balioa aldarrikatzen duten bost adituk.
Beste film batzuek Europako estreinaldia izango dute: Steve Winter, Murray Wais eta Scott Gaffneyk zuzendutako Days of My Youth (2013); Steve Jones, Todd Jones eta Jeremy Jonesek zuzendutako Higher (2013) eta Dana Brownen On Any Sunday-The Next Chapter (2014), hain zuzen ere.
Ikuspegiak zabaltzen
Lehenak, Days of My Youth-ek, eskiatzaile guztiek egiten duten autoaurkikuntzaren inguruko begiratu berezia eskaintzen du. Higher, berriz, Jeremy Jones snowboardean aritua eta aditua denari buruzko Deeper, Further eta Higher trilogiaren azken filma da. Eta On Any Sunday-The Next Chapter filmak motorrari buruzko pasioak bizirik dirauela azaltzen du. Izan ere, 1971n estreinatu zen On Any Sunday, Bruce Brownen zuzendaritzapean, eta, orduan, motorraren munduko ikuspegia zabaldu zuen. Berrogei urte geroago horrek bizirik dirauela azaldu nahi izan du Dana Brownek.
Savage Cinema ataleko beste bi film Europan estreinatuak daude, baina ez Euskal Herrian:Philippe Petit zuzendariaren Danger Dave (2013), skateboard munduko profesional baten ibilbide amaierako estualdiak azaltzen dituen filma, eta Nick Rosen eta Peter Mortimerrek zuzendutako Valley Uprising (2014), Yosemiteko (Kalifornia, AEB) eskalatzaileek irudikatu zuten kontrakultura amerikarrari buruzko eta orain arte kontatu gabeko istorio handia.
Zinemaldiko atal horren helburua abentura eta arrisku kirolei buruzko film esanguratsuenak biltzea da, eta, horretarako, elkarlanean dihardu gisa bereko jaialdiekin, abenduan Bilbon egin ohi den Bilbao Mendi Film Festibalarekin besteak beste.
Motorrak, eskia, skatea, eskalada eta snowboarda Savage Cinema sailean
Sei film ikusi ahal izango dira aurten Donostiako Zinemaldiak iazko ekitaldiaz geroztik abentura eta arrisku kirolei eskainitako atalean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu