Munduko zauriei irekia

Aurreko lanean irekitako begirada sozialari segida eman dio PJ Harveyk 'The Hope Six Demolition Project'-en. Datorren astean kaleratuko du bederatzigarren lana.

PJ Harveyk hainbat musika tresna jotzen ditu The Hope Six Demolition Project diskoan, tartean saxoa.
gorka erostarbe leunda
2016ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Beti edo gehienetan egin ditu gauzak bere modura. Eta, hala ere, edo akaso horregatik, gutxi izango dira azken 25 urteetan rock eta poparen munduan hark adina zaharberritu duenik bere diskurtsoa, eta hark adina itzal sortu duenik ingurukoengan; post-punk unibertsoko ahots feministatik hasi, piano gotikoen gainean falsettoarekin kantatu eta garai victoriarreko emakume moduan jantzi eta kantatzetik igaro, eta gai autoerreferentzialetatik haragoko talaia bere eginez gai sozial eta geopolitiko zabalagoei begirada pertsonal bat itsasteko gai izateraino.

1992an egin zuen agerpena Polly Jean Harveyk (PJ Harvey izen artistikoz) Dry lanarekin, etaRid of Me (1993) enblematikoarekin segida eman zionetik, rock underground anglosaxoiko figura ezinbesteko bihurtu zen. Laudatu eta adoratu. Maite zuen indie publikoak, maite zuten rockeroagoek, maite kantugile ilun existentzialisten zaleek, eta baita, modu nabarmenean bere gremioko hainbat eta hainbat sortzailek ere, berari eragin ziotenek beraiek aitortu izan baitute gerora bere eragina, nola Patti Smithek, halatsu Nick Cavek —zeinarekin Henry Lee gogoangarria grabatu zuen australiarraren Murder Ballads diskorako, eta geroago biek aitortu zutenez, harreman oso hurbileko eta intentsu bat partekatu zuten— edota Kurt Cobainek berak hil aurretik —bere 50 disko gustukoenen artean sartu zuen Dry—.

Grungea, rock esperimentala, kantagintza tormentatua, folka eta beste landu eta besarkatuak zituen Harveyk, eta baita ondo besarkatuak ere, bere ibilbideak bi hamarkada bete zituenean. Erotismo gordin mindu batezondutako letrak idazteagatik nabarmendu zen; Nabokov, Burroughs eta Bukowski irakurtzen zituen trobadore gerrillaria zen, bakarlari izanik ere edozein punk riot girl taldek adinako indarra eta poetika propio bat uztartzen zituena. Eta zenbaitentzat, garaiko musikari eta artista asko bezala, pertsona nartzisista eta bere baitara bilduegia. Alabaina, testuinguru sozio-politikoakedo bere bilakaera pertsonalak eraginda—nork jakin zehazki, ez baita bilakaera antzeratsukoa izan duen bakarra— ordura arteko espektro tematikoa zabaltzea deliberatu zuen Let England Shake (2011) orain arteko azken diskoan. Eta erdiz-erdi asmatu zuen lengoaia berriarekin, urteko disko onentzat hartu baitzuten agerkari gehientsuenek. Hartan, Irak eta Afganistango gerrek sortzen zizkioten inpotentzia eta amorru sentimenduak azaltzen zituen, eta inperialismoa edota urguilu nazionalaren tankerako kontzeptuak aztertzen. Erresuma Batuaren historiaren kritika ageri zen konstanteki, baina harago zihoan, gerraren ikuspegi global bat azalduz. Dorset bere jaioterriko elizan grabatu zuen bost astetan, eta besteak beste, James Joyce eta T.S. Eliot idazleen eta The Doors eta The Velvet Underground taldeen eragina izan zuela aitortu zuen.

Eta harekin guztiarekin bide berri bat zabaldu zion bere musika jarduerari, eta hura ulertzeko moduari. Eta, barneko zauriei adina munduko zauriei begiratzeko deliberamenduari eutsi dio datorren ostiralean kaleratuko duen The Hope Six Demolition Project lanarekin.

