Marivi Ibarrola. Argazki kazetaria

«Musika arkitektonikoa da; espazio huts bat betetzen du»

Argazkigintza eskolarik ez zegoen garaian, kamera hartu, eta kontzertutik kontzertura ibiltzen zen. 80ko hamarkadako musika mugimendua bertatik bertara ezagutu zuen.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriko nahiz Madrilgo musika mugimendu joriaren lekuko bizi izan zen Marivi Ibarrolaren (Naiara, Errioxa, 1956) kamera. Orduan batean zein bestean ateratako argazkiekin atondu du Yo disparé en los 80 liburua, eta liburu horri tiraka osaturiko Lo juro por los Ramones erakusketa ikusgai dago maiatzaren 10era arte Donostiako Ernest Lluch aretoan. Egun fotokazetaritza irakasten du Karlos III.aren unibertsitatean, Getafen (Espainia).

Zergatik erakartzen gaitu horrenbeste oraindik 80ko hamarkadak?

Haustura urteak izan ziren; askoz lehenago gertatu behar zen haustura ekarri zuen. Gure gurasoak gerrako seme-alabak ziren. Haiek garai gogorrak bizi izan zituzten, eta garai batekin hautsi nahi zuten, baina ez zuten hautsi. Ezin zuten ezer esan, ezin zuten espiritu kritikorik azaldu. Hori gertatzen ari zaigu oroimen historiko guztiekin. Nik ere nahi dut oraingo gazteek konta diezadaten azken hamarkadan bizi izan dutena. Gazte zarenean beste begirada bat duzu, aratzagoa, eta bulkadek gidatzen zaituzte... sinesten duzu The Ramonesengan.

Hala ere, ondorengo belaunaldiek ez al dute 80ko hamarkadaren irudi mitifikatua?

Bai, izan liteke. Baina gertatzen dena da oraindik ez dugula dena kontatu, ez dugu hautsi erabat aurretik zetorrenarekin. Kortaturen inguruan, istorio asko dago, esaterako, eta horiek kontatu egin behar dira. Eta dokumentu grafikoak baldin badaude, atera egin behar dira. Horregatik plazaratu dut liburua. Zertarako nahi ditut irudi horiek artxibo batean gorderik?

Euskal Herrian RRV-ak hartu zuen indarrik handiena, baina ez zen izan gauza bakarra.

Ez, ezta gutxiago ere. Denetarik zegoen, leku guztietan bezala. Akaso mugimendua erradikalagoa izan zen hemen, baina nik benetan uste dut batez ere ondo pasatzeko gogoa zegoela. Gazte zarenean ondo pasatzeko gogoa izatea normala da. Noiz, bestela?

Musika entzumenetik sartzen zaigun adierazpidea izanik, zerk erakartzen zaitu ikusmen aldetik. Non jartzen zenuen fokuratzea, begirada?

Musika belarrietatik sartzen da baina arkitektonikoa da, espazio huts bat betetzen du. Soinua ateratzen da, eta uhinek dena harrapatzen dute. Orduan, niretzat oso garrantzitsua zen uhin horiek gustukoak izatea, musika gustatzea. Nik harmonia behar dut, berdin zait klasikoa den, heavyaedo punka den. Esan diezadala zerbait. Arkitektura da. Eta arkitektura hori harrapatzeko enkoadraketa da niretzat garrantzizkoena. Harmonia osatzen duten elementuak ez puskatzea. Angeluarra gustatu izan zait teleobjektiboa baino gehiago. Gustatzen zait elementu edo objektu nagusia inguratzen duena harrapatzea, bigarren mailan geratzen den hori.

Argazkilaria ala musikazalea izan zinen aurrena?

Argazkilaria izan nintzen aurrena. Autodidakta izan naiz beti, baina beti irakasten dizu norbaitek. Lehen urteetan argazki kontzeptualak egiten nituen, 70eko hamarkada amaieran. Fotografia kontzeptual eta artistikoarekin hezi nintzen. Ez nion inori argazkirik ateratzen, soilik itzalak, bolumenak...

Eta noiz hasi zinen musikariei tiro egiten?

Nire lehen kamera izan bezain pronto izango zen, sarrerarik ordaindu gabeko kontzerturen batean, baina ez lehenengo ilaratik, lotsa izugarria ematen zidan eta. Baina pixkana-pixkana agertokira hurbilduz joan nintzen...

Euskal Herriko musikarien artean nork harritu zintuen gehien?

Ferminek [Muguruza] beti izan du indar izugarria. Oraindik ere badauka. Bilakaera handia izan du. Nik ezagutu nuenean mutiko koxkorra zen oraindik. Evaristo ere oso berezia zen. Kantatzen zuenean apaiz baten modura hizketan zegoela zirudien. RIPeko Carlos Mahomari ere bi argazki atera nizkion, bata hemen Gasteizen, eta bestea, Madrilen. Madrilen ateratakoak oso gogorrak ziren, eta horiek ez dira ageri liburuan, nik ere goxotasun pixka bat eman nahi bainien pertsonaia horiei. Pertsonak dira. Oso punk izanagatik, onak ziren, jende ona.

Hastapenetan, entzuleak ulertzen al zuen zure lana?

Hasieran arraroa egiten zitzaien, baina nik asmatzen nuen jendearengana iristen. Hasieran hesirik ere ez zegoen, eta psikologia pixka bat erabiliz aurreraino sartzen nintzen. Kontua zen barneratzea giroan, izerdi eta txistu artean. Ukondokadaren bat jaso dut noiz edo behin, eta oinak ere zapaldu izan dizkidate, baina normalean errespetatzen ninduten. Konbentzitzen saiatzen nintzen; bestela, aurpegi txarra jartzen nuen.

Jardun horretan emakume gutxi zebiltzan orduan. Baldintzatzen al zintuen?

Tira, ez zen erraza, baina ez ninduen baldintzatzen. Ni ez nintzen emakume bat argazkiak ateratzen; argazkilaria nintzen, eta kito. Arropa mozorrotzeko erabiltzen nuen, askok bezala, baina horrek ere laguntzen zidan jendearengana iristen. Mozorrotzen nintzen nahi adina, eta nortasuna ere aldatzen nuen nahi adina, zergatik ez? Iritsi beharra zegoen.

Eskuzko teknikaren eta teknika analogikoaren falta sumatzen duzu?

Gauza ederrak zituen eskulangintza horrek, baina ez dut haren faltarik ere sumatzen. Oso gogorra izaten zen lana. Gainerako guztiek festan jarraitzen zuten eta nik argazkiak errebelatzera, joan behar izaten nuen. Liburuko argazki asko batere tratatu gabe daude, eta jasotzen dute gau haietako funtsa: zarata, hautsa eta arrastoak. Artifiziorik gabe.

Liburuan diozu 80ko hamarkadan egiten zenuela tiro. Orain ere egiten al duzu?

Bai, baina beste modu batera. Orduan gauero ateratzen nintzen,kamera eskuetan nuela, zer harrapatuko. 90eko hamarkadan, enkarguzko lanak egiten nituen aldizkarietarako, eta, orain, aldian behin, nahi dudanean, baina alferragoa naiz.

Edonola ere, musikak ba al du egun argazkigintzarako bazka izateko indarrik?

Bai, badu indarrik, eta bada bazka. Gertatzen dena da asko aldatu dela kontua. Gaur egun mundu guztiak ateratzen ditu argazkiak sakelako telefonoarekin. Eta berehala jartzen dituzte Interneten. Guk hilabete itxaron behar izaten genuen gure argazkiak argitara emateko. Berehalakotasunari dagokionez, zoragarria da egungo egoera; baina, niri, analogikoaren indarra ere asko gustatzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.