Kartelburuei erreparatzea ekintza naturaltzat har liteke. Haiei bakarrik erreparatzea, aldiz, mugatzailea denik ezin uka, eta hedabideak sarri tranpa berean jausten dira/gara. Eta jausiko dira/gara beste behin ere. Aurtengo BBK Live jaialdiaren kartelburuei erreparatuz gero, bi ondorio atera litezke garuna askotxo astindu beharrik izan gabe. Bata: oraina baino handiagoko sona duten taldeengan jartzen dute arreta antolatzaileek langintza horretarako. Bestea: aurtengoan, ukitu ingeles nabarmena izango du jaialdiak, hiru egunetako talde nagusiak pop-rock tradizio ingelesaren gerizpean hasi eta sailkatuak izan baitira.
Garai hobeak ezagutu izan ditu The Curek. Emankorragoak edo sortzaileagoak, bederen. Hala ere, mistika duen talde horietako bat izaten jarraitzen du, eta aurtengo jaialdiko amu erakargarrienetako bat da, rockzale beterano zein belaunaldi gazteagokoak bilduko baititu. 1976an Crawley herrixkan (Sussex, Ingalaterra) sortu zen taldearen jarduna estilo bakarrera mugatzea ezinezkoa da. Ingalaterrako post-punk mugimenduaren ikurretako bat izan zen Joy Division eta Siouxsie & the Banshees taldeekin batera, 70etako amaieran eta 80etako hasieran. Soinu gotikoetarako bidea hartu zuen gero, eta Robert Smith taldeko buruaren letra barnerakoi eta existentzialistek nahiz beltzez janzteko ohiturak etiketa hori itsatsarazi dio taldeari persecula seculorum, nahiz eta bere ibilian pop kantu bizizaleagoak ere sortu dituen. «Hain da tristea The Cure talde gotiko soiltzat hartzea oraindik ere. Nik The Cure musika egiten dut, dena delakoa ere hura». Etiketarekiko gogaitasuna bezainbat rock taldeetako hainbat buru izarrek euren lanari dioten maitasun arranditsua erakusten dute Smithen hitzok.
The Curek estudioko hamahiru disko atera ditu urteotan guztiotan. Asko dira bilduma lanak, berrargitalpenak eta zuzenekoak ere. Zuzenekoa da orain artean kaleratu duen azkena; Bestival Life 2011, hain zuzen ere. 90eko hamarkadatik aurrera asko mantsotu zen taldearen ekoizpen erritmoa, baina ez dira geldirik egon, eta gaur eurena izango da Kobetamendiko lehen gaua.
The Curen distira 80ko hamarkada bukaeran hasi zen leuntzen, itzali ez baita inoiz itzali. Garaitsu horretan egin zituen lehen urratsak Radioheadek. Oxford inguruko bost lagunek sortu zuten 90eko hamarkadako rock ingelesaren zutarri nagusietako bat izango zen taldea, Blur eta Oasisen arteko gatazka mediatikotik gaindi. Pablo Honey (1993) irregularrarekin debutatu, The Bends (1995) eta OK Computer (1997) zoragarriekin kritikaren nahiz entzuleen miresmena bereganatu, eta rock ingelesaren iruditerian aztarna sakona utzi duen taldea bilakatu zen. Bide esperimental eta berritzaileagoen bila—jazza, musika elektronikoa eta krautrock oihartzunak bereganatuz— jardun du geroztik Tom Yorkek gidaturiko taldeak. Kid A (2000) eta Amnesiac (2001) dira horren adibide. Salmenta eta zabaltze sistema berrietara egokitzen aurreneko talde handietakoa izan zen Radiohead, In Rainbows (2007) sarean jarri baitzuen salgai, erosi nahi zuenaren esku utziz ordainaren kopurua. The Kings of Limbs izan da Radioheadek orain artean kaleratu duen azken lana. Taldeak ez du bere lehen hamarkadako oihartzun bera, ez mediatikoki ez ikus-entzuleei dagokienez; garai oparoagoetan egon izan da Bilbon bertan —duela hamarkada bat pasatxo, esaterako—, baina biharkoan ere asko izango dira Radioheaden lilura jasoko dutenak.
Hiru egunez 60 bat emanaldi ikusi ahal izango dira Kobetamendin. Iaz baino agertoki bat baino gehiago izango da, eta 20 bat talde gehiago ariko dira zuzenean. Azken egunerako kartelburu bikoitza iragarri dute antolatzaileek. Izan liteke azken egunari, larunbatari, indar handiagoa emateko, baina izan liteke bi taldeek ez dutelako aurrekoen musika pedigririk ere. Bai Garbage eta bai Keane, The Curek eta Radioheadek, beste askoren artean, rock eta pop ingelesaren historian marrazturiko lorratzaren zordun dira, baina ez dute haien bidearen laurdenik egin oraingoz. Aurten argitaratu du Not Your Kind of People lan berria Garbagek. Shirley Manson kantari eskoziarrak eta Butch Vig (bateria), Steve Marker (gitarra eta baxua) eta Duke Erikson (gitarra eta teklatua) musikari eta ekoizle estatubatuarrek 1995ean jo zuten kolpea taldearen izen bereko diskoarekin. Rock eta musika elektronikoa modu efektistan ezkonduz. Pianoan oinarrituriko pop itsaskorragoa egiten du Ingalaterra hegoaldeko (Battle, East sussex) Keane taldeak. Hopes and Fears (2004) estreinakoarekin egin zen ezagun eta Strangeland (2012) lan berria aurkeztuko dute larunbatean Kobetamendin.
Dena ez da kartelburuena
Kartelburuen dinamika eta mistika handiena duenetik (The Cure) gutxien duenera arteko (Keane) progresioa apurtuko duten proposamen ezezagunagoak izango dira jaialdian. Bloc Party talde ingelesaren postpunk oihartzunak, Jon Spencer Blues Explotionen rock eta blues uztarketa gihartsua, Zea Maysen rock gitarzalea, Mungiako Belako taldearen proposamen berria, Eli Paperboy Reeden soula, Inspector Cluzoren elektronika frantsesa…
Musika istorio ingeles bat
The Cure, Radiohead, Garbage eta Keane ditu talde nagusi gaur hasi eta larunbatera arte iraungo duen BBK Live jaialdiakIaz baino agertoki bat eta 20 emanaldi gehiago izango ditu aurtengo ekitaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu