Literatura

Munduko herrialdeak, poesiaren izenean batuta

Southbank zentroak mundu osoko poetak bildu zituen aurreko astean Londresen, Poetry Parnassus jaialdian. Eli Tolaretxipik parte hartu zuen euskaraz.

Eli Tolaretxipi, parte hartu zuen Poetry Parnassus jaialdiko bi emanalditan. Eskuinean, lehen emanaldian, eta ezkerrean, bigarrenean. ESTIBALITZ EZKERRA.
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Arteak hartu ditu Londresgo kaleak, eta Southbank zentroak betetzen duen eremua, Tamesis ibaiaren ertzean, ez da salbuespen. Ekainetik konplexu arkitektonikoa —munduko arte zentrorik handiena dela esatea gustatzen zaie londrestarrei; izan ere, Royal Festival Hall, Hayward Gallery, Queen Elizabeth Hall, Purcell Room, Poesia liburutegia eta ikuskizunetarako 21 akre biltzen ditu— eskulturaz eta horma-pinturaz inguraturik dago. Eraikinen barruan ere instalazio interesgarri askoak aurkituko ditu bisitariak. Besteak beste, Lucy + Jorge Orta artista taldeak egindakoa, Antarctica World Passport—Delivery Bureau. 1959an Argentinak, Australiak, Belgikak, Txilek, AEBek, Frantziak, Erresuma Batuak, Japoniak, Norvegiak, Zelanda Berriak, Hegoafrikak eta SESB ohiak sinaturiko itunak ezartzen du Antartika lankidetza kultural eta zientifikorako lurralde komuna dela, eta ekintza militar oro debekaturik dago han. Horregatik, hain zuzen, Lucy + Jorge Orta bikotearentzat Antartika bakea eta gizarte aurrerapena helburu duen komunitatearen adibide da. Beren instalazioan, mundu osoko banderek, oihal zatiek eta argazkiek osatua berau, ideia horretan oinarritu dira, nazio berri bat proposatzeko. Nazio horretako kide izan nahi duenak bertan egin dezake Antartikako mundu pasaportea eskuratzeko tramiteak, munduko herritar izendatzeaz gainera munduan askatasunez bidaiatzeko aukera eskainiko diona, modu sinbolikoan jakina. Mugen zentzugabetasunaz urteak hitz egiten bagabiltza ere, utopia baita oraindik munduan nahierara ibiltzea.

Hitzen trukatzea

Lucy + Jorge Ortaren lanak ondo laburbiltzen du Poetry Parnassusen edo Southbank zentroak berak aurreko astean jaso zuen jaialdiaren nondik norakoa. Astebetez, 204 herrialde ordezkatu zituzten beste horrenbeste poetek beren lana beren ama hizkuntzan irakurri zuten. Euskal Herriaren izenean Eli Tolaretxipi aritu zen jaialdian. Haiekin batera hainbat boluntario egon ziren, dela itzulpenak egiten, dela ekintzetan parte hartzen. Ekitaldiaren lekukotasun gisa, gonbidatu guztien poema bana liburu batean bildu dute, The World Record: International Voices from Southbank Centre's Poetry Parnassus delako antologian.

Bigarren Mundu Gerra ostean zabaldu zuten Southbank zentroa, 1951n hain zuzen, eta ordutik kultura sustatzea izan da haren helburua. Aurten, Londresen mundu osoko kirolarien topagune diren Olinpiar Jokoak izango direla aitzakia hartuta, kultura arloan espiritu bereko ekitaldi bat antolatu behar zutela otu zitzaien. Horrela sortu zen Poetry Parnassus. Kirolarien ordez, mundu osoko poetak gonbidatzea zen helburua, baina elkarren kontra lehian ibili beharrean, beren lana elkarri irakurriko zioten. Hortik jaialdirako Parnassus izena aukeratu izana.

Greziar mitologiaren arabera, musen etxea zen Parnaso. Han zegoen Castalia iturria, bere uretatik edaten zuena inspirazioz betetzen zuena. Topagune eta inspirazio iturri, kontzeptu horiek beraiek erabiltzen ditu Anna Selby Southbank zentroko literatur ekitaldien koordinatzaileak Poetry Parnassus azaltzeko orduan. Jaialdiak hitzen eta istorioen trukea erraztea lortu nahi zuten, eta poesiak betidanik horixe egin duela ohartu ziren. «Utopia da mugarik gabeko mundua imajinatzea. Hizkuntza ezberdinetan mintzo gara, kode ezberdinak erabiltzen ditugu. Baina poesia kultura guztietan aurkitzen den zerbait da. Poesiak batu egiten du hizkuntzak bereizi egiten duena», adierazi zuen Selbyk jaialdiko ekitaldietako batean. Beraz, kultur aniztasuna ez ezik, poesia bera ospatzea zen Poetry Parnassusen xedea.

Nor bere hizkuntzan

Poesia metahizkuntza bat izatera irits daitekeela edo izan badela esatea ausartegia litzateke, komunikazio ekintza bat den heinean hizkuntzaren ulergarritasunaren menpe dagoelako. Selbyk berak onartu zuen itzultzailearen lana poetarena bezain garrantzitsua dela gaur egun, eta jaialdiak argi utzi zuen hori. Hain zuzen, poeta guztiak beren jatorrizko hizkuntzan aritu ziren, eta ondoan zuten itzultzaileak ingelesera aldi bereko itzulpena egiten zuen bitartean.

Itzulpenaren gaiak gertaera bitxia eragin zuen jaialdiko ekitaldi izarra izan behar zuen (eta izan izan zen) irakurraldian. Royal Festival Hall ezagunean bildu ziren Wole Soyinka (Nigeria) eta Seamus Heaney (Irlanda) Nobel saridunak zein Kay Ryan (AEB), Jo Shapcott (Ingalaterra), Kim Hyesoon (Hego Korea), eta Bill Manhire (Zelanda Berria) poetak. Hyesoon izan ezik gainerakoak ingelesez arituko zirela aurreikusita zegoen. Baina, antza denez, Heaney ezeroso zegoen Irlanda ingelesa bakarrik hitz egiten duen herrialde moduan azaltzearekin. Horregatik, bere saioa irlanderaz idatzitako poema batekin hastea erabaki zuen, eta jarraian ingelesera itzuli zuen, jaialdiaren politikarekin bat egiteko. Poetak barkamena eskatu zuen atzerriko hizkuntza batean idatzia izateaz gain berea ez den poema bat hautatzeagatik, baina Poetry Parnassusera bere jaioterriko hizkuntzaren doinua ere eraman nahi zuela azaldu zuen. Azken batean, gainerako poetak beren ama hizkuntzan aritu izan baziren, zergatik ez bera?

Heanyk ez zekiena zen gainerako poetak ez zituztela beren ama hizkuntzagatik gonbidatu, beren lana jadanik ingelesera itzulita dagoelako baizik. Hau da, ingelesari esker ziren haien ahotsak ezagun. Baina Poetry Parnassus, antolatzaileek adierazi bezala, lurralde komun bat baldin bazen, zergatik egin hizkuntz bakarraren aldeko apustua? Are gehiago, zertarako behar du munduko herritarrak pasaportea mugarik gabeko munduan ibiltzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.