Madril eta Getxo (Bizkaia) artean bizi da gaur egun Fernando Velazquez musikagile eta orkestra zuzendaria (Getxo, 1976). «Madrilgoentzat euskalduna naiz, eta euskaldunentzat, madrildarra. Asko gustatzen zait erdian egotea eta zubi bat bezala funtzionatzea». Bere ofizioan ere hala dihardu: musikaren alderdi batetik bestera. Izan ere, haren ustez, «gauzak egitea» da gakoa: «Berdin du ondo edo gaizki egin, baina egin». Konpositorea zinemarako soinu bandak sortzeagatik egin da ezaguna batez ere. El orfanato, Lo imposible eta Un monstruo viene a verme filmetako musiken egilea da, besteak beste. Hala ere, beste hainbat proiektu ere baditu esku artean. Tartean, Ura bere bidean egitasmoaren hirugarren aldia prestatzen ari da Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Koral Elkartearekin eta hainbat euskal artista ezagunekin. Urriaren 28an izango da kontzertu hori, Barakaldoko BECen (Bizkaia), baina aurretik «lan asko» egin behar dela azaldu du: abestien aukeraketa, moldaketak, partiturak, grabazioak, entseguak... Guggenheim museoaren aurrealdean egin du hitzordua kazetariarekin, eta, hasieran zalantzati agertu bada ere, aise moldatu da elkarrizketa euskaraz egiteko.
Orkestra zuzendaria, biolontxelo jotzailea, konpositorea... Musikaren hainbat eremutan aritu izan zara, eta bazabiltza gaur egun ere. Elkarren osagarri dira horiek guztiak zuretzat?
Zalantzarik gabe. Esfera bat ikuspuntu desberdinetatik begiratzea bezala da niretzat musika. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu ohiak zioen bezala, «gauzak egitea» da gakoa: hasi eta buka. Musikaren eremuen artean dagoen banaketa hori arraroa egiten zait. Alegia, ez zait gustatzen bereizketarik egitea, niretzat dena baita bat. Nik uste dut horregatik gustatzen zaidala horrenbeste alderdi horietan guztietan aritzea.
Txikitatik zara musikazalea. Zerk erakarri zintuen?
Egia esan, ez dakit nondik datorkidan interesa. Betidanik izan dut musikaren bitartez istorioak kontatzeko gogoa. Getxoko musika eskola ireki aurretik, gitarra eta organoa jotzen nituen elizan eta eskolan, nire kabuz. Geroago zabaldu zuten herriko musika eskola, eta hala sortu zitzaidan mundu horretan murgiltzeko aukera. Gaur egungo gazteek ez dakite ze zortea duten: aukera asko dituzte.
Getxoko, Bilboko eta Gasteizko kontserbatorioetan aritu ondoren, Parisera eta Madrilera joan zinen ikasketak osatzera. Atzerrira joatea beharrezkoa izan zen musikari gisa ibilbide profesionala hasteko?
Niretzat, bai. Hemen ez zegoen aukera askorik, eta, formakuntza aldetik ere, maila ez zen horren handia. Gaur egun, asko aldatu dira gauzak: profesional oso onak daude Euskal Herrian.
Zer eman dizu atzerrian ikasteak?
Kontrastea. Herrialde bakoitzak bere bitxikeriak ditu, eta aukera ederra da beste errealitate batzuk ezagutu eta geureari balioa emateko. Gaur egun, agian, ez da beharrezkoa atzerrira joatea musika ikasteko, baina oso gomendagarria da, onura asko baititu: esperientzia berriak bizitzeko aukera, munduari beste ikuspuntu batetik begiratzekoa, galderak egitekoa... Aberasgarria da, zentzu guztietan.
EITB1eko Gure Kasa saioan kontatu zenuenez, 14 urte zenituela Pablo Naveran biolontxelo jotzaileak zure kantu bat jo zuen. Nondik nora sortu zitzaizun konposatzeko behar hori?
Zerbait naturala da. Horren aurretik ere beste zenbait kantu konposatu nituen. Kontua egitea zen. Berdin zuen abestia ona edo txarra izan: sortzea zen garrantzitsuena nire ustez. Gaur egun ere, iritzi bera daukat.
Gerora, Koldo Serrari esker egin zenuen jauzia zinemara, 1999an. Inoiz izan zenuen buruan esparru horretan aritzea?
Bai, oso argi neukan. Gogoan dut organoa jotzen nuen garaian narrazio bat kontatzea bezala zela niretzat. Hau da, gertatzen ari zenari musika jarri eta denborarekin jolastea bezala. Gustatzen zait pentsatzea inork debekatu ez zidalako egin nuela zinemarako jauzia. Koldo Serrak eta biok lagun bat genuen amankomunean, eta hala sortu zen elkarrekin zerbait egiteko aukera. Film labur baterako musika egin nion, eta, ordutik, harremanetan jarraitu dugu.
Nondik abiatzen zara zinemarako edo telesailetarako soinu banda bat sortzean? Zein da egiten duzun lehen urratsa?
Irudiak ikustea gustatzen zait. Azkenean, muntaketa edo irudia ikustean hasten zara benetan ulertzen edo zuk eman dezakezun horretara hurbiltzen. Mugimenduak berak asko esaten dit.
Hala ere, imajinatzen dut filmaren generoak ere izango duela eraginik.
Bai, noski. Genero bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu. Dena dela, sortzen ari naizenean ez dut generoan pentsatzen, baizik eta ikus-entzunezkoan: zer esaten dit niri pelikulak? Horregatik dira nahiko hibridoak sortzen ditudan obra gehienak.
Obra konposatu eta buruan zenuen soinu horretatik bukaerako emaitzara arte aldaketa handia egoten da?
