Leonard Cohenen heriotza. Cohen poeta

Musikari maskara jantzi zuen poeta

Poemak eta eleberriak idazten hasi zuen ibilbidea Cohenek, eta espiritualtasuna eta sentsualtasuna izan ditu bere gai nagusietariko bi. Musikarantz lerratu ahala, liburu gutxiago argitaratu zituen.

Inigo Astiz
2016ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Txikia dirudi pinpilinpauxa bat aipatzearen eta pinpilinpauxa bat behar den bezala aipatzearen arteko aldeak, baina, hain justu, tarte txiki horretan zegoen poesia behar bezala irakurtzearen eta erabateko hondamendiaren arteko diferentzia. Horixe Leonard Cohenen iritzia. Edo zehatzago: Leonard Cohen idazlearena. «Hartu tximeleta hitza, esaterako. Hitz hori erabiltzeko ahotsak ez du zertan ontza bat baino arinagoa izan, eta ez du hautsez estalitako hego txikirik behar. Ez dago egun eguzkitsu edo nartziso zelai bat asmatu beharrik. Ez da ezinbestekoa maiteminduta egotea, edo ezta tximeletekin maiteminduta egotea ere. Tximeleta hitza ez da benetako tximeleta bat. Alde batetik, hitza dago, eta, beste alde batetik, tximeleta. Bi elementuak nahasten badituzu, jendeak eskubidea du zutaz barre egiteko. Ez eman behar baino garrantzi handiagoa hitzari. (...) Tximeleta hitza informazioa baino ez da. (...) Zer adierazpen behar dute garaiok? Garaiok ez dute inolako adierazpenik behar. Asiar ama nahigabetuak ikusi ditugu. (...) Katastrofea ezagutu duen jendearentzat ari zara. Oso isil bihurtu beharko zintuzke horrek. Esan hitzak, eman informazioa, gelditu bazterrean». Kantari baino lehen, poeta eta eleberrigile izan zen Cohen, baina 1978ko poemak irakurtzeari buruzko tratatu labur horrek argi uzten duenez, pisu handia izan du hitzen musikaltasunak baita haren idazle sasoietan ere.

Espiritualtasuna eta sentsualtasuna. Maiz agertzen dira bi elementu horiek Cohenen poema liburuetan, eta 2006an kaleratutako The Book of Longing liburuko detaile bat izan daiteke horren froga. Jay Michaelson kritikariak nabarmendu duenez, tradizio juduko «G-d» hitza darabil Cohenek jainkoaz aritzeko liburu horretako poemarik erlijiosoenetan, baina bihurritu egiten du jolasa gero sexuari erreferentzia egitean ere «sex» idatzi beharrean «s-x» hitza erabilita. Horra Cohenen sorkuntzaren jainko nagusiak, beraz. Bere hainbat prosazko poema sakonean errezoak direla ere esan izan zuen sortzaileak, eta behin baino gehiagotan aipatu zituen bere literatur erreferentziak ere: William Butler Yeats, Walt Whitman, Irving Layton, Federico Garcia Lorca eta Jack Kerouak.

1956an kaleratu zuen bere lehen poema liburua: Let Us Compare, baina 1961ean argitaratutako The Spice Box of the Earth da klabea, halere. Ongi hartu zuen lan hura kritikak, eta zabaldu egin zuen horrek Cohenen oihartzuna. Liburu hari esker jasotako diruarekin, unibertsitatean lortutako beka batekin eta familiak emandako diruari esker, Grezian etxe bat erosi zuen Hydra irlan, eta han eman zituen zazpi urte: «Idatzi eta igeri egin eta nabigatu». Hantxe sortu zituen Flowers for Hitler (1966), Parasite of Heaven (1966) poema liburuak, eta The Favorite Game (1963) eleberria.

Eskandalua ere eragin zuen hainbat irakurleren artean 1966an Beautiful Lovers eleberria kaleratzean. Kanadako literaturako lehen eleberri postmodernoa da lan hori, zenbait kritikariren arabera, baina haren sexu edukiak haserrea piztu zuen zenbait sektoretan. Hain justu, sasoi hartan hasi zen idazlea ere konturatzen literaturaz bakarrik bizitzea ez zela erraza izango, eta orduan hasi zen musikagintzan gehiago sakontzen.

Distira ateratzeko poemak

Behin baino gehiagotan moldatu zituen bere poemak kanta bilakatzeko. 1966an argitaratu zuen Suzanne Takes You Down poema du oinarri, esaterako, Suzanne abestiak, eta 1971n Avalanche abestia bihurtu zuen 1966an I Stepped into an Avalanche izenburuarekin argitaratutako poema. Beti egiten zizkien moldaketak hitzei halakoetan, baina beti zaindu du hitzen musikaltasuna liburuetako orrietan ere. Bada mugarri bat, ordea. 1970eko hamarkadatik aurrera kantagintzarantz lerratuz joan zen sortzailea, eta gero eta maizago kaleratu zituen diskoak geroztik, eta gero eta gutxiagotan poema liburuak. Book of Longing kaleratu zuenean, esaterako, hogei urte baino gehiago zeramatzan poema libururik atera gabe.

Ironia puntu batez azaldu zuen poesiaren zertarakoa 1966an CBC telebistari eskainitako elkarrizketa batean. Artean, transformazio betean zegoela: Cohen nagusiki idazlea Cohen batez ere musikari bihurtzear zela. «Jendeak zapatak distiratsu izan ditzan nahi baduzu, betun potoko argibideak oso ongi idatzi beharko dituzu, eta zure asmoa zure beste atal batzuei distira ateratzea bada, poesia idazten duzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.