Asteburuan egingo dira Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako emanaldiak, Tolosako Leidor antzokian, eta saioetarako sarrera salmentak ondo doaz oraingoz, Luis Miguel Espinosa lehiaketako zuzendariak dioenez. Lehiaketa finkatu eta sendotua baita Tolosakoa, aurten 43. ekitaldira iritsia eta Europako sei lehiaketa nagusien multzokoa. Espinosa gustura dago aurtengoekitaldiko parte hartzaileen mailarekin, baina beldur da hurrengo urteetarako aurrekontu murrizketek lehiaketaren maila arriskuan ez ote duten jarriko.
Kulturaren arloko beste ekimen asko bezala, Tolosako Abesbatza Lehiaketa ere aurrekontuaren murrizketari aurre egiten ari da azken urteotan. Zer eragin izango du horrek aurtengo ekitaldian?
Urte asko generaman, hamabost inguru, diru laguntza bera jasotzen erakunde guztietatik, igoerarik gabe, eta orain hori ere murriztu egin digute. Horrek gastuak murriztera bultzatu gaitu, lehiaketa aurrera atera ahal izateko. Baina etorkizunari begirako aurreikuspenak kezkagarriak dira. Laguntzak murrizten jarraitzen badute —eta murriztuko dituztela esaten ari dira—, ez dakit nola moldatuko garen.
Europako sei jaialdi garrantzitsuenen elitean dago Tolosakoa. Murrizketek ez dute arriskuan jarriko gaur egun daukan kategoria?
Orain artean lehiaketatik beretik aparteko kontzertuak kendu ditugu murrizketen ondorioz: inauguraziokoak, bereziak eta horrelakoak. Baina hurrengo murrizketek lehiaketari berari eragingo diote ezinbestean, eta ikusi beharko da nolako murrizketak egiten dizkiguten. Aurten zortzi abesbatza misto ditugu; ahots taldeek bost izan behar zuten, baina lau izango dira azkenean, Novy Vek taldeak ez duelako etortzerik izango; eta haur abesbatzen atalean sei ariko dira. Ekar ditzakegu bost haur abesbatza, edo sei abesbatza misto… Baina gutxiago ez. Eta lehiaketan maila horretako murrizketa egitea nahikoa izango da aurrekontua berdintzeko? Edo modalitate bat kendu beharko ote dugu? Hori da arazoa. Goian egotea zaila da, baina behin behera eroriz gero… Krisian gaude, eta ulergarria da murrizketak egitea. Baina, azken batean, kultura arloko aurrekontuak oso urriak dira, aurrekontu orokorren neurria aintzat hartuta eta beste alor batzuetakoekin alderatuta. Murrizketa txiki batek oso kalte handia egin dezake.
Aurten, gainera, Tolosako Abesbatza Lehiaketaz gain, Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia antolatzea ere egokitu zaizue, iazko sari nagusien irabazleen arteko lehiaketa.
Bai. Eta hori antolatzeko behar diren diru laguntza batzuk oraindik erabat baieztatu gabe dauzkagu. Lehiaketa diru galerarik nahiz irabazirik gabe antolatuko dugu: Europako Sari Nagusiari buruz ezin dugu hori ziurtatu oraindik. Baina sei urtetik behin guri egokitzen zaigu, eta antolatu beharra dago.
Zer berezitasun nabarmen daiteke lehiaketaren aurtengo ekitaldiko parte hartzaileen artean?
Lehiaketa baten mekanika nagusitzen den neurrian, zaila da berrikuntza handirik izatea. Garrantzitsuena parte hartzen duten abesbatzak maila handikoak izatea da. Abesbatzek ere badituzte beren gorabeherak, eta bolada batzuetan hobeto egon daitezke eta beste batzuetan okerrago. Arazoa da batzuetan iruzur egiten digutela, grabazioez fidatu behar izaten dugulako. Abesbatzen kalitatea ziurtatzeko haiek zuzenean entzutera joatea litzateke egokiena, baina, horretarako, aurrekontu handiagoa beharko genuke.
Zaila da maila handiko abesbatzak erakartzea lehiaketara?
Abesbatza batzuei geuk deitzen diegu Tolosara etor daitezen, eta beste batzuk izena emandakoen artean hautatzen ditugu. Azken urteetan, krisiaren ondorioz, lehiaketan parte hartzeko izena ematen duten abesbatzen kopuruak behera egin duela igarri dugu, eta geuk egindako kudeaketari esker eutsi diogu mailari. Etorri zaigunari esker baino gehiago, geuk bilatu dugunari esker.
Landarbaso da aurten Euskal Herriko abesbatzen ordezkaria.
Kalitate bermea eskaintzen duen taldea da, asko ibilia. Ia urtero egiten du bira bat, edo parte hartzen du lehiaketa garrantzitsu batean.
Ez askotan, baina ekitaldi batzuetan Euskal Herriko ordezkaritzarik gabe geratu da lehiaketa.
Euskal Herriko abesbatzen maila handia dela esaten da, baina ezinezkoa da hemen dauden abesbatza guztiak Europa osoan aritzeko modukoak izatea. Bestalde, hemengo abesbatzei Tolosan lehiatzeak estres handia eragiten die. Edozein lehiaketatan parte hartzeak urte osoa programatzen eta entseatzen aritzea eskatzen du; etxean aritzen zarenean, zeure onena eman nahi izaten duzu, etahorrek are gehiago eskatzen du. Horregatik da zaila Euskal Herriko ordezkaritza lortzea. Lehiaketaren datorren urteko ekitaldirako ez daukagu ziurtatua oraindik Euskal Herriko abesbatza baten parte hartzea.
Zaletasuna badago, baina…
Zaletasuna badago, baina maila jakin batean egoteak lan handia eskatzen du, batez ere aldez aurreko prestakuntzarik ez dagoenean. Europako herrialde batzuetan askoz formazio musikal handiagoko kantariak aritzen dira abesbatzetan. Abesbatza musikan espezializatutako ikastetxeak ere aurkitzen dituzu leku batzuetan. Formaziorik gabe, denbora galdua berreskuratzea ia ezinezkoa da.
Luis Miguel Espinosa. Tolosako Abesbatza Lehiaketako zuzendaria
«Murrizketa txiki batek oso kalte handia egin dezake»
Europako sei abesbatza lehiaketa nagusietako bat da Tolosakoa. Mailari ondo eutsi dio aurrekontua murriztu arren. Etorkizunaz bada kezkarik, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu