Arraildu, patologizatu eta asimetriko irudikatu zuen pertsona Egon Schiele artista austriarrak (1890-1918). «Apokalipsiaren atarian aurkeztu zituen, hondoratzen ari zen gizarte batean, inongo babesik ez etorkizunik gabe», Klaus Albrecht Schroder komisarioak azaldu duenez. Hain ikusten zituen ahul eta bakarrik ezen inolako heldulekurik gabe marraztu zituen haietako asko, Bilboko Guggenheim museoan irekitako erakusketan ikus daitekeenez.
Eserita ageri da emakume bat, baina desagertu da aulkia (Emakumea biluzik, eserita, 1910). Biolontxeloa ari da jotzen musikari bat, baina desagertu egin da musika tresna (Biolontxelo jotzailea, 1910). «Austriako inperioa apurtzear zen, eta ezegonkortasun politikoa, ekonomikoa eta soziala zen nagusi berau osatzen zuten herrietan eta herritarrengan. Biotopo horretan, anabasa horren erdian kokatu behar dira Schielen obrak», Schroderren esanetan.
Bizitza egiazki laburra izan zuen Schielek. Gazterik zendu zen, 28 urterekin, eritasun baten ondorioz. «Izar iheskorra izan zen pinturaren izarrartean». Obra joria utzi zuen, alabaina. Eta Vienako Albertina museoan daude lan horietako asko. Bilboko erakusketan ehun lan inguru bildu dituzte: marrazkiak, urmargo, gouache-ak eta argazkiren bat. Margolanak ere sortu zituen, baina batez ere obra grafikoek egin zuten ezagun nazioartean. Ekarpenik handiena marrazkigintzan egin zuela diote adituek. «Paperean esperimentatu zuen koloreekin, eta paperean eman zion hasiera gero espresionismo austriarra izendatu zuten horri».
Gustav Klimten lanei erreparatu zien aurrena, baina laster deskubritu zituen Edvard Munch eta Vincent Van Gogh, eta orduan jakin zuen arteak ez zuela zertan ederrari eta naturari lotu, Vienako Arte Ederretako Akademian erakutsi zioten bezala. Konturatu zen arteak bazuela beste mundu bat erakusterik, barnekoa, egiazkoa. Eta pertsona jarri zuen bere obraren eta arkatzaren ardatz. Emakumeak eta haurrak izan ziren haren modeloak. «Gertuko pertsonak, eskura zituenak. Egun atzera eman diezaguketen pertsonaiak dira, interpelatu egiten baikaituzte». Errealitateari ahalik eta fidelen heldu nahi izan zion artistak. Toki urrunetan ezer bilatu gabe. Nolanahi den, aurrez aurre zeuzkan pertsona horien barnean arakatu zuen, kanpotik zein barrutik biluziz, egia barneko geruzetan gordetzen delakoan. «Garai zailak ziren arlo politikoan eta sozialean. Haustura gertatzear zen, eta pertsonak ere arraildurik ikusten zituen Schielek, emozionalki erabat apurturik».
Sexualitatea, agerian
Sigmund Freuden teorien jarraitzaile izan zen, halaber. Pertsonaien bulkada sexualak lehen planora ekarri zituen, horrenbestez. Baita haurrenak ere. Eta horrek arazoak sortu zizkion gizarte kontserbadorean. Preso sartu zuten hiru astez. Eta han idatzi zituen bere testigantza hunkigarrienetakoak, Schroderrek dioenez. «'Umeen sexualitatea ezkutatu egin dugu. Badirudi ahaztu egin dugula umeak ginenean sexua gustatu egiten zitzaigula', idatzi zuen». Horretaz gain, marrazki ugari egin zituen. Ez naiz zigortua sentitzen, araztua baizik, Laranja hura zen argi bakarra eta Atea erdi irekia obretan (1912) espetxeko logela marraztu zuen.
Haatik, komisarioak argi utzi du Schielek ez zuela inoiz «jarrera pedofilorik ez tankerakorik» erakutsi. «Walburga Neuzil Wally- modeloaren bikotekidea izan zen, eta geroago Edith Harmsekin ezkondu zen».
