Musikari bakarra, banda osoa

Joseba Irazokik 'Oso banda' lau kantuko diskoan islatu ditu azken urteko kontzertuak

Joseba Irazoki, Berako bere estudioan ateratako argazkian. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
2012ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Behar batek sortua. Horrela defini liteke Oso banda, Joseba Irazoki musikari beratarraren irudimenetik jaiotako azken proiektua. Azken urteetan musikari guztiz emana, dela bakarka, dela beste talde batzuen parte izanik —Atom Rhumba—, joan den neguan lanik eta kontzerturik gabe ikusi zuen bere burua. Eta mugitzen hasi zen kontzertuak lortzeko. «Tabernetan, gaztetxeetan…. Ez kultur etxeetan, alegia…». Halako kontzertuak egina zen, gitarra akustiko batekin, baina tabernetako solasaldiekin borrokatu beharrean aurkitu zuen bere burua sarritan. «Eta beraz, egin behar nuen zerbait indartsuagoa».

Horrela, one man band gisa agertu da Irazoki oholtzetan azkeneko hilabeteotan. Gitarra, perkusio bonboa eta beste hainbat tresnarekin. Baina bakarrik. «Gehiegi entseatu gabe eta kantu batzuk formatu berri horretara egokituta, hasi nintzen kontzertuak egiten. Poliki-poliki, proiektua sendotuz joan da. Diskorik izan gabe ere, agian oihartzun handiena izan duen proiektua da. Nahiz eta behar batetik sortu zen».

Egitasmoa zuzenekotzat du Irazokik. Kontzertua ez ezik, performancea ere bai baita. «Ikustekoa da gehiago; ez hainbeste, diskoan entzutekoa». Hala ere, zuzeneko horren erakusgarri lau kantu grabatu ditu, folketik nahiz bluesetik modu esperimental, gordin eta oso pertsonalean edaten dutenak. «Ez nuen disko luze bat grabatu nahi. Uste dut egokiagoa zela formatu hau». Diskoa binilo formatuan baino ez du kaleratu, Ramon M. Zabalegik egindako diseinu ikusgarri batekin jantzia. «Ni ez naiz bereziki binilo zalea, ez dut formatua izugarri miresten, baina lau kantu besterik ez izanda, arraroa egiten zitzaidan CD formatuan kaleratzea».

Hainbat proiektu egindakoa

Kantagintzari edota pop eremuei lotutako diskoak kaleratu ditu orain arte bere izenean (Irri eta solas, Gizona zakur egin zen, Pobre gara, Euria ari du), baina ezaguna da beste alor batzuetan ere egin duela lan, Do proiektuarekin, On Benitorekin edota Atom Rhumbako kide gisa. Oso banda ez da, beraz, ezusteko batizango Irazokiren lana segitzen dutenentzat. «Agian, hemen, ezagunagoa da kantautore gisa egindakoa, eta lan honetan ez dago hori. Une batean pentsatu nuen beste izen batekin kaleratzea, baina, tira, ni nago atzean». On Benito taldearekin landu izan duen blues esperimentalerako hurbilketa gisa uler liteke, neurri batean, Oso banda. «Bateria egongo balitz, bai. Lehenengo kontzertuetan, gainera, jotzen nuen On Benitoren kantu pare bat».

Bidehuts plataformak kaleratu du diskoa. «Agian, horrela egokitu delako. Aurten, askotan izan naiz jotzen Bidehutseko taldeekin, eta proiektua egoki ikusten zuten. Moonpalacerekin atera nezakeen —Euria ari du kaleratu zuen zigilua—, baina hark gauza lasaiagoak egiten ditu, eta, tira, horrela atera da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.