Kantuaren oinarrizkoari heldu dio Xabier Montoiak musikaren mundura bueltatzeko orduan. Ni ez naiz Xabier Montoia (Metak, 2002) argitaratu zuenetik bederatzi urte joan dira, eta edozein garai eta formaziorekin jo ahalko lituzkeen kantuak bildu ditu Montoiaren mundu miresgarria (Bidehuts) lan berrian. Klasikoak bere zentzurik zabalenean. «Balio beharko luketenak bi urte barru edota duela hamar. Modu askotara jo daitezkeen kantuak, orkestra batekin edo rock talde batekin».
Diskoaren atzean, baina, ez dago orkestra bat. Ezta rock talde bat ere.Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Ibon Rodriguez (Eten, Le Noise) izan ditu bidaide bakarrak abentura berrian. Bi musikariak eta haien musika tresnak: biolontxeloa, melodika, pianoa eta ahotsa Arroitajauregiren kasuan, eta pianoa, gitarra, kalinba eta ahotsa Rodriguezenean. «Pianoak eta txeloak eramaten dituzte kantuak aurrera; haiek jarri dute oinarria», azaldu du kantariak.
Rodriguez aspalditik ezagutzen du, lanean elkarrekin aritu baitziren orain dela urte batzuk. Orduz geroztik, adiskidetasuna sortu da bien artean, eta diskoa grabatu aurretik ere aritu dira elkarrekin, Mikel Laboaren omenezko Txinaurriak lanean, besteak beste —Xoxo beltza: A Round Midnight grabatu zuten—. «Maitek Ibonekin ere egin izan ditu gauzak, eta niri ere gustatzen zait bere lana. Dena oso modu naturalean joan da sortzen. Duela urtebete hasi ginen entseatzen, eta gero prestatu ditugu kantuak».
Kantuak Montoiak berak idatzi dituen arren, haiek atontzeaz hirurak arduratu dira, Arroitajauregik dioenez: «Hori izan da gure lana, kantuak janztea edo biluztea». Lan horretan, Rodriguezek berebiziko garrantzia izan du, ekoizpenaz arduratu baita Ander Barriuso teknikariarekin batera. Eta hasieratik izan zuen argi «akustikoa baino gehiago organikoa» izango zen soinua lortu nahi zuela. «Horrek esan nahi zuen Montoiaren aurreko diskoetatik aldendu eta beste muturrera jo behar genuela», dio Rodriguezek.Erritmoei iskin egin die, eta, aurreko lanetan ez bezala, baxua eta bateria ez dira ageri diskoa osatzen duten hamar kantuetan. «Kantuek beren erritmoa dute, baina ez dago azalean; bilatu egin behar da. Apurtu nahi genuen aurreko diskoekin, eta abstrakziora jo». Hain zuzen ere, ekoizpenak kantua ito ez zezan nahi zuen Montoiak: «Beti kantuaren alde egin dugu, eta ez musikarien edo ekoizpenaren alde. Kantu bakoitzak ezinbestean behar zuen osagaia gorde dugu, eta gainerakoa bazterrean utzi». Diskoa uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran grabatu zuten, Eibarren, Legarre estudioan.
Izan ez zen diskoa
Ni ez naiz Xabier Montoia diskoan elementu elektronikoak eta erritmikoak nagusi ziren, eta bide horretan sakondu zuen Deus guti, grabatu bai, baina inoiz argitaratu ez zuen diskoan. «Hura elektronikoa zen goitik behera, ordenagailuekin grabatua. Eta oraingoan, ordea, kontrakoa egin nahi nuen. Ordenagailurik gabe lan egin, eta oso modu organikoan», azaldu du Montoiak.Kantaria musika beltzaren zalea izan da, eta horren eragina «hor dago» oraingoan ere. «Ezin dut neure burua ukatu, baina eragin hori askoz txikiagoa da lan honetan».
Deus guti-ren grabazioa «oso esperientzia» txarra izan zen Montoiarentzat, eta pentsatu ere pentsatu izan du Montoiaren mundu miresgarria bere azkeneko diskoa izango dela. «Disko hark urteak iraun zuen, hiru bat urte. Pertsonalki esperientzia gogorra izan zen». Horrek eta musikaren industriaren krisiak eraman zuten musikaria etorkizunean diskorik grabatuko ez zuela pentsatzera: «Oraindik zalantzak ditut, batik bat formatuari dagokionez: LPa, hamar kantu... Ez dakit egingo dudan, eta ez dakit besteek ere egingo duten. Ez dut uste. Suposatzen dut singleen garaira itzuliko garela; kantu bakarra grabatu eta saltzera».
Orain Deus guti iragana da Montoiarentzat. Ez du berreskuratu nahi. «Duela bost urte utzi nuen nire bizitzatik kanpo, eta ez nuke nahi bueltan». Nolanahi ere, disko hartarako grabatu zuen kantu bat, Gezurren bat, disko berrira ekarri du, oso bertsio ezberdinean bada ere.
Baten batek kontrakoa pentsatu duen arren, diskoaren izenburuari «ironiaz» begiratu behar zaio, Montoiak dioenez. Harena ez baita «mundu miresgarria». Nolanahi ere, diskoaren izenburuak diskoaren edukiari erantzuten dio neurri batean, kantu gehienek munduari egiten baitiote aipamen. Batean salbu, beste kantu guztietan agertzen da mundu hitza. «Horri bueltak emanez sortu zen izenburua. Mundu miresgarrien formula askotan erabili izan da, komikietan nahiz liburuetan, eta hor ikusi nuen istorio bat». Gainera, Montoiaren iraganarekin ere lotzen da izenburua, grafikoki bada ere, kantariak grabatu zuen lehenengo diskoaren oihartzunak dakartzalako (M-ak taldearen Mmm, 1983).
Irailaren amaieran lehenengo kontzertua eman zuten hirurek Elgoibarren, eta, aurrera begira ere, zuzeneko emanaldietan daukate jarrita gogoa. Azken batean, estudioan baino gehiago gozatzen du Montoiak agertoki gainean. «Estudioan ez dut gozatzen, eta jendaurrean aritzea, berriz, gustatzen zait. Neurri batean, diskoa horretarako aitzakia da», dio Montoiak. Hilaren 18an Beran (Nafarroa) ariko dira, abenduaren 4an Eibarren (Gipuzkoa), eta 8an Durangoko Azokan kantu batzuk joko dituzte Ahotsenean. Abenduan Erromara joango dira kontzertu bat ematera, eta 23an Rafa Ruedarekin partekatuko dute agertokia Ondarroako Kafe Antzokian (Bizkaia).
Mundu biluziak
Elektronika bazterrean utzita, oinarrizkora jo du Xabier Montoiak 'Montoiaren mundu miresgarriak' disko berrianMaite Arroitajauregi eta Ibon Rodriguez izan ditu lagun proiektu berrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu