Zea Mays

«Musika taldeentzat ikaragarri ona da Internet»

2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Hiru diskoetxetatik igaro ondoren —Zea Mays (1998, Gor), Elektrizitatea (2000, Gor), Harrobian (2002, Gaztelupeko Hotsak) eta Sortuz, grabitatearen aurka (2005, Oihuka)—, orain arteko azken bi lanak autokoizpenaren bidetik kaleratu ditu Zea Maysek, Bonberenea Ekintzak zigiluaren babespean izanagatik. Bilboko talde honentzat «pauso naturala» izan zen: «Aspaldi samarretik euskal disko askotan diskoetxe baten izena agertu izan den arren, talde gehienek diskoaren masterra euren kabuz ordaindu izan dute. Azken urteotan talde askok masterra ia oparitu egin diete diskoetxeei. Diskoetxeak egiten ditu kopiak eta hori guztia, baina taldeak ordaintzen du ia grabaketa guztia», azaldu du Aiora Renteria taldeko kantariak. Hori hala izanik, grabaketaren gastuak eta ardura euren gain hartzeko erabakia hartu zuen Zea Maysek: «Diskoetxeen egoera asko kaskartu da, eta, ondorioz, eurek eskaintzen dituzten baldintzak ere kaskartu egin dira. Bakoitzak jakingo du zelan eramaten duen bere negozioa aurrera. Diskoetxeek hortik aurreztu dute, taldeei eskainitako baldintzetatik».

Morphina (2007) eta Era (2010)dira autoekoizpenari helduta kaleratu dituzten lanak. Azken horrekin inoiz izandako oihartzun eta salmenta kopuru handiena izan dute, gainera: «Salmentak zehaztea zaila da. Problema dadiskoetxeekin ez dakizula ondo zenbat saldu duzun. Zenbakiak eta datuak ez daude inoiz ere argi. Esaten dizuten guztia sinetsi behar duzu, ez dagoelako beste biderik. Baina hori horrela izanda ere, esan dezakegu aurrekoen bikoitza edo saldu dugula».

Azken diskoa euren kabuz sortu eta euren kabuz promozionatu, banatu eta saldu dute Zea Maysekoek. Diskoa aurkezteko emaniko lehen zazpi kontzertuetan diskoa ere banatu zuten, guztia 10 euroren truke: «Sistema horrekin iruditzen zitzaigun jarraitzaile guztiek gure diskoa izango zutela prezio merkean, eta oso era zuzenean, gainera». Ibilbide sendoko taldea izateak eta Interneten zabaldutako oihartzunak ere lagundu die bilbotarrei: «Musika taldeentzat izugarri ona da Internet. Ez duzu dirurik berreskuratuko, baina jende gehiagok entzun eta ezagutzen zaitu, eta gero zuzeneko kontzertuetan igarri egiten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.