Sortzea, gatazka guneetan

Aurrekoan eliza bat hautatu bazuen, oraingoan Londresko Somerset House etxea aukeratu zuen grabaketa saioetarako. Tamesis ibaiaren ertzean kokatutako XVIII. mendeko jauregi neoklasikoa da, eta 1997tik ekimen artistikoetara bideraturik dago. Grabaketa saioak urtarrilaren 16tik aurrera izan ziren, eta publikoak ikusi eta entzuteko moduan egin zituen. «Arte galeria bateko erakusketa ikustea bezala izatea nahi dut, eta espero dut publikoak esperimentatu ahal izango duela grabaketa prozesua».

Esperimentatu bai, baina publikoak ezin izan zuen Harveyrekin eta musikariekin ez hitz egin ez beste inolako hartuemanik izan, haiek ez baitzituzten ez ikusi ezta entzuten ere, grabaketa estudioa biltzen zuen kaxa gardena baitzen kanpotik barrura, eta opakoa barrutik kanpora. Bertaraturikoek15 libera (19 euro inguru) ordaindu behar izan zituzten, gehienez 45 minutuko sesioak entzuteko. Grabaketak otsailaren erdialdera arte iraun zuen.

Baina kantuak sortzeko prozesua Ingalaterratik kanpo bizi nahi izan du. Munduaren zauriei erreparatu nahi izan die berriz ere, eta hartarako Afganistan, Kosovo eta Washington DC bisitatu zituen, in situ materiala biltzeko. Eta aurreko lanean bezala, alboan izan du bidaide nekaezin bat, Seamus Murphy argazkilaria. Let England Shake diskoko hamabi kantuekin beste horrenbeste bideo pieza egin zizkion, eta oraingoan, aipatu lurralde eta guneetako irudiak ateratzen eta bereganatzen lagundu dio. «Kantu bat konposatzen ari naizenean, eszena guztia bisualizatzen dut. Koloreak ikus ditzaket, egunaren unea, animo egoera, argiaren aldaketak, itzalak mugitzen.... Giroa usaindu nahi nuen, lurra sentitu nahi nuen, eta liluratzen ninduten lekuetako pertsonak bertatik bertara ezagutu», azaldu du egileak berak.

Lan berriak 11 kantu izango ditu eta The Orange Monkey izenekoan honela dio: «Hegazkina hartu nuen atzerriko lur baterantz / eta esan nuen, topatzen dudan hura idatziko dut». Topatu duena «bizitza hondoratuak, etsipena eta suntsipena neurri guztietan» izan da. Diskoan ageri dira gisa guztietako krudelkeriak, komunitate zokoratuak, garbiketa etnikoak...

Diskoaren izenburuak erreferentzia egiten dio Washington DC-ko Hope VI etxebizitzen programari. Kriminalitate eta txirotasun maila altuko gune horretan dozenaka etxebizitza erauzi ditu udalak, kalitate hobeagoko beste hainbat etxebizitza egiteko espazioa izateko, baina ondorio krudel garbi batekin: lehengo hainbat egoiliarrek ez dute nahiko baliabiderik izan etxebizitza berrietara aldatzeko, eta ondorioz bazterketa etniko, arrazako eta sozial handiak gertatu dira. Diskoa zabaltzen duen The Community of Hope (Esperantzaren komunitatea) kantuak ere programa hori aitatzen du.

Musikalki ere badu parekotasunik lan berriak aurrekoarekin. Hamaikatxo instrumentu jotzeko gai da Harvey eta The Hope Six Demolition Project-en ere jotzen ditu autoharpa, akordeoia, mellotroia eta saxoa ere. Baina honakoa aurrekaria baino bareagoa da, melodia sakonetan oinarritua, eta instrumentalki entzuteko modukoa ere bai. Bigarren begirada gure gaurko munduaren zauriei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.