Alex Mendizabal. Musikaria

«Musika ez da entzuten dena soilik, entzuten ez dena ere izan daiteke musika»

«Egun bakoitzeko kontzertu ezberdin bat» aurkeztuko du, gaur hasi eta astelehen bitartean. «Pausaz eta efektuaz» arduratzen da, bai eta «soinu iturrien mugimenduaz» eta «zentzuen espazializazioaz».

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Donostian jaio zen, 1961ean, baina 1982tik «Eroman» bizi da, hark esaten duen bezala; Italiako hiriburuan, alegia. Musika kontserbatorioan ikasitakoa, formazio akademiko gorenekoa, «bizi ahal izateko» antzerkirako, iragarkietarako eta rock taldeetarako musika egin zuen, besteak beste, garai batean. Baina hori dena utzi zuen «zentzurik» ez zuelako, ez zitzaiolako «atsegina» egiten. Euskal Herrian dago, eta Gira bira tur, 5 etapa birari ekingo dio, gaur Donostiako Kortxoenean hasi (20:00etan), eta datorren astelehenean Azkoitian amaitu arte. Bitartean, Bilbon joko du bihar, etzi Gernikan, eta igandean Elgoibarren.

Musikari atipikoa zarela esan izan da.

Ez dakit nork esan duen hori, baina ni oso-oso tipikoa sentitzen naiz.

Zein zentzutan tipikoa?

Bada, tira, arduratzen eta kezkatzen nauten gauzak ez direlako hain harrigarriak.

Eta musikalki zerk arduratzen zaitu?

Pausak eta efektuak. Eta espazializazioak ere asko arduratzen nau. Musikan espazializazioak esan nahi du nondik datozen soinu iturriak, non kokatuta dauden, eta soinuak zein iturriak nola mugitzen diren. Gai hori asko interesatzen zait.

Baina musikak gaur egun duen egitura kontuan hartuta, jendeak atipikoarena erabiltzea ulergarria iruditzen al zaizu?

Baina gaur egun ez dago mundu bakar bat, asko baizik. Eta, beraz, musika ulertzeko modu ezberdin asko-asko dago. Bakoitzak normala edo tipikoa zer kontsideratzen duen kontuan hartu beharko litzateke.

Zure proposamenak, zure zuzenekoak, ez dira oso ohikoak. Zer eragiten dute ikus-entzuleengan?

Oso jende gutxi joaten da nire kontzertu edo saioetara, baina ohituta nago. Badakit, oso garbi daukat, egiten ditudan gauzak ez zaizkiola jende askori interesatzen. Eragina? Pertsonaren araberakoa izaten da. Umeei eta zakurrei, adibidez, asko gustatzen zaie egiten duguna. Zaharrei ere bai; batez ere burua galduta daukaten horiei. Niri asko gustatzen zait gauzak kalean egitea. Izan ere, kalean hartzen duzu inoiz kontzertu batera joango ez zatekeen pertsona bat. Jendeak kalean azaltzen du jakin-mina. Eta elkarri galdetzen diote ea zer egiten ari naizen, edo zer den aditzen ari diren soinu hori... Baina pertsona hori, oso interesatuta egonagatik, agian ez litzateke zuzeneko batera joango.

Diskoak ez dituzula maite esan izan duzu.

Hala da, eta ez dakit zergatik. Bakoitzak maite duena maite du. Urte askotan konplexu moduko bat nuen. Jendeak galdetzen zidan: «Zu musikaria zara eta ez dituzu diskoak maite?». Bada, ez. Kontzertuak asko maite ditut, partiturak ere bai, baina diskoak ez. Erosi egin izan ditut, baina urte askoan ireki gabe geratzen dira. Ez dakit zergatik... Beharbada, nik egiten dudan musikak, askotan behintzat, espazioarekin zerikusi handia du, soinu iturri ezberdinekin... Diskoak, aldiz, bi baflerako aukera ematen dizu. Egiten dudana uste dut ez dela aproposa diskoetarako.

Zure beste esan bat: «Musika ez da zertan egin». Zergatik egiten duzu, hortaz?

Ez da zertan egin, beti hor dagoelako. Kontua da gero musikaren kontzientzia bat gerta daitekeela. Hori bai, baina ez da zertan egin. Edozer gauza entzun, eta haren barruan aurkituko ditugu hamaika gauza interesgarri. Erritmikoki, formalki, soinuari dagozkionak, entzumenari... Musika ez da entzuten den zerbait soilik, entzuten ez den zer edo zer ere izan daiteke musika.

Kontzertuak egin izan dituzu bizikleta baten gainean, uraren azpian, harriak uretara botatze hutsarekin... Zer bilatzen duzu eredu horiekin?

Eginbehar bat bilatzen dut, urgentzia bat. Gauzak, askotan, egiten dira behar bat dagoelako; auskalo nondik datorren behar hori, baina sentitzen dugu. Beharra gauza bat egiteko, nahiz eta behar horri jarraituta ez jakin oso ondo zer gertatuko den, zeini zuzenduta dagoen, zein joango den emanaldira... Baina behar bat dago, eta garrantzitsua da.

Zer komentatzen dizu jendeak emanaldien ondoren?

[Barreak]. Denetariko gauzak esan izan dizkidate. Behin, ondo gogoratzen dut, Ertz Jaialdian, Beran (Nafarroa), 64 edalontzi jarri nituen, eta jendea jarri nuen jotzen. Harriduraz hartu zuten. Dena den, emanaldietara joaten direnek zerbait jakiten dute zuri buruz. Horregatik gustatzen zait kalean jotzea: jendea ez baita joaten zuregana, zu joaten zara haiengana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.