Juan Zapater. Bilbao Arteko zuzendaria

«Munduko gauzarik ez komertzialena saltzen dute artistek»

Artisten trebakuntza intelektuala eta obren zabalpena areago sustatu nahi ditu, eta ikus-entzunezkoen arloari ere tarte handiagoa eman.

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Urriaren erdialdean hartu zuen Juan Zapaterrek (Iruñea, 1955) Bilbao Arteko zuzendari postua.Gunearen sorreratik, hots, 1998tik kargu horretan izandako Javier Riañok bere ibilbide artistikoari berriz ekiteko utzi zuen ardura hori. Urteetan kazetari izanikoa, erakusketen komisariotzan bide oparoa eginikoa da Zapater, baita zinema kritikari gisa ere.

Zer ekarriko dio urte berriak Bilbao Arteri?

Orain artean izandako egitura indartu baino ez dut egingo. Giza faktorea lehendik zegoen egitura bateko berniz geruza mehe bat baino ez da. Besterik da berniza luzaroan emanez gero, geruza mardula bihurtu eta egituraren zigilu izan daitekeela.

Zinema ziklo ugari antolatutakoa da Zapater, eta bere blogean, Ghostintheblog.blogspot.com-en, argitaratzen ditu aretoetan ikusgai dauden filmen kritikak. Zinemak bizi du, eta ez du ezkutatzen Bilbao Arten zaletasun horren arrastoa nabarmena bainoago izango dela. «Arte plastikoen eta zinemaren artean mesfidantzazko harremana izan da beti, eta zinema museoetatik kanpo utzi izan da luzaroan. Azken hamarkadetan erabat aldatu da».

Zergatik du zinemak onarpen handiagoa artean orain lehen baino?

Digitalizazioarekin, artistek zinemaren baliabideetarako aukera eskuratu dute. Gaur egun, merkeagoa da euskarri digitalekin lan egitea olio pinturekin baino. Zinema komertziala dago batetik, eta ikus-entzunezkoa bestetik, hizkuntza artistikoa, bestelako adierazpideetarako baliatzen den teknika. Artistentzat aukera bat gehiago da, garai batean pintore batek grabatuak edota eskulturak egin zitzakeen bezala. Ikus-entzunezkoek gero eta tarte zabalagoa dute egungo artean, eta hori hala denez, Bilbao Arten ezin diogu bizkarra eman zinemari, hau da, ikus-entzunezkoei. Nik nahiago dut ikus-entzunezkoak esan, zinema beharrean. Zinema komertzial eta narratiboak kapitalizatu du hitz hori. Hollywoodeko zinema klasikoak, batez ere. Abangoardiako zinema artistikoak zerikusirik ez du horrekin. Eta nik zinema mota hori landu eta baliatu nahi dut Bilbao Arten, ez bestea.

Zein erronka dauzkazu Bilbao Arteko zuzendari gisa?

Egunerokoari erreparatzen diot, eta unean-unean bizi dudanari erantzuten. Abian jarri ditugu prozedura batzuk Bilbao Arte osatzen dugunok, hala langile eta artistak nola erabiltzaileak integratzeko. Obrak eztabaidatzeko eta aurkezteko guneak indartu nahi ditugu. Esaterako, ikasturtearen amaieran, alegia, abenduko azken aste bietan, artista bekadunek kamera aurrean azaldu zuten Bilbao Arten lan egitea zer izan den haientzat. Horrekin lortzen dugu haien bizipen eta obraren inguruan hausnartzea, eta zentroan ere lan horren lorratz kontzeptual eta intelektual bat uztea.

Artisten eta herritarren arteko zubi lana ere egin dezake material horrek.

Artistaren azalean jartzen lagun diezaioke ikusleari, artista ulertzen. Hemengo artxibategian geratuko da betiko material hori, eta hogei urte barru hemendik pasatutako artistak iristen badira maila interesgarri batera, ibilbidearen oinarriaren testigantza bat izango dugu hemen. Urtarrilaren erdian etorriko diren bekadun berriekin hasieratik egingo dugu prozesua. Landuko duten proiektua azalduko dute, eta ikasturte erdian eten bat egingo dugu ordura arteko ondorioak azaltzeko. Urtea amaitzean balantzea egingo dute, kamera aurrean dena ere.

Espazioan ez ezik artearen esparruan eragingo duen erakundea ere izatea nahi duzu?

Hori da. Bilbao Artek Bilboko arte panoramaren oinarrian egon behar du. Sustatzaile izan behar du Bilbon gauzak gerta daitezen. Oroz gain, Bilbao Arte artistek artea ekoizteko espazioa da, baina artea ez dago gizarte honetan gertatzen denetik kanpo. Eta artista ez da eskulangilea, sortzailea baizik. Hau da, ariketa intelektual baten ondotik sortu egiten du. Horregatik, garrantzitsua da lanaz gogoeta egitea, aztertzea eta hitzez adieraztea. Horretarako, tresnak eman behar zaizkie.

Artisten lanaren zabalpena indartzeko asmorik baduzu?

Horretan indar handia inbertituko dugu, hainbat ekimen bideratuz. Zinema emanaldiak egingo ditugu, solasaldiak, hitzaldiak, erakusketak... Areto bat prestatzen ari gara ikus-entzunezkoak erakutsi ahal izateko. Orain artean, patioan dagoen espazioarekin moldatu gara, baina egunez argi gehiegi dago, eta iluntzen duenean, hotz handia egiten du.

Iruñetik Bilbao Arteri inbidia pitin batez begiratzen zeniola esan duzu...

Bilbao Arteren eredua esportatzeko modukoa da. Pozgarria litzateke baliabide gehiago edukitzea eta, ondorioz, zentroaren jarduna handitzeko aukera.

Krisitik ez da inor libro. Bilbao Arte ere ez?

Gurearen moduko gizarte batean krisiaz hitz egitea lotsagabea iruditzen zait. Austeritate ariketa bat ondo etor dakiguke, batez ere baliabideak neurtzeko eta xahutzea ekiditeko. Bilbao Arten, hogei artistek dute beka, eta hamarrek espazioa. Erantzukizun politikoa da espazio publikoak herritarren zerbitzura jartzea. Espazioak ezin daitezke hutsik eduki. Kudeatzeak arazoak ekar ditzake, baina nahiago dut arazoei aurre egin saihestu baino. Horregatik, sei hilabetez dauden artisten espazioa beste batzuei lagatzen saiatzen gara. Artistek sufritzen dute krisia, inork sufritzekotan. Haien lana gogoeta egitea da, amestea, harramazkatzea, utopia aldarrikatzea... Munduko gauzarik ez komertzialena da artea, eta hori saltzen dute artistek.

Nazioarteko beste zentro batzuekin lankidetza hitzarmenak dauzka Bilbao Artek, baina hemengo erakunderen batekin lan egitea aztertu duzu?

EHUrekin harremanetan gabiltza, Arte Ederretako fakultateko masterrak eta gisako ikasketa eta egitasmoak Bilbao Arten aurkez ditzaten, eta horien barruko ekintzetarako espazio gisa erabil dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.