«Musika», guztiaren gainetik

Elkarlanean aterako duten diskoa grabatzen hasiko dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Ken Zazpi musika taldea. Estiloak estilo eta zaletasunak zaletasun, batzen dituena musika bera dela adierazi dute talde bietakoek.

Igor Artzanegi, Fernando Velazquez, Eñaut Elorrieta eta Iñaki Zabaleta, EOSen egoitzan. GORKA RUBIO / ARGAZKIPRESS.
Donostia
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Musikak aretoa bete zuen, hainbesteko indarrez baina era berean hain modu orekatuan, ezen momentu batetik bestera eraikina hegan aterako zela baitzirudien. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitzako aretoan Ken Zazpiren Haizea abestiaren melodiaren bertsio sinfonikoa entzun zitekeen Euskadiko Orkestraren eskutik eta Eñaut Elorrieta taldeko abeslariaren ahotsean. Herenegun hasi ziren Euskadiko Orkestra eta Ken Zazpi taldea, elkarlanean, Elkar diskoetxearen eskutik azaroaren 8an kaleratuko duten diskoa grabatzeko entseguekin, eta atzo kazetarien aurrean aurkeztu zuten proiektua. Diskoa kaleratu ondotik, abenduan, KlasikAT zikloaren barruan, bost kontzertu emango dituzte Euskal Herriko aretoetan.

«Zerbait berri izan da, atzo [herenegun] aritu ginen elkarrekin lehenengoz, eta gozatua hartu genuen. Energia berri bat sortu da, oraingoz guztia oso ondo doa», adierazi zuen Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko abeslariak. Fernando Velazquez, abestiak bertsio sinfonikorako moldatu dituen, eta orkestra zuzentzeaz arduratuko den konpositorea bat dator Elorrietarekin. «Aurretik asko sufritzen da, baina guztia ondo doanean ahalegin guztia ahazten da. Nire ikuspuntutik, prozesuak berak merezi izan du», esan zuen. Velazquezen iritziz, zaletasun askotarikoak dituzten musikarien arteko topagune izateak berak bere balioa du.

Entseguekin herenegun hasi ziren; gaur hasiko da orkestra abestiak grabatzen, eta, ondoren, irailaren 2tik urriaren 4 ra arte, Ken Zazpi taldearen txanda izango da. Ohiko estudioetan egingo ditu grabazioak musika taldeak. Biek ala biek onartu dute ahalegin handia egiten ari direla, baina ziur dira lortuko den emaitzak mereziko duela. Elorrieta itxaropentsu da, eta emaitza jendearen gustukoa izango delakoan dago. «Dena den, ez da jarraitzaile gehiago lortzeko estrategia, musika erakargarria sortzea da gure asmoa, musikarako dugun pasioaren adierazgarri da».

Diskoa bizitza bera da, eta obra oso moduan pentsatua dago, Elorrietaren esanetan. «Hainbat istorio biltzen ditu, eta haien artean gurea, Ken Zazpirena». Ez da, ordea, bilduma hutsa, lan artistiko oso bat, baizik, konposizio berriak ere tarteko direla.

Moldaketa lan mardula

Hemendik aurrera entsegu eta grabaketa lanetan bide luzea gelditzen bazaie ere, ez da gutxiagorako izan orain artean Ken Zazpiren abestiak bertsio sinfonikora moldatzea. Orkestrarako «moldagarrienak izan zitezkeen abestiak» hautatu dituzte. Dena ez da, ordea, erraza izan. Moldaketa lana nahiko konplexua izan da,«mundu ezberdinak» uztartzeak duen zailtasuna dela eta. «Guztientzat balio duen leku bat topatzeko bakoitzak bidean zerbait atzean utzi behar izan du». Guztira Ken Zazpiren hamar abesti bilduko ditu diskoak, zazpi jada ezagunak direnak, eta beste hiru proiektu honetarako bereziki konposatuak izan direnak.

Hala ere, ez direla betiko kantuak nabarmendu nahi izan zuenzuzendariak.«Ken Zazpirenetatik ezberdinak dira, beste bira bat eman diegu, ez diegu soilik bestelako ukitu bat eman abesti horiei». Horretarako, taldekideen buruan sartzen ahalegindu da.

Diskoaren izenburua Sinfonikoa izango da, baina Velazquezek dio guztiaren gainetik musika dela. «Izan daiteke Ken Zazpi sinfonikoa edota EOS pop-rockeroa..., bien arteko erdibideko zerbait... Musika da, eta kito». Elorrietak uste du bi kultura musikalen arteko aldea antzematen bada ere, musikak dena batzen duela.

Bakoitzak beretik

Musikak batu arren, begi bistakoa da alde biak ahalegindu direla erdibidean biltzeko. «Betidanik buruan nerabilen erronka izan da orkestra sinfonikoaren musika bestelako musika estiloekin uztartzea», onartu zuen Velazquezek. Modu horretan, beharbada, musika klasikoaren ohiko publikoa eserlekuetatik altxatu eta oihuka jarriko duela adierazi zuen, erdi txantxetan.

Elorrietak ez du nabaritu hainbesteko aldaketarik bere egitekoan: «Kanturako, ez diot sekula inolako partiturari jarraitzen. Musika entzun, sentitu eta neure egitea da kontua. Alde horretatik, metodologia antzekoa izango da. Egia da, hala ere, musika sinfonikoak energia ezberdina transmititzen dizula, eta horretara moldatu beharko dudala». Elorrietari erantzunez, Jon Fresko taldeko bateria jotzailearen ustez, Elorrieta bera izan daiteke askeen jardun dezakeena. «Guretzat, erronka izango da giro ezberdin honetan jotzea. Jotzeko modu ohikoan aparteko kontrol bat eskatuko digu».

Aurretik elkarren berri ba ote zuten galdetuta, Velazquezek jakinarazi zuen Goazen telesailerako Ken Zazpiren Haizea eta Noizbait abestiak moldatu zituela; erronka polita izan zela adierazi du, baina ez duela zerikusirik orain esku artean duten egitasmoarekin.

Ken Zazpiko taldekiderik gehienek ez dute musika klasikorako zaletasun handirik. Elorrietak nahiago du pop-rocka. Dena den, Iñaki Zabaleta teklatu jotzaileak musika klasikoa entzuten du, eta, gainera zer zetorkien jakin zezaten, Frederic Chopin jartzen zien askotan furgonetan. Ez hori bakarrik, Beñat Serna gitarristak gitarra klasikoa jotzen du, eta, tartean-tartean, musikaren historiaren inguruko lezioak ematen dizkie.

Azaroaren 8an diskoa kaleratu ondoren, KlasikAT zikloaren barruan, bost kontzertu emango dituzte abenduan Euskal Herriko aretoetan. Abenduaren 3an, Donostiako Kursaaleko auditoriumean izango dira, 4an Iruñeko Baluarten, 5ean Bilboko Euskalduna jauregian, 12an Gasteizko Principal antzokian eta abenduaren 13an Donibane Lohizuneko Jai-Alain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.