Musika izpi bat itzalera

Zetak taldeak kontzertu bat eman du Martuteneko espetxean, hango presoen aurrean. Abestiak ezagutzen zituztenak gustura aritu dira kantuan, eta beste asko ere dantzan jarri dituzte patioko frontoian. Gero eta ekitaldi gehiago egiten dituzte azken boladan, eta bide horri eutsi nahi diote presoek eta hezitzaileek.

ILUSTRAZIOAK: JOSU MAROTO.
Andoni Imaz.
Donostia
2023ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Bidaia guztiak antzera hasten dira haientzat: lokaletik materiala hartu, furgoneta bete, eta abiatzeko prestatu. Arbizun (Nafarroa), Pello Reparaz musikaria bere etxeko balkoian dagoela, ezkerrera Beriain eta parean Urbasa, iritsi zaizkio Zetak taldeko kideak, musikari zein teknikari, etxe azpira. Astelehenak ez dira izaten kontzertu egunak taldearentzat, baina eguna gutxienekoa da oraingoan: Martuteneko espetxean jotzekoak dira, Donostian. Horregatik dago Reparaz ohi baino urduriago: «Normalean, jendea gu ikustera etortzen da, nahi duelako, kantuak ezagutzen dituelako. Auskalo zer gertatuko den gaur».

Goraino betea dute furgoneta. Espetxeak ez du soinu ekiporik, eta estudiokoa hartu dute, «bi bozgorailu besterik ez»; argiztatzeak ere berezkoa izan beharko du. «Bagenekien aurrekonturik ez zela, baina talde guztia etorri da; inork ez zuen nahi aukera galdu».

Ikusi gehiago:Argazki bilduma

Arbizutik Donostiarako bidean, kontzertuetako anekdoten eta buruan dituzten planen artean, Reparazek errepertorioa osatu du, kopilotuaren eserlekutik. Kontzertuak ordubete iraungo du, gutxi gorabehera: presoak 17:00etan aterako dira patiora, eta, 18:30erako barrura itzuli beharko dutenez, tarte bat gordeko dute haiekin hitz egiteko. «Gazte Topaguneko errepertorioa 60 minutukoa da: hemendik abiatuko gara, pixka bat moldatzeko».

Bazkaltzeko geldialdiaren ondoren, 14:00etan iritsi dira Martuteneko espetxera, adostutako orduan. Hesiaren beste aldean zain dute egonaldi osoan lagun egingo dien hezitzailea, akreditatuen zerrenda eskuan duela. Kartzelak bere arauak ditu: ezin da irudirik hartu barruan. Horregatik, Josu Maroto marrazkilaria sartu da haiekin, ikusitakoa arkatz hutsez unean bertan irudikatzeko.

Ate bat, sarrerako kontrola, atea ireki aurreko txirrin hotsa, beste ate bat, eta barrura. Sarrera nagusiaren atzetik igarota, ezkerretara jo, eta burdinazko beste hiru atetatik joan da taldea, horma zuri-urdin batzuetatik barrena, presoak haurrekin egoteko prestatutako gune koloretsuago batera. Bi presok lagundu diete materiala garraiatzen, orgetan.

Bertan dute patioa; kartzelako bi patioetako bat, ezkerrekoa, parez pare begiratuz gero. Zortzi koadroko frontoi estali bat du, horma berdekoa, eta, aldamenean, saskibaloiko bi saski, hormigoizko zelai berdexka batean. Frontoiaren aurrealdean, txapak adinako garaiera duen agertoki bat dago muntatuta.

Etxebizitzek espetxeari gain-gainetik begiratzen diote frontisaren eskuineko horman; beste bi aldeetan, ziegetako leiho txikiak daude, barrote beltzekin. Musikari batek baino gehiagok egin du sakelatik telefonoa ateratzeko keinua, kanpoan utzi behar izan dutela ahaztuta: kartzela itxura du zeharo. «Gaur egungo espetxe gehienek ez dute filmetakoekin zerikusirik, baina Martutenekoak bai: zaharra eta txikia da», azaldu du hezitzaileak.

Tresnak eta soinua prestatu, eta bozgorailuetatik lehen hotsak atera orduko agertu dira buru batzuk leihoen atzean. Lurretik metro pare batera daude, ez da erraza goraino iristea, musikariei lagundu dien preso batek kontatu duenez: «Pultsuan eskalatu behar duzu, edo euskarriren bat izan; kontuz ibili behar».

Agertokia ez da ikusgarria, Zetak-en kontzertu bat izateko, baina bai deigarria, tresna bitxiak dituztelako batez ere, elektronikoen eta «organikoen» nahasketa bat: bateria, perkusioa (xilofono itxurako kontrolagailu batekin), sintetizadoreak eta theremina. Azken horrek piztu du ikusmin handiena inguruan dabiltzan presoen artean, eta probatu ere egin dute: eskuak metalezko antenetara hurbiltzeak eta urruntzeak aldatzen du soinua. Bozgorailu gutxi izanagatik, hotsa berehala zabaldu da, eta harekin batera areagotu dira leihoetako aurpegiak eta keinuak.

