Nola eta Steven Spielbergen hurrengo filmean lanean ari zela jakin zuen Peter Mullan eskoziarrak berak zuzenduriko Neds filmak eskuratu zuela Zinemaldiko filmik onena saritzen duen Urrezko Maskorra. War House lanaren filmaketa eten behar izan zuen-aktore lanetan ari da- ostiralean Ingalaterran, filmaren ekoizleak jakinarazi baitzion berri ona: «Handik bost minutura, Spielberg bera etorri zitzaidan zorionduz. Mila pertsona inguruko eszena bat filmatzen ari ginen, eta guztien aurrean, ia oihuka zoriondu ninduen».
Zoriona «bikoitza» izan zen Mullanentzat. Filma bera ez ezik, Connor McCarron protagonista gaztea ere saritu baitu Zinemaldiak, gizonezko aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorrarekin. Zuzendaria eta aktore gaztea, aktore gaztea eta zuzendaria, biak irribarretsu eta elkarri keinu maitekorrak eginez azaldu ziren argazkilarien aurrera, Maria Cristina hotelean. «Ona da sariak eskuratzea, baina hobea da publikoarengana iristea», esan zuen Mullanek.
Zinemagile modura ibilbide laburra du oraindik Mullanek. Lehenengo film luzea, Orphans, 1997an egin zuen, eta bigarrenarekin, The Magdalene Sisters-ekin (2003) Urrezko Lehoia eskuratu zuen Veneziako zinema jaialdian. Aktore modura, besteak beste, Ken Loachekin egindako lanengatik da ezagun Mullan. 1991n lan egin zuen lehen aldiz Loachekin, Riff-Raff filmean, eta gero, Braveheart (1995) eta Trainspotting lan ezagunetan parte hartu zuen. Cannesen saria jaso zuen My Name is Joe (1998) filmean egindako antzezpenarengatik. 1999an, Donostiako Sail Ofizialean izan zen Mike Figgisekin Miss Julie aurkezten. Urte horietan guztietan asko ikasi duela dio Mullanek: «Bai aktore modura eta bai zuzendari modura ere etengabe ikasten ari naiz. Eta ikasitako horrek asko lagundu dit film honetan aktore gazteekin lan egiten».
Aktore gazte horietako bat da Connor McCarron eskoziarra, Zilarrezko Maskorra irabazi duen aktore gaztea. 16 urte zituela parte hartu zuen filmaketan: «Prentsan agerturiko iragarki bati erantzunez etorri zen casting-era, beste 300 bat gazterekin batera, eta segituan konturatu nintzen bera zela egokiena», azaldu zuen Mullanek. McCarronek 70eko hamarkadako Glasgown kaleko bandetatik ihes egin ezinik dabilen Johnen papera antzeztu zuen. Saria lortuta gustura zegoen aktore gaztea, «baina garrantzitsuena Mullanen film batean lan egitea izan da», egin zuen ñabardura. «Zuzendari zoragarria da. Oso leun lan egiten du, eta askatasun handia ematen dio aktoreari. Aurrerantzean, zineman lan egiten jarraitzeko zortea badut, ez dakit horrelako beste zuzendaririk egokituko ote zaidan», bota zion lausengua zuzendariari.
Zuzendari izatetik, gehien horrexek betetzen du Mullan. «Gazteekin lan egitea gustatzen zait, haiengan konfiantza jarri eta barrenekoa atera dezaten». Filmaren mezuak gazteen autoestimuarekin zerikusi zuzena duela adierazi zuen. «Erakundeek askotan ez diete uzten gazteei izan nahi duten hori izaten, eta horrek arazoak ekartzen ditu. Filmak balio baleza gazteek bi aldiz pentsa dezaten bortizkeria erabili aurretik, gustura nengoke».
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA
Mullan: «Ona da sariak eskuratzea, baina hobea da publikoarengana iristea»
'Neds'-ek gazteengan eragina izatea espero du Urrezko Maskorra irabazi duen zinemagile eskoziarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu