Musika Dena eta Ez Dena jaialdia egingo dute Tabakaleran uztailaren 18tik 20ra

Tabakaleraren hamargarren urteurreneko ospakizunen barruan egingo dute jaialdia, eta musika esperimentala eta performanceak izango dira tartean.

Verde Prato, Villabonako Aljibea zentroan. JON URBE / FOKU
Verde Prato musikaria jaialdian arituko da. JON URBE / FOKU
2025eko uztailaren 9a
19:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Musika Dena eta Ez Dena jaialdia egingo dute Tabakaleran (Donostia) uztailaren 18tik 20ra. Aurtengoa bigarren aldia da, eta aukera izango da hala musika esperimentazioaz nola ikuskizunez gozatzeko. Tabakaleraren hamargarren urteurrena ospatzeko jardueretako bat da, eta ekitaldiak eraikineko hainbat gune hartuko ditu.

Bai Euskal Herriko eta bai nazioarteko artistak bilduko dituzte. Ale Hop, Estanis Comella, Loula Yorke, Exotic Sin, Verde Prato + Bronquio, Fernando Carvalho, Garazi Navas eta Ryosuke Kiyasu musikariak gonbidatu dituzte, besteak beste. Horiek guztiek ikus-entzunezko emanaldiak egingo dituzte. Musikarekin ez ezik, arkitekturarekin, gorputzarekin eta denborarekin jolasean ibiliko dira.

Lehen bi egunetan sarrera ordaindu beharko da: ostiralean 15 euro, eta larunbatean 20. Larunbateko 18:30eko topaketa izango da salbuespena, doan izango baita. Igandean ere, azken egunean, musu truk izango da sarrera.

Egun horretan, omenaldia egingo diote Miguel A. Garcia musikariari —urtarrilaren 6an hil zen—. Hark sortutako doinuen bertsioak egingo dituzte, Fernando Carvalho eta Garazi Navasen eskutik. Ryosuke Kyasu bateria jotzaile japoniarra ere izango da festa horretan, eta proposamen «erradikal» bat taularatuko du, Tabakaleraren arabera.

Jaialdia amaitzeko, abuztuaren 6an jardunaldi bat egingo dute Londresen. Hegoa Diskak-ek, Tabakalerak eta Etxepare Euskal Institutuak elkarlanean antolaturiko ekitaldia da. Xabier Erkiziak Memorias de Montevideo Jorge Oteiza eskultorearen artxiboko grabazioak aurkeztuko ditu. Ibon RGk musika saioa egingo du. Ana Arsuaga Verde Prato-k elektronika, folka eta ikusizko artea uztartuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.