Sekulakoa. Min handia eragiten du prozesu horrek: oso frustragarria da. Buruan ideia bat izan arren, filmera egokitu behar duzu, eta aldaketak egin behar dituzu etengabe: ideiak ahaztu, moldatu... Porrot egin izanaren sentsazioa izaten dut sarritan, baina kontuan eduki behar da egiten den lana prozesu bat dela. Musikari hitz egiten utzi behar zaio, entzun egin behar zaio. Prozesuaren hasieran zenuen ideia galdu egin behar da, baina, trukean, asko irabazten duzu. Prozesuak berak esaten dizu nondik jo behar duzun. Hasierako ideia nahitaez inposatu nahi baduzu, aukera asko galtzen dituzu bidean. Ez dago teknika jakin bat.
Oro har, zer rol du musikak zineman eta telesailetan?
Proiektu bakoitza ezberdina izaten da. Ni neu, saiatzen naiz egiten ditudan obrek esanahi jakin bat izan dezaten. Hala ere, gustatzen zait zuzendariari galdetzea ea musika zertarako nahi duen, zer asmo dituen... Funtsezkoa da filmaren egitura osoa ulertzea narrazioa bera ulertzeko. Prozesu konplexua da, eta asko pentsatu behar da. Izan ere, musikaren bitartez espektatiba bat sortzen baldin baduzu, eta gerora betetzen ez bada, filma hondatzen duzu. Asmatu egin behar da. Kontua da normalean erlojupeko lasterketa bat izaten dela: azkar egin behar da dena, pentsatu gabe ia. Intuizio ona izan behar da, eta teknikak eta formulak barneratu. Horrez gainera, oreka ere mantendu behar da ikus-entzunezko osoan. Izan ere, musikak lortzen du filmak kontatzen duen istorioa osatzea.
Orkestrarako ere konposatu izan dituzu lanak. Non sentitzen zara erosoago, zinemarako soinu bandak sortzen ala orkestra baterako sortzen?
Zinemarako sortzen, ohituta nagoelako; baina orkestrarena ere gustatzen zait, pertsonalagoa delako. Erdibidean sentitzen naiz sarritan: filmen mundukoentzat klasikoegia naiz, eta orkestrakoentzat, kontrara. Zubi lana egitendut.
Oso desberdina da bi eremu horietan jarduteko modua?
Denborari dagokionez, bai, guztiz: zinemarako, azkar egin behar da dena. Baina badira desberdintasun gehiago ere. Esate baterako, filmetan testuingurua eginda dago; beste pertsona bat arduratu da narrazioa idazteaz. Orkestrarako zerbait sortzen dudanean, aldiz, nik neuk sortu behar izaten dut istorioa.
Urteotan, hainbat orkestrarekin aritu izan zara. Lan egiteko modua asko aldatzen da batetik bestera?
Bai, noski. Orkestra bakoitzak bere nortasuna du. Azken urteotan, gainera, asko ari dira hobetzen denak: goi mailakoak dira.
Grammy bat irabazi zenuen iaz El plan maestro kantuarengatik; baita Goya bat ere 2017an, Un monstruo viene a verme filmagatik. Eta beste hainbat alditan ere egon izan zara izendatuta. Halako sariek nola eragiten dute zure lanean?
Egia esan, ez dute eragin handirik. Sariak ondo daude, eta pozgarriak dira, baina zuzendariek ez naute horregatik deitzen, baizik eta filma ikusi dutelako eta egin dudana gustatu zaielako.
Euskal artisten hainbat kantaren bertsioak ere egin izan dituzu orkestra sinfonikoarekin. Zubiren bat eraikitzeko asmoz?
Egia esan, ez. Nire ustez, gauzak egitea da kontua, eta euskal musikarien egokitzapenak egitea oso gustuko dut.
Ken Zazpirekin egin zenuen lehenengo kolaborazioa.
Hori da. Aurten beteko dira hamar urte, gainera. Disko oso bat grabatu genuen elkarrekin, eta oso gustura aritu ginen: orkestrak eta taldeak bere sentitu zuten diskoa, publikoak ere bai, eta nik neuk ere bai. Elkarren oso desberdinak ginen, baina bazegoen elkartzen gintuen zerbait: denontzat esanahi bat izango zuen zerbait bilatzeko lanetan aritu ginen. Prozesu gogorra baina oso polita izan zen, eta haren ondotik etorri ziren gainerakoak: Zea Mays, Izaro, Doctor Deseo...
Horri lotuta, Ura bere bidean proiektua abiatu zenuen 2021. urtean. Nola sortu zen proiektu hori?
Ura bere bidean egitasmoa baino urtebete lehenago, Gora bihotzak kontzertua antolatu genuen. Pandemia garaia zenez, orkestra geldirik zegoen, eta hala ekin genion lanari. Egia esan, pribilegio bat da. Bakoitzaren desberdintasunetatik abiatuta, aniztasunez betetako topagune bat aurkitu dugu. Zubi asko eraiki ditugu: belaunaldien artekoak, artisten artekoak... Guztiok gara ongi etorriak: horixe da musikaren magia.
Espero zenuen lortutako arrakasta?
Inondik inora ere ez. Zorte handia izan dudala sentitzen dut.
Fernando Velazquez. Musikagilea eta orkestra zuzendaria
«Musikari hitz egiten utzi behar zaio; prozesuak berak esaten dizu nondik jo»
Ibilbide oparoa du musikan Velazquezek: gitarra eta organoa jotzen hasi zen, eta musikaren eremu gehienetan dabil orain. Filmetako soinu bandak sortzeagatik egin da ezagun batez ere. Gaur egun, buru-belarri dabil 'Ura bere bidean' egitasmoa prestatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu