Mundua ahoskatzeko manerak

Hamabost idazleren lanak biltzen dituen liburua kaleratu du Iruñeko Euskaldunon Biltoki elkarteak

Fernando Rey itzultzailea, Hitza bide, bizia xede liburua eskuetan duela. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hitza da giltza. Hori dio, behintzat, Fernando Rey itzultzaileak. Ez da hutsetik ari, esperientziaz baizik. Dioenez, hitzen beharrak bultzatu zituen Iruñean dagoen Txantrea auzoko euskaltzaleak Euskaldunon Biltoki elkartea sortzera. Euskalduna izango zen gune bat sortzeko gogoak. Eta hitza ospatu nahi izan dute elkartearen hamargarren urteurrenean ere. Hamabost idazleren lanak biltzen dituen liburua kaleratu dute horretarako, Hitza bide, bizia xede (Pamiela) izenburupean. Reyk hartu du antologiaren ardura, eta mundua ahoskatzeko maneran partaide izan arren, bere moldera aritu da sortzaile bakoitza liburuan. Sona handiko idazle batzuk ere bai, tartean: Bernardo Atxaga, Aingeru Epaltza, Joseba Sarrionandia, Miren Agur Meabe, Castillo Suarez...

Elkartearen hamar urteko historian beren egoitzan aritu diren idazleen lanak biltzea zen hasierako asmoa, baina gertuko dituzten beste batzuenak ere gehitu dituzte, azkenean. Hizlari izandakoak, lagunak, lankideak... Gertutasun hori du liburuak abiapuntu, eta nahasian doaz horregatik guztiak, Reyk azaltzen duenez. Poetak eta narratzaileak, idazle zirtolariak eta serioagoak, Txantrea bertakoak eta kanpokoak. «Batera eman nahi izan ditugu guztiak, auzokide ditugunak eta izen handia dutenak. Atxaga, Xabier Olarra, Xabier Mendiguren eta besteen ondoan daude Txantreakoak diren Kruzi Barrena, Fertxu Izquierdo, Arantza Santesteban eta Mikel Legarra. Bata bestearen ondoan».

Ekarpen bat baino ez zieten eskatu sortzaileei, eta berea egin du bakoitzak. Bakoitzak bere moldekoa, baina guztiak sekula argitaratu gabeak. Bere amari buruzko kontakizun bat idatzi du, adibidez, Atxagak. Hemendik gutxira argitaratuko den Kristalezko begi bat izeneko liburuko pasarte bat da Meabek egindako ekarpena, eta zirtoz betetako hiztegi bat egin du Olarrak. Aforismo kutsu bat badute, gainera, definizio horietariko batzuk. «Lerdo» hitzarenak, esaterako. «Lerdo: Izond. Bestak halakotzat dauzkana» .

Klasikoen gaurkotasuna

Epigrama sorta bat egin du Sarrionandiak libururako, Martzial idazle klasikoaren estilora. Baina tradiziozko moldeak erabiltzeak, ez du esan nahi aipatzen duenak gaurkotasunik ez duenik. 25. epigrama da horren froga: «Gauza batzuen alde hiltzeko gai zinela erakutsi omen zenuen noizbait, Camillius. Gauza haien alde bizitzeko gai zarela erakutsi behar duzu orain egunero».

Bilduman badira saritutako lan batzuk ere. Hori da, esaterako, Fertxu Izquierdoren kontakizunaren kasua. Atarrabiako Udalak antolatutako lehiaketa irabazi zuen Bizitzaren bueltak izeneko narrazioarekin 2006an. Orain argitaratu dute lehenengoz, ordea. Eta antzera gertatzen da Epaltzaren kontakizunarekin ere. Zangoak bezain motel deitzen da, eta maki gisa ibilitako zenbait pertsonaren istorioa kontatzen du. Katalunieraz argitaratua zuen ipuina , baina Euskaldunon Biltokik egindako bilduman irakur daiteke euskaraz lehenengoz. Idazleez gain, Polo Gartzia marrazkilariak ere hartu du parte liburuan, lan bakoitzari irudi bat gehitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.