Musikarako zubi

Portugaleteko Banizu Nizuke elkarteak 'Muskaria' aldizkariaren zenbaki zahar denak eta ale berri bat plazaratuko ditu. Durangoko Azokan aurkeztuko dute bilduma osoa, kutxa batean jasota

gorka erostarbe leunda
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Lehen aleko azalari erreparatuz gero -1980ko urtarrilean kaleratua-, hau irakur daiteke, gaztelaniaz: «Muskaria-k aurkezten du: Itoiz, Bob Dylan, Imanol, Sid Vicious». Agerkariaren izaera eta espiritua jasotzen du lehen azal horrek dagoeneko: Euskal Herriko bakarlari ezagun bat, jada euskal musikagintzan lehen agerpena egina zuen talde interesgarri bat, munduko rock eta folk esparruan bere izena letra larrietan idatzia zuen kantugilea, eta punk oldarraldian nabarmentzen ari zen figura. Lehen ale hark 60 pezeta balio zuen.

Azkenengo alea 1987ko apirilean argitaratu zuten. Hari erreparatuz gero, O.K. Korral taldearen argazki handi bat ikusten da. Eta, besteak beste, Baldin Bada, Kortatu, Aventuras de Kirlian eta Direccion Obligatoria taldeen inguruko artikuluak bildu zituzten, 1986ko musika konturik onenak aipatzeaz bat. Berrehun pezetan saldu zuten azken alea.

Zazpi urte horietan plazaraturiko 30 zenbakiak berriro argitaratuko ditu Portugaleteko (Bizkaia) Banizu Nizuke kultur elkarteak. Ale guztiak kaxa batean bilduta izango dira eskuragai, eta ale berri bat ere osatu dute, bere garaian kolaboratzaile izan zirenen artikulu berriekin. Durangoko Azokan aurkeztuko dute, abenduaren 4an. 50 euroan salduko dute, eta dagoeneko eskaerak egin daitezke honako helbide elektroniko honetan: [email protected].

Portugaleteko musika taldeei buruzko liburua atera zuen iaz Banizu Nizukek. Liburu hura osatzeko, Muskaria zaharretara jo behar izan zuten, eta material hura berreskuratu beharra zegoela erabaki zuten, Olaia Cervera elkarteko kideak adierazi duenez. «Ale zaharrak bildu, haiek eskaneatu eta ordenagailu bidez txukundu ditugu, baina vintage ukitu bat utziz, zenbait zimur bere horretan utziz, adibidez», azaldu du.

Euskal Herriko lehen musika aldizkaria izan zen, eta izen ospetsuek bezala berriek ere izan zuten beren lekua. Musika joera guztiei erreparatzen zieten, betiere garaian garaikoak indar berezia izanik. Elebiduna bazen ere, gaztelaniak euskarak baino askoz orri gehiago hartzen zituen. Bihilabetekaria zen, eta hogeita hamar zenbaki kaleratu zituzten. Belaunaldi eta musika joeren arteko zubi izan zen.

Roge Blasco kazetaritza ikaslearen ekimenez sortu zen Muskaria. Aldizkari bat sortzea zuen betiko ametsa, eta, rock musika zuenez zaletasun, biak batzea otu zitzaion. Oskar Amezaga eta Pedro Mari Aizkorra Getxoko beste bi lagun izan zituen abentura kide hastapenetan. Kantugileen eta kantaldien aroa amaitzen ari zela sortu zen aldizkaria: «Horiek ere gustatzen zitzaizkidan, baina hasiak ginen beste gauza batzuk entzuten: Itoiz, Haizea, Txomin Artola... Belaunaldi berri horrek rockaren eragin handiagoa zuen. Guri ere rockak gehiago esaten zigun. Soziologikoki aldaketa gertatzen ari zen; trantsiziotik garai irekiagoetara gindoazen. Eta horregatik ere sortu genuen aldizkaria. Guri gustatzen zitzaizkigun taldeen kritikak eta artikuluak ez genituelako beste inon irakurtzen».

Folketik rockera

Aldizkaria gauzatzeko leku fisikorik ez zuten: «Ez genuen ia ezer. Gurea erabat egitasmo amateurra eta irabazi asmorik gabekoa zen. Inprimategian ateratzen genuen zenbaki bakoitza, eta hura ordaintzeko eginahal guztiak egiten genituen».

Gurean sortzen zen musikaren berri emateaz gain, jarrera kritikoa eta eztabaida piztu nahi zituen irakurleen artean. Euskal kantagintza eboluzionatuz joan zen heinean, aldizkariaren edukia ere aldatu egin zen. Hala, lehen zenbakietako orriak kantagintzako abeslariei eta folk-rock taldeei egindako elkarrizketekin nahiz tresna tradizionalei buruzko artikuluekin (alboka, txistua...) osatu zituzten, eta, 1984. urtetik aurrera, rock musikan espezializatutako aldizkaria izan zen, Rock Radikal Vascoren leherketarekin. Hain zuzen ere, mugimendu haren guztiaren ernamuina bertatik bertara bizi izan zuten Muskaria-ko kideek. Aldizkariak azpititulu modura Kalean Musika erabiltzen zuen, eta bazuen bere zergatia: «Kalean egon nahi genuen. Batetik bestera ibiltzen ginen musikariekin eta taldeekin egoteko, eta kalean gertatzen ari zena jasotzen genuen».

Puri-purian zebiltzan musikariak elkarrizketatu zituen Blascok. Lehen alean, Juan Carlos Perez elkarrizketatu zuen, eta «arrasto handia» utzi zion. Gero etorri ziren Josu Zabala eta Xabier Montoia (Hertzainak), Drogas (Barricada), Evaristo (La Polla Records), Fermin eta Iñigo Muguruza (Kortatu), Benito Lertxundi...

Aldizkariak gero eta zabalpen handiagoa zuela-eta sona erabatekoa hartzen ari zela erabaki zuten proiektua bertan behera uztea: «Garairik onenean uztea erabaki genuen, beste zerbait bihurtu aurretik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.