Bilboko erakusketan biluzi ugari daude, emakume zein haurrenak. Ez hori bakarrik; lan homoerotiko bat ere badago: Bi gizon (1913). «Aberrazio gisa aintzat hartzen zen jarreraren aurkikuntza goiztiarra» dela uste du Schroderrek.
Izan ere, Schielen obra gizateriaren inguruko galderaz josia dagoela nabarmendu du komisarioak. «Ez zuen artea ospatzen Klimtek bezala. Etengabe galdetzen zuen: nortzuk gara? Nora goaz?».Hala, gorputz hautsiak marraztu zituen, keinu bihurriak, oinaze begiradak, izate nahasiak». Eta, ondorioz, «hizkuntza piktoriko berria garatu zuen. Geldirik dagoen gorputzaren mugimendua eta tentsioa jaso zituen». Lanetako batean, esate baterako, bere emazte Edith Harmsekin ageri da. Harms alai eta bizi dago; bere burua, ordea, panpina hautsi baten moduan irudikatu zuen, bizitzaren alde biak islatuz. «Zuria eta beltza, bi planoren arteko haustura berriz ere». Eseritako bikotea (1915) izenburu duen lan horretan, maisutasun handiz erakutsi zuen gizakiaz zuen pertzepzioa, alegia, funtsean munduan bakarrik dagoela eta ezerk sostengatzen ez duela.
Bere buruarekin ere izugarri jolastu zen. Makina bat aldiz pintatu zuen. «Rol asko interpretatu zituen: perbertituarena, erasotzailearena, zoroarena... Bere burua halako keinuekin, halako egoeretan irudikatu zuen, konplexurik gabe eta zintzotasun osoz, uste baitzuen aldarte horiek guztiek osatzen zutela pertsona. Hau da, inork ez zuela aurpegi bakarra, jendeari erakusten zion alderdi eder eta garbia, baizik eta nork bere barnean mundu ugari zituela eta horien batuketak osatzen zuela pertsona».
1917an, Amsterdamen, Stockholmen eta Kopenhagen antolatutako erakusketetan aurkeztu zituen bere lanak, arrakasta nabarmenez. Baina Austriako arte berria goiburupean 1918an egindako Vienako Sezesioaren 49. erakusketan jo zuen goia. Lan andana saldu zuen, eta enkargu batzuk ere jaso zituen.
Alabaina, Austriako inperioarekin batera amaitu zen Schielen bizitza. 1918ko udazkenean Europan milaka hildako eragin zituen gripe espainiarra zeritzonarekin gaixotu zen bere emazte Edith Harms, sei hilabeteko haurdun zegoela. Schielek zaindu zuen goiz eta gau. Eta hiru eguneko tartean hil ziren biak.
Harrezkero, ia mende bat igaro da. Baina Schieleren lanek gaurkotasun handia dute. Oso garaikideak dira, hala moldean nola edukian. Erakusten dituzten pertsonaien larritasunak eta egonezinak ez zaizkio urruneko egingo ikusleari. Ezta horiek aurkezteko moduak ere.
Gazterik hil zen, baina bizi izatekotan zein bide hartuko zukeen jakitea ezinezkoa dela dio komisarioak. «Ez dago jakiterik. Agian ez zuen bere tokia aurkituko. Haustear zen gizarte batean erditu zen Schieleren bikaintasuna; egonkortasun eta lasaitasun giro batean batek daki bidea egiterik izango zuen».
ERAKUSKETA
Izenburua. Egon Schiele. Albertina museoko lanak. Viena.
Lekua. Bilboko Guggenheim museoa.
Noiz arte. 2013ko urtarrilaren 6ra arte.
Mundu arraildua
Egon Schieleren marrazkien erakusketa ireki dute Bilboko Guggenheim museoanInongo heldulekurik ez duten pertsonaiak dira artistaren obraren ardatza; kanpotik ez ezik, barrutik ere biluzik ageri dira gehienak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu