Museoa, campusaren neurrira

Rafael Moneok Nafarroako Unibertsitateko Museoaren eraikina aurkeztu du.Arte plastikoez gainera, arte eszenikoak eta ikasketak bilduko ditu.Urtarrilean zabalduko da

Rafael Moneo, museoko auditoriumean azalpenak ematen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Dagoeneko Iruñean bada arte garaikideko museo bat. Oraingoz soilik, eraikina, baina urtarriletik aurrera obrak izanen ditu paretetan zintzilik. Opusen Nafarroako Unibertsitatearena da, eta Rafael Moneo arkitekto nafarrak sortu du. Ez da, baina, nolanahiko museoa. Arte plastikoez gainera, arte eszenikoentzako auditoriuma izanen du, eta alor akademikoari loturik hainbat gela eta tailer. 11.000 metro koadroko gunea izanen da, arte diziplina asko bilduko dituena. Unibertsitatearentzako neurrira egindakoa.

Horregatik, kontent azaldu da Angel Gomez Montoro patronatuko presidentea. «Oso kontent gaude honaino ailegatu izanaz, eraikina primerakoa da eta hasieratik Moneori adierazi dizkiogun beharrak asetzen ditu». Gainera, aurreikusitakoa ordainduko dutela esan du: 22.500.000 euro.

Museoak hamalau erakustareto ditu, batzuk bilduma propioa erakusteko, eta behin-behineko erakusketetarako besteak. Auditoriumak 704 eserleku ditu, eta sotoan artelan eta argazki bildumentzako biltegi bana, gainera.

Moneok berak aurkeztu du eraikin berria. Esan duenez, inguruari ongi atxiki zaio. Hala izaten dira arkitekto nafarraren obrak: inguruan txertatzen dira. «Eraikina ez da objektu bat, bere inguru osoan eragin nahi du». Baina, era berean, eraikina ez da askorik nabarmentzen campusaren baitan. «Bolumenari dagokionez, ez nuen nahi eraikin eskerga bat. Arrunt handia da, baina campusean duen inpaktua, txikia». Erabili dituen materialak ere bide horretatik doaz: zulatutako betoia, haritz zura eta basaltoa.

Emaitza hori lortzeko erabili duen lengoaia arkitektonikoa zatikatzea dela azaldu du. Baina zatikatze hori, barnealdean gertatzen da. «Museoa zurruna da kanpotik, baina barnean aberatsa eta konplexua». Hiru solairu ditu, eta bakoitza autonomoa da. Are, areto bakoitzak bere berezitasunak ditu, nahiz eta zentzu bati jarraitu, eta bakoitzak zerbait ematen dio museoari. Hori izan da Moneoren zailtasun handienetako bat: «Haien artean hain desberdinak diren tokiak batzea eta antolatzea zaila da, baina museoa bakar egiten du».

Barnean dituen leiho erraldoiek ere agerian uzten dute campusaren eta museoaren arteko lotura. Moneok 12 museo egin ditu, eta horren programaren bereizgarria hori dela azaldu du. «Erakustaretoen arteko erlazioa haien arteko korridoreetan dauden leihoetan dago, berriz ere campusera eramaten zaituztelako». Hori da museoko bisitaren ildoa. Eta horrela, museoa paisaiaren aginduetara dago.

Uharteren bilduma

Paisaian txertatzea izan da Moneoren helburua, argi utzi du aurkezpenean. Dena den, ezin da albo batean utzi helburu nagusia: Maria Josefa Uharteren bilduma erakustea. «Nafarroako Unibertsitateak Giza eta Gizarte Zientzien ikerketa sustatzeko konpromisoa» aipatu du Gomez Montorok. Hala ere, Uhartek bere bilduma Nafarroako Unibertsitateari eman izana giltzarri izan zen proiektua martxan jartzeko. Nafarroako Gobernuak eskura izan zuen, baina aukera galdu zuen.

Bilduma horretan Pablo Palazuelo, Pablo Picasso, Mark Rothko, Antoni Tapies, Jorge Oteiza eta Wassily Kandinskiren obrak daude. Horiekin batera, unibertsitatearen argazki bilduma dago. XIX. mendetik gaur arte egindako 10.000 irudi eta 100.000 negatibo dituzte, tartean, Jose Ortiz Etxagueren argazki bilduma. Argazkiak, beheko solairuan egonen dira, eta ikertzaileek sotoko artxiboa erabiltzeko aukera izanen dute.

Uharteren bilduma, berriz, lehenbiziko solairuan egonen da. Horiek dira aretorik berezienak. Argiztapen berezia dute areto horiek. «Bilduma osoa ikusteko sentsazioa emanen du. Distantzia honetara Antoni Tapiesen L'Esperit Català edo bildumako beste koadroak ikustea, zalantzarik gabe, oso berezia izanen da», esan du Moneok.

Zubia

Campusean barneraturik dago eraikina, baina bai Opuseko unibertsitateak, eta baita Moneok ere etengabe aipatu dute museoak ateak zabalik izanen dituela iruindar eta nafar ororentzat. Hala, campusaren eta hiriaren arteko «zubia» izanen dela aipatu du arkitekto nafarrak. Dena den, aretoetako batzuk bertako ikasleek erabiltzeko izanen dira doilik. Zubi fisikoa ere eraikiko dute eraikin berriaren eta hiriaren artean. Izan ere, Iturrama auzoarekin lotuko dute sarbidea.

Unibertsitateak beste bildumarik jasoko balu ere, izanen da museoari nola lotu. Eraikinaren albo batean dorre bat dago, beharrezkoa balitz goraka eraikitzeko. Modu horretara bi solairu gehiago egin litezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.