MUSIKA HAMABOSTALDIA. ORGANO ZIKLOA. Organorako idatzitako guztia

Olivier Messiaenen integrala emango du Musika Hamabostaldiak bihar hasita, konpositorearen jaiotzaren mendeurrenean

AMAGOIA MUJIKA DONOSTIA
2008ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Organo musikaren historian hiru izen dira ezinbestekoak: Johann Sebastian Bach (1685-1750), Cesar Franck (1822-1890) eta Olivier Messiaen (1908-1992). Modu ezberdinean, baina hirurek irauli zuten organoarentzako musika. Messiaenen kasuan, erritmo zorroztasunari eta kolore harmonikoen aberastasunari esker organoari hamaika bide zabaldu zizkion. Gaur ez dago organistarik bide horiek jarraitu ez dituena, ezingo bailitzateke egungo organo musika ulertu Frantziako musikagile handiaren obra gabe. Aurten 100 urte dira Messiaen jaio zela, eta data hori baliatu du Hamabostaldiak organorako egin zituen konposizioen integrala emateko.

Messiaen jaio zenetik gaur arte, ehun urtean, organoaren ibilbideak bilakaera izugarria izan du, baina Messiaenen estiloak izan duenak bezainbeste ziurrenik, konpositorearen etengabeko bilaketak errotikako aldaketak eragin baititu. Gaztaroan egin zituen piezetan jada nabari zitekeen ordura arte entzun ez zena, baina helduaroan egindakoetan, erritmorik ezean oinarritutako konstante arritmikoetan egin zituen ikerketak. Instrumentu guztiak organoaren bidez irudikatzeko obsesioak ere berezko kolorea sortzen lagundu zion. Bi elementu horien garapena dira neurri handi batean organoaren integralaren bidez argien antzeman daitezkeenak. Ezinezko zerbaiten bila aritzea; iraupena, denbora ezabatu eta eternitatea lortu nahi izatea zen Messiaenek nahi zuena.

Katolikoa zen, eta bere estiloa horrekin lotuta ulertu behar da, azken batean, Bibliako pasarteak ahalik eta ondoena islatzea baitzuen helburu, eta horretarako ezinbestean topatu behar zuen ordura arte existitzen ez zen hizkuntza. Hilezkortasunaren doinua. Katolikoa izanagatik ere erabili zuen hizkuntza berritzaileak erlijioarekin zerikusirik ez duen balioa eman dio, eta elizatik oso urrun sentitzen diren zaleak ere asko dira, musika berrien konpositoreak eta afizionatuak, sutsuenak.

Hamabostaldian Messiaenenomenez emango dituzten zazpi kontzertuetan bidaia kronologikoa egingo dute, estiloaren bilakaera argien ikusteko moduan.1930ean konposatu zuen Dyptique obrarekin hasiko du zikloa Fernando Gonzalo organistak, bihar, eta Livre du Saint Sacrament 1984an egindakoarekin amaituko dute Loreto Aramendik eta Jesus Martin Morok, abuztuaren 22an. Halere, Livre du Saint Sacrament hiru egunetan emango dute hainbat organistak, organorako inoiz idatzitako obrarik luzeena baita. Azkena ere bada, eta Messiaenen testamentutzat dute adituek, ezer berririk ez badago ere, ordura arte esperimentatu zuen guztiaren bilduma delako, aurkitutako estiloaren finkatzea nolabait; zaila zirudiena, erraz, naturaltasunez erakutsia.

Organo erromantikoak Euskal Herrian dituen interprete onenek joko dituzte Messiaenen obra guztiok; besteak beste, Fernando Gonzalok, Loreto Fernandez Imazek, Ana Belen Garciak, Oscar Candendok, Esteban Landartek, Daniel Oiartzabalek eta Loreto Aramendik.

Organo ikastaroek 25 urte

Olivier Messiaenen omenezkoa ez da, hala ere, aurten organoaren inguruan egingo den ospakizun bakarra. Urteroko Organo Ikastaroak 25 urte bete dituela eta, urteotan izandakoari errepasoa egingo diote lau kontzertutan, Esteban Elizondok beste batzuekin batera. Elizondo da zikloaren sortzailea. «Duela 25 urte proposatu nion Jose Antonio Etxenike Hamabostaldiko zuzendariari zikloa egiteko, Euskal Herrian organo erromantikoaren harribitxiak ditugulako, eta urteotan interprete onenak izan ditugu hemen».

Esteban Elizondok ez ezik Daniel Roth Hamabostaldian oso ohikoa den irakasle frantziarra eta Jose Manuel Azkue organista ezaguna izango dira interpreteak. Beste kontzertu bat zikloaren 14. urtean izandako ikasleek emango dute. Donostiako San Bizente elizan ez ezik Azkoitikoan eta Bergarakoan ere emango dituzte hainbat kontzertu zikloan zein ikastaroan parte hartuko dutenek.

Organo Erromantikoko Ikastaroak, berriz, abuztuaren 4tik 8ra bitartean izango dira Daniel Rothek zuzenduta, eta herrialde askotatik etorritako 15 ikaslek hartuko dute parte.



Egitaraua

MESSIAENEN INTEGRALA

Abuztuak 1. Fernando Gonzalo. Obrak: Dyptique, Apparition de l'eglise eternelle, L'Ascension, Verset pour le fête . Artzain Onean, 20:30.

Abuztuak 5. Loreto Fernandez Imaz eta Ana Belen Garcia. Obrak: Le banquet celeste eta Les corps glorieux I, II eta III. Artzain Onean, 20:30.

Abuztuak 7. Pedro Guallar.. Obra: Meditations sur le mystère de la Sainte Trinité. Artzain Onean, 20:30.

Abuztuak 11. Oscar Candendoren kontzertua. Obra: La nativité du signeur. Artzain Onean, 20:30.

Abuztuak 18. Esteban Landart & Miguel Bernal. Obrak: Messe de la Pentecôte eta Livre d'orgue. Artzain Onean, 20:30.

Abuztuak 20. Raul del Toro & Daniel Oiartzabal. Obra: Livre du Saint Sacrament. Artzain Onean, 20:30.

Abuztuak 22. Loreto Aramendi & Jesus Martin Moro. Obra: Livre du Saint Sacrament. Artzain Onean, 20:30. Ikastaroko kontzertuak

Abuztuak 4. Daniel Roth. San Bizente Eliza, 20:00.

Abuztuak 6. Jose Manuel Azkue. San Bizente, 20:00.

Abuztuak 8. Organo Erromantikoko Ikasleak.San Bizente, 20:00.

Abuztuak 9. Esteban Elizondo. San Bizente, 20:30.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.