Mudhoney, Lisabo, Gorka Urbizu eta Sara Zozaia ariko dira Boga Boga festibalean

Jaialdiaren bigarren aldia irailaren 4tik 15era egingo dute, Donostian. Melenas, Los Sara Fontan, Ithaka, Tengger, Toc eta beste hainbat artista ere ariko dira.

Mudhoney AEBetako talde beteranoa ariko da Boga Boga jaialdian.
Mudhoney AEBetako talde beteranoa ariko da Boga Boga jaialdian. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko martxoaren 21a
15:57
Entzun

Iaz egin zuten aurrenekoz Boga Boga jaialdia Donostiako eta inguruko hainbat lekutan —besteak beste, Julieta Venegas, Belako eta Anarik jo zuten Ondarretako hondartzan, Txillida Lekun (Hernani) eta Miramar jauregian—, eta lehenengo aldi hark harrera ona izan zuela ikusita, aurten ere hainbat kontzertu egingo dituzte irailaren hasieran Gipuzkoako hiriburuan eta handik gertu. 6 eta 7ko asteburuan egingo dira kontzertu nagusiak, baina horren aurretik eta ondoren ere izango dira musika emanaldiak.

Tengger taldeak irekiko du festibala, irailaren 4an, Dabadaba aretoan. Hileko lehen asteburuan izango dira artista ezagunenen kontzertuak. 6an, ostiralarekin, Mudhoney grunge mugimenduaren ordezkari ezagunarekin batera, Lisabo, Melenas eta Ithaka ariko dira Aieteko parkean, Donostian. Biharamunean, berriz, jaialdia Txillida Lekura mugituko da, eta han joko dute Gorka Urbizuk, Sara Zozaiak eta Los Sara Fontanek.

Hurrengo asteburuan, 14an eta 15ean, Kursaaleko terrazetan izango dira emanaldiak, eta han ariko dira Toc, Pinpilinpussies, Pipiolas, Nueve Desconocidos, Teo Lucadamo eta Dalila.

Egitaraua osatzeko, gau elektronikoak izango dira Dabadaban, eta beste hainbat kontzertu Le Bukowski aretoan eta Kutxa Kultur klubean.

Jaialdia Dabadabak eta Gin Musica etxeak antolatzen dute, eta aurreko urteetan garai berean egiten zen Donostia Festibalak utzitako hutsunea bete zuen iaz.

Musika emanaldien osagarri, irailaren 5ean eta 6an udako ikastaro bat antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Jaialdien ereduari eta horrek XXI. mendeko kulturan duen inpaktuari buruz eztabaidatuko dute jardunaldiotan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.