Donostiako 46. Jazzaldia

«Musika umoretsua baina oso serioa da gurea»

Mostly Other People Do the Killig taldeak «kontzertu bakoitza desberdina den artean» jotzen jarraitu nahi du

Donostia
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Stalinen garaian preso egondako lagun batek esan omen zuen diktadoreak segur aski bere buruari esango ziola hilketak beste pertsona batzuek egiten zituztela, ez berak. Esaldi horretan oinarritu zuen bere izena Mostly Other People Do the Killig taldeak. «Bere gaiztoan, dibertigarria» iruditu zitzaien aipua, eta «jazzean, normalean, ez dago izen dibertigarririk», euren ustetan. Izenak izana ematen duela eta, egiten duten musika ere dibertigarria izan dadin saiatzen dira. Umorea eta ironia asko erabiltzen dituzte, baina, aldi berean, «oso musika serioa» egiten dutela azpimarratu dute taldekideek.

Gazteak dira MOPDtK taldeko lau partaideak, baina jada sei urteko ibilbidea dute atzean. Jarraitzeko asmoa dute, gainera, «kontzertu bakoitzean zerbait berria» gertatzen bada behintzat. Orain arte hala izan da, euren esanetan, aldiro berritzen saiatzen direlako.

Jazzaren historiari keinuak

New Yorkeko taldearen musika free jazzean oinarritzen da. Hala ere, taldekideek adierazi dutenez, jazz tradizionalarekin tartekatu ohi dute. «Historian egon diren estiloak hartu eta nahastu egiten ditugu, geure erara». Inspirazioa bilatzeko orduan ez dute ezer baztertzen. Filmetako soinu bandak aipatu dituzte, adibidez: «Beldurrezko filmetako musika inspirazio garrantzitsua da geuretzat, beste generoak ahaztu gabe».

Diskoen azalak ere erabiltzen dituzte atzera jazzaren historiari erreferentzia egiteko, modu umoretsuan, betiere. Zentzu horretan, «arte bisuala taldeak egiten duen musikaren isla» dela adierazi dute. Azken diskoaren azala, adibidez, Keith Jarretti eskainia dago. Bestalde, gustatzen zaien musika egitearen garrantzia azpimarratu dute. «Gustura» daude, gainera, euren musika «adin ezberdinetako jendeak baloratzen duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.