Donostiako 47. Jazzaldia

Mugarik gabeko ahotsa

Umorearekin eta entzulearekin duen loturarekin batera, jazzaren 'bebop' estilo gogorrean ere erosotasuna eta zehaztasuna azaldu ditu Bobby McFerrinek, Kursaalean The Yellowjacketsekin emandako kontzertuan.

Bobby McFerrin atzo Kursaalean, eta haren atzean Russll Ferrante piano jotzailea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Haren kanta ezagunena —Don´t worry be happy izenekoa— eta musika komertziala entzutera zioala uste zuen entzulea errealitatetik urrun gelditu zen atzo. Bobby McFerrin a capella moduan munduko interprete bereziena dena, eta bere 4 oktabako ahots rangoagatik zein soinu efektuak sortzeko daukan trebeziagatik miretsia dena, Kursaaleko auditoriumean egon zen atzo, Bobby McFerrin & The Yellowjackets izenarekin bere proiektua eskaintzeko. Russell Ferrante apaingarri gutxi eskaini zituen piano jotzailarekin; mugarik gabeko teknika azkarra duen Felix Patorius baxu jotzailarekin; funk munduan oinarria duen William Kennedy perkusio jotzailarekin, eta zalantzarik gabe puntako kalitatea eta jazz ikuskizun handiena sortu duen Bob Mintzer saxo eta haize instrumentu jotzailarekin.

Nahiz eta argi zuen Bobbyk jazzaldi batera zetorrela, eta prestatutako kanta sortaren zati handi batek jazzaren ezaugarriak bete behar zituela, hasiera batean errepikakorrak eta lasaiak izan ziren bere ahotsarekin egiten zituen apaindurak, laukoteak sortutako testuinguruan. Kontzertuak aurrera egin ahala, estiloa funk bizi batera eraman zuen, eta mikrofonoa ezkerreko eskuan zuela eta eskuinekoarekin bularrean kolpeak ematen zituela, pixkanaka jazzaren estilo gogorrenetara joatera ausartu zen, entzulearen aurrean segurtasun osoa azalduz. Ezagunak diren kanta batzuen jazz bertsioa eskaini ondoren, Charlie Parkerren eta Dizzy Gillespiren Anthropology, eta horren mailakoak diren beste hainbat jazz estandarrekin ausartu zen, teknika eta zehaztasun handia eskatzen duen bebop estilo sakonean murgilduz. Bobby McFerrinek ezaugarritzat duen jendearekiko lotura eta umorea ez zituen alde batera utzi, entzulearekin joku musikalak eginez. Bestalde, argi utzi zuen, daukan teknika eta zehaztasunarekin jazzaren estilo gogorrenetan ere erosotasunez mugitu daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.