Mujika: «Plaza betea izango da azoka aurten»

Durangoko Azokak aurten ez duela zulorik egingo dio Gerediaga Elkarteak.Marta Cardenas artistak sortu du aurtengo kartela

Marta Cardenas artista, Durangoko Azokarako sortu duen kartelarekin. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Durango
2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
«Durangoko Azoka plaza betea izango da aurten». Datu zehatzik ez du eman Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak, baina pozik azaldu da Durangoko 49. Azokak daukan itxurarekin. Oraindik azokan parte hartzeko eskariak jasotzen dabiltza, baina badakite iaz baino erakusmahai gehiago izango dituztela, eutsi egingo dietela guneei, eta guneetako egitarau asko ere berehala bete direla. Ez dute dena alde izan. Iaz sekula baino jende gehiago bildu zuten arren, zulo ekonomikoa egin zuen azokak, eta horri buelta emateko sostengu handiagoa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei. «Lan egin dugu agerian, eta hainbat sukaldeko lan ere egin dugu, eta atera dugun ondorioa izan da, behintzat, aurtengo azokak ez duela iazko galerarik izango; mantendu egingo dugu azoka bere bidetik». Aurtengo zitarako Marta Cardenas artistak sortutako irudia aurkezteko antolatu zuten prentsaurrekoa atzo Durangon (Bizkaia), baina kartelarekin batera azoka ere egon egongo dela ziurtatzeko baliatu zuten aukera. Hurrengo asteetan emango dute abenduaren 5etik 8ra prestatutako egitarauaren berri.

Irmo Mujika azoka ereduari buruz. «Eredua ez dugu zalantzan jarri, hau da guk nahi dugun azoka eredua, eta azoka eredu honetan sinesten dugu». Ez zen debaldekoa aipamena. Azokarentzako diru saila handitzea erabakitzean, ereduari buruzko eztabaida ere mahai gainean jarri behar zela aipatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Gerediagaren ustez, ordea, nahiko sostengu badu egungo ereduak. «Alderdi guztiekin bildu gara urte honetan, eta alderdi guztien erantzuna izan da ona. Bat egin dute azoka estrategikoa dela. Horrek esan nahi du modu batera edo bestera azoka babesteko eta laguntzeko prest daudela». Kito, beraz, ereduari buruzkoak Gerediagaren aldetik, behintzat. «Nahiko lan badugu aurtengo azoka kalitatezko azoka izan dadin lortzen».

Distira. Ideia hori izan du Marta Cardenas artistak (Donostia, 1944) 49. Durangoko Azokako kartela egiterakoan buruan, eta horregatik hautatu du horia kolore nagusitzat. Zirriborro koadernoa eskuetan zuela azaldu zizkien atzo kazetariei sorkuntza prozesuaren nondik norakoak. «Ez nekien nola hasi, baina nire koadernoetan zerbait aurkitu nuen. Zer? Ba hau, Mexikoko marrazki bat [Kolon aurreko narrasti bat]. Koloreak nireak ziren, eta pentsatu nuen kartel baterako primerakoa zela». Eta hortik, beraz, azokarako hautatutako horia. Eta orriz orri joan zen moldatuz irudia, saialdiz saialdi, harik eta azken bertsiora heldu arte. Margolana bezain bitalista margolaria ere bere azalpenetan. «Azkenean, ondo geratu da, ezta?».

Ordainetan jasotako muxua

Ibilbide luzeko artista da Cardenas. Donostiako Musika Hamabostaldirako irudia sortu zuen 2002an, esaterako, eta Obabakoak nobelaren 25. urteurreneko edizioko ilustrazioak ere berak egin zituen. Madrilgo San Fernando akademian hasi zituen ikasketak, eta Parisen ere izan zen ondoren. Erretratuak eta paisaiak margotzen zituen nagusiki, baina 1996an abstrakziora egin zuen jauzi. Indiara egin zuen bidaia batean. Beste kulturekiko interesa piztu, eta orduan hasi zen beste kultura horien forma, irudi eta koloreekin esperimentatzen. Ikerketa horien arrastoa ere igardaiteke aurtengo Durangoko Azokarako sortutako kartelean. Azkenean, iruditik kanpo uztea erabaki duen arren, horregatik Mexikoko narrastiaren aipamena adibidez, eta horregatik kartelaren jite abstraktua ere.

Orain hiru urte hasi zuten elkarlana Gerediaga elkartekoak artista garaikideekin. Nestor Basterretxeak sortu zuen orain bi urteko irudia, Itziar Okarizek iazkoa eta Cardenasek oraingoa. Eskerrak eman zizkion, horregatik, Mujikak. «Kartel eder hau egiteagatik; gainera, musu truk». Galdera Cardenasek: «Musu truk?». Mujikak: «Bai». Eta artistak muxu orduan Gerediagako lehendakariari. Barrez jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.