Kurt Wagner. Musikaria, Lambchop taldeko burua

«Musikan bada joera bat gauzen alde zinikoa nabarmentzeko»

Etenaren ondoren, disko bat sortuta gainditu zuen Vic Chesnutt lagunaren suizidioak eragindako tristura. Bilbon izango da bihar, Lambchop taldeko gidari.

gorka erostarbe leunda
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Kantatzean eragiten duen sentsazio berbera eragiten du telefonoz hitz egitean ere; belarrira ari zaizula ematen du, eta haren ahots sendoak bibrazioa eragiten du gorputz barnean. Esperientzia fisiko bat da Kurt Wagnerren (AEB, 1958) ahotsa entzutea. Esperientzia hori bizi ahal izango dute bihar Bilboko BBK aretora joaten direnek (20:00). Han aurkeztuko ditu Mr. M disko kaleratu berriko (City Slang) kantuak Lambchop talde estatubatuarrak. Ez da Kurt Wagner Euskal Herrian izango den lehen aldia. 2002an, Donostiako Antzoki Zaharrean aritu zen. «Gogoratzen dut. Urte asko igaro dira, baina esperientzia ederra izan zen, eta oroimenean dut oraindik Donostiako hura».

Mr. M diskoaren abiapuntua mina da, adiskide baten galeraren mina. Arte sorkuntzarako garraio egokiak al dira mina eta tristezia?

Sentimenduak dira. Guztiok dauzkagun sentimenduak. Garai bakoitzean sentitzen ari zarena ezinbestean agertzen da egiten ari zaren horretan. Batzuetan, sortutakoa alaiagoa izango da, eta, besteetan, tristeagoa. Kantuak egiteko orduan nire egunerokotasuna islatzen dut nolabait, galbahe batetik pasaturik, eta adiskide baten heriotzak ezinbestean eragiten du, eragin egin behar du gainera. Baina lehen erreakzioa musikatik urruntzea izan zen, pintatu besterik ezin nuen egin. Pixkanaka musikara hurbiltzen hasi, eta sentimendu horiek agertu ziren. Zerbait ahalik eta zintzoena sortzen saiatu nintzen.

Zer nahi duzu transmititu zure kantuekin? Emozioa al da helburu nagusia?

Bai, nagusienetakoa bai behintzat. Neure buruari galdetu izan diot sarri munduan barrena bidaiatzen dugunean ingelesa ulertzea derrigorrezkoa al den gure musika eurengana iristeko eta harekin hunkitzeko, eta zergatik jende horrek harrera ona egiten dion gure musikari. Eta dagoen erantzun bakarra da musikarekin zenbait emozio partekatzen ditugula, ziur aski munduan ez dagoela musikaren moduko erremintarik zenbait emozio partekatzeko. Beste zenbait jardueratan hitzaren zehaztasuna ezinbestekoa da emozioak partekatzeko; musikan beste zerbait gertatzen da sarri.

Ahalik eta zintzoen izaten saiatu zarela esan duzu. Zenbait musikarik tristezia edo mina engainu gisa erabiltzen al du?

Bai, gertatzen dela uste dut. Gorroto dut dishonest hitza erabiltzea [zintzoa edo egiazkoa ez dena], baina zenbaiti igarri egiten zaio hori.

Nola bereizten duzu benetako kantu zintzo bat faltsua den batetik?

Hori sentitu egiten da. Niri gertatzen zait musikarekin berarekin soilik zerbait artifiziosoa dela antzematea, eta, beste zenbaitetan, hitzekin ere nabaritu daiteke. Hau da, musika instrumentalak berak ere, hitzik ez duenak izan dezake zerbait egiazkotik edo baita faltsutik ere.

Vic Chesnutt lagun handia zenuen. Zer nabarmenduko zenuke Chesnutt musikariarengandik?

Oso zaila da gauza bakar bat aukeratzea. Haren bizitza eta haren obra estimatzen ditut. Ez dakit zein ezaugarri behar den artista esanguratsu bat izateko, baina hura bazen. Opari modukoa izan zen hura gertutik ezagutzeko aukera.

Zergatik uste duzu estimatzen dela zuen musika horrenbeste Europan, Ameriketako Estatu Batuetako soinu hain identifikagarriak izanik?

Bai, bitxia da. Akaso AEBetatik kanpo gehiago preziatzen eta ulertzen da soinu amerikar moduan, AEBetan denak direlako amerikarrak [barreak]. Akaso da europarrentzat bereziagoa delako, edo akaso egin behar dugun galdera da zein den ezaugarri amerikar hori, baina guk ez diogu geure buruari galdera hori egiten [barreak].

Americana etiketa zabala sarri erabiltzen da zuen musika deskribatzeko. Etiketa egokia al da?

Ez, ez dut etiketa hori egoki ikusten, baina ez hori eta ez beste edozein ere. Gustatuko litzaidake zer den erantzutea, zeren eta ni beti sentitu izan naiz pixka bat nahastuta deskribapen horrekin. Nire ustez, karpeta moduko bat balitz bezala erabili izan da, deskribatzeko errazak ez diren gauzak sartzeko erabili izan dena. Leku aproposa zen deskribatzea zaila suertatzen zen gauzak sartzeko. Beraz, ugaritasun handia dago, berez beste kategorietan egokitzen ez zirenak batzeko baliatu izan delako. Ez nago ziur nola iritsi garen horra, eta neure buruari maiz galdetu izan diot hori.

Indie musikaren barnean ironia gehiegi dagoela salatu izan duzu. Zergatik diozu hori?

Musikan bada joera bat gauzen alde zinikoa nabarmentzeko, eta joera hori zintzotasunetik aldentzen dela esango nuke. Ironia, era berean, komunikatzeko tresna garrantzitsua da, baina gehiegizko erabilera traketsa egiten duenean indarra galtzen du, eta uste dut hori gertatu dela indie musikaren hainbat esparrutan. Bizitzaren inguruko gauzetan zintzoagoa izaten saiatzen naiz, baita musikari dagokionez ere.

Ironiarik gabe popular music-aren historia ez litzateke gauza bera izango. Ez duzu uste ironia garrantzitsua izan dela poparen historian?

Poparen historian eta historia guztietan; eta aitortzen dut oso zaila dela zerbait freskoa, berria eta interesgarria sortzea aldiro, eta horretan ironia beti izan dela lagungarri, baina ziniko bihurtzen denean ez zait hain interesgarria; ez nago ados zinikoekin.

Countrya eta soula al dira musika genero garrantzitsuenak zuretzat?

Bi genero handienetakoak dira, baina ez nituzke haiek bakarrik nabarmenduko. Countrya gustatzen zait batez ere istorioak kontatzeko, narratibitatea hiru minutu eskasean lantzeko duen gaitasunarengatik, eta soula, berriz, duen kadentziagatik, sentsualtasunagatik... Baina, estiloa edozein delarik ere, kantuak dauka garrantzia, kantu onak idaztea da garrantzizkoena. Niretzat, kantu on bat egin liteke edozein estilotan.

Zein dira gehien hunkitu zaituzten musikaria eta kantua zure bizitzan?

Ene!!! Ezingo nuke bakar bat hautatu; jaikitzen naizen bakoitzeko desberdin bat nabarmenduko nuke, eta, gainera, ardura handiegia litzateke norbait besteen gainetik jartzea. Baina azken disko honetan Frank Sinatraren espiritua berreskuratu nahi izan dugu.

Baina gaur egun ba al da bereziki txunditzen zaituen norbait?

Bai, asko dira. Nire lagun musikari guztiek txunditzen naute. Asko estimatzen dut egiten duten lana. Nire adiskideen musika entzuten dut batez ere. Musikara hurbiltzeko nire modua hori da, adiskidetasuna. Denboran aurrera egin ahala konturatzen zara hori dela musikak ematen dizun gauzarik benetakoenetakoa eta, azkenean, musikaren inguruko adiskideak egiten dituzula batez ere, konexio pertsonal bat sortzen baita musikaren bitartez. Batzuek izan dezakete konexio pertsonal handiagoa John Lennonekin adibidez, eta ulergarria zait, baina akaso nik behar dut uki litekeen norbait izatea mirets dezadan [barreak].

Zer-nolako kontzertua eskainiko duzue Bilbon, bihar?

Oholtzaren gainean zazpi musikari izango gara. Kontzertu lasaia izango da. Disko berrian ere tempo lasaiak gailendu dira, beste diskoetan baino gehiago, eta interesgarria izan da horrekin jolastea ere. Kontzienteki hartutako erabakia izan da. Edonola den, oso atsegina izatea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.