Ekitaldiak dinamizatzen

200 bat preso daude Martutenen, «barruan», hirugarren graduan eta bestelako erregimen berezietan daudenak kontuan izan gabe. Horietatik hamabost bat dira emakumeak. Azken hilabeteetan, presoentzako ekintza gehiago dinamizatu dituzte, hezitzailearen arabera: irteerak antolatu dituzte, eta kultur ekitaldiak ere bai —Gatibuk jo zuen irailean, Antonio Carbonellek eta Sonakayk azaroan, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots izan dira berriki—. Zetak-en kontzertuaren egunean, ile-apainketa ikastaro bat hasi dute, eta mendi irteera bat egin ere bai, Alex Txikonekin —hitzaldiak eman izan ditu kartzelan—.

17:00. Ireki dituzte ateak, eta hasi da patioa jendez betetzen. «Litekeena da den-denak ez etortzea: batzuek gustura hartzen dituzte horrelakoak, baina beste batzuentzat hau gune ezagun bat da, kontrolatua, eta arrotza zaie kanpoko jendea etortzea», azaldu du hezitzaileak. Agertokian prest dira Reparaz abeslaria, Gorka Pastor teklista, Leire Colomo perkusionista eta Iban Larreburu bateria jotzailea.



Pixkanaka berotu dute giroa, Zoriontasuna, Hitzeman eta Hegan kantuak joz. Ezagutzen dituztenek gustura abestu dituzte, irribarrez, eta atzealdean daudenek txaloz eta txistuz erantzun diete, gero eta gehiago. Frontoian elkartu dira taldetxo batzuk, baina kanpoaldean gelditu dira hainbat, pareta inguruetan eta leiho kosketan jarrita. Tarteka, taldeak pasarte elektronikoekin girotu du kontzertua, entzuleak «ipurdia astintzera» animatzeko, eta, hasieran buruak besterik mugitzen ez zituzten arren, saltoak gero eta ohikoagoak izan dira denbora pasatu ahala.

Presoak kalejiran

«Ez dakit jakin ote zenuten, baina orain dela urte pare bat mobida bat gertatu zen, mobida handi bat: denok etxean sartu gintuzten, ezin aterata. Ez diot horrelakorik opa inori», adarra jo die Reparazek, euren konfiantza irabazita. Berehala ekin diote harekin batera Zeinen ederra izango den kantatzeari. Abeslaria aise ibili da agertokiaren alde batetik bestera, etengabe dantzan, saio osoan.



Reparazek Akelarretan abestian egin du, halere, erakustaldirik handiena: kantuaren erdian, agertokitik jaitsi, eta tronboia joz eman dio buelta patioari, frontoiko girotik aparte dabiltzanen aurrera ere joateko, eta gogotik txalo eginez eskertu diote ibilaldia.

Kontzertuko unerik hunkigarriena azken kantuak ekarri du: Erramun Martikorenarekin batera Herri Urratserako grabatutako Itzulera abestiak. Hasieran uzkurrago egon diren preso batzuk eskutik helduta kalejiran ibili dira frontoian zehar, eta sokaren atzean zihoan presoak, oina paretan jarrita, atzerako itzulipurdi bat egin du airean, kantuaren unerik gorenean; zur eta lur utzi ditu inguruko guztiak.

«Guretzat izugarria izan da», eskertu diote presoek Reparazi, kontzertuaren ondorengo hizketa saioan. «Ba, guretzat are gehiago», berak. Poza begien bistakoa dute askok: kontzertuak «askatasun haizea» ekarri dielako, eta kartzelako bizitza ere aldatzen ari delako: «Zeinek esango zigun orain urtebete horrelako zerbait ikusiko genuenik!».

Estigma kentzeko bidean

Kontzertua atzeragotik entzun duten presoak ere gustura geratu dira emanaldiarekin. «Elektronika horrek giro polita jarri du. Hurrengoan, ea rap pixka bat ere egiten duten, edo oilar borroka bat», esan du gazte batek. Batek baino gehiagok uste du, gainera, horrelako ekintzek balio dutela espetxearen inguruko estigma hausteko, eta herritarrengandik bereizirik dagoen errealitate hori bertatik bertara ezagutarazteko.

«Pailazoak etorri zirenean, askok ez zuten tutik ulertzen, nik pixka bat bai, baina primeran pasatu genuen, jendea asko animatu zen azkenean», kontatu du beste preso batek. «Ederra litzateke horrelako kontzertuak izatea Gabonetan eta egun berezietan. Pentsatzen dut musikariek beste toki batzuetan jo beharra izango dutela orduan, toki handiagoetan, baina ilusioa egingo lidake».



Giroa bat-batean eten dute guardiek eta megafoniako ahotsek: «Preso guztiak beren geletara». Agurrak, besarkadak eta esker hitzak izan dituzte preso askok —«ea, ea, despedida horiek, ez daitezela luzatu»—, barrura sartu baino lehen. Afaltzeko garaia dute berez, baina zenbaketa orokorra egin behar dute aurretik. «Azkar, oraintxe ateratzen bagara, ez dira konturatuko zer daramagun barruan», txantxetan, musikariak.

Konturatzerako, egina dute alderantzizko bidea: dena jaso, orgak bete, furgonetara eraman. Patioan ez da isiltasuna eta alkoholik gabeko garagardo arrastoak besterik. Berriro ateak, nortasun agiriak eta kanpora.

Dena ez da bukatu, ordea: Zetak-ekoek zain dituzte hirugarren graduan dauden zenbait preso kalean, ezin dutelako espetxean barruraino sartu. Bizi izandakoa haiei kontatzea bada «barruan geratzen den zera hori» askatzeko